Uribe Kostako ikasleak mikroplastikoak biltzeko eta horien arriskuaz kontzientziatzeko kanpaina ari dira egiten

Ander Zarraga 2024ko mai. 27a, 13:14

Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikasleek mikroplastikoak biltzen aritu dira eskualdeko hondartzetan. © UKZM

Berango Merana Eskolako, Lemoizko Eskolako, Plentziako Eskolako eta IES Uribe Kosta BHI eta IES Sopela BHIko 100 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute datozen asteetan Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak mikroplastikoak biltzeko abian jarritako kontzientziazio kanpainan.

Ekimen honen helburua da mikroplastikoek eremu naturaletan eta izaki bizidunetan duten eragina ezagutzea. Hori dela eta, mikroplastikoek ingurumenean eta gizakiengan duten eragina aztertuko dute, arazo horren inguruan sentsibilizatzeko xedeagaz.

Ildo horretan, Uribe Kostako Mankomunitateak hainbat jarduera antolatu ditu hurrengo asteetan. Alde batetik, Plentziako Eskolako, Lemoizko Eskolako eta Berangoko Merana Eskolako eta Lemoiz HLHIko Lehen Hezkuntzako 120 ikasle inguruk hiru garbiketa egingo dituzte eskualdeko hondartzetan, itsas biologoakaz batera, Kantauri itsasoko itsas biodibertsitateaz eta hondakinek berarengan sortzen dituzten inpaktuez hitz egiteko.

Horretarako, hondakinak biltzeko materiala erabiliko dute, mikroplastikoentzako material berezia barne, hala nola mikroplastikoak uretan biltzeko sareak eta horiek hondarretan biltzeko baheak.

Joan den maiatzak 21, Plentziako Eskolako ikasleek parte hartu zuten ekimen honetan; asteazkenean, maiatzak 22, Berangoko Merana Eskolako ikasleen txanda izan zen, eta ostegunean, maiatzak 23, Lemoizko Eskolarena. Guztira, ia 120 neska-mutilek parte hartu zuten Plentzia, Gorliz eta Armintzako hondartzetan egin zituzten garbiketetan. Horietan, mikroplastikoez gain, zigarrokinak izan ziren batu zituzten hondakin toxiko nagusiak.

Era berean, Plentziako Itsas Estazioko ikerketa-zentroko ikertzaileek hitzaldi bat emango diete laster IES Uribe Kosta BHIko eta IES Sopela BHIko bigarren hezkuntzako ikasleei, ozeanoen egoerari, Kantauri itsasoaren egoerari, itsas hondakinen eraginari (mikroplastikoak bereziki azpimarratuz) eta horiek aztertzeko moduari buruz.

Gainera, 70 ikasleek bisita gidatua egingo dute ikerketa-zentrora, eta bertan egiten diren ikerketa-proiektuetan lanean ari diren langile zientifikoak ikusi ahal izango dituzte.

Egitasmoagaz amaitzeko, tailer praktiko bat ere egingo dute laborategian mikroplastikoak aztertzeko, egunero erabiltzen diren produktuetan eta Uribe Kostako habitat naturalen osagaietan.

Kanpaina urte osoan zehar

Mankomunitateko iturriek gaineratu dutenez, "Mikroplastikoei UKo" leloa daraman kanpaina ez dute ikastetxeen esparrura mugatuko, urte osoan zehar bestelako ekintzak garatuko baitituzte. 

Besteak beste, nabarmendu dute erakusketa ibiltaria egingo dutela itsasoa, natura eta kontserbazioaren inguruan, itsasotik ateratako hondakin plastikoakaz egindako hainbat figuraz eta plastikoak planetan duen eraginari buruzko dokumentu grafikoakaz osatuta. Itsas hondakinek eragiten dituzten ondorioak erakusteko, eskualdeko zazpi udalerrietako bakoitzean bi astez egongo da ikusgai: Lemoizen, irailaren 9tik 22ra; Urdulizen, irailaren 23tik urriaren 6ra; Plentzian, urriaren 7tik 20ra; Sopelan, urriaren 21etik azaroaren 3ra; Gorlizen, azaroaren 4tik 17ra; Berangon, azaroaren 18tik abenduaren 1era eta Barrikan, abenduaren 1etik 15era.

Horrez gain, familia guztiarentzako ekintzak ere egingo dituzte, planeta zaintzearen garrantziari eta plastikoak gehiegi erabiltzearen arazoari buruzko balioak transmititzera bideratutako antzerki eta ipuin-kotalariakaz. Egingo duten antzezlanaren xedea plastikoen erabilera murrizteko moduak erakustea izango da, eta Urdulizko (urriaren 4an), Sopelako (urriaren 27an) eta Berangoko (abenduaren 1ean) kultur etxeetan egitea aurreikusten dute.

Ipuin saioek naturaren kontserbazioagaz, itsasoakaz, mikroplastikoakaz eta garapen jasangarriagaz lotutako istorioak landuko dituzte. Emanaldiak Lemoizen (irailaren 21ean), Plentzian (urriaren 12an), Gorlizen (azaroaren 16an) eta Barrikan (abenduaren 14an) egingo dituzte.

Ekintza horiek udalerriak arestian aipatutako erakusketa hartzen ari diren bitartean gauzatuko ditztute. Horrela, herri bakoitzak erakusketa eta familiei zuzendutako hainbat jarduera izango ditu aldi berean.

Gainera, helduentzako kanpainak ere egingo dituzte, planetako mikroplastikoen arazoaz kontzientziatzeko helburuagaz. Hala, tailer bat antolatuko dute, zati teoriko eta praktikoagaz. Lehenengo atalean mikroplastikoen problematika, inpaktua eta egoera hobetzeko gure esku dauden konponbideak aztertuko dituzte, eta alde praktikoan, hainbat material eta laginekin behatu eta esperimentatuko da. Tailerra urriaren 2an izango da, 18:00etatik 19:00etara, Urdulizen, erakusketa ibiltaria udalerri horretan egongo den egunetan. Arratsaldeko jardunaldira joan nahi duten eta adingabeak ardurapean dituzten pertsonei ludoteka zerbitzua eskainiko zaie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun