Aldundiak hondartzen informazioa emateko aplikazioa eta webgunea eguneratu ditu

Ander Zarraga 2024ko mai. 27a, 16:30

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak 2024 Bizkaiko hondartzen denboraldia aurkeztu du Arenan. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Zapatuan, ekainaren 1ean, hasi eta irailaren 30 era arte iraungo du 2024ko hondartza denboraldia. Udaldi honetan, Bizkaiko hareatzetara hurbiltzen direnen segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko 269 pertsona kontratatu dituzte. Gainera, informazioa ematen duten webgune eta aplikazioa ere eguneratu dituzte, erabiltzeko errazagoak izan daitezen.

Aste-akabuan hasiko den hondartza denboraldiak berritasunak Bizkaian; izan ere, hondartzei buruzko informazioa ematen duen BizkaiaUp webgunea eta aplikazioa eguneratu dute, erabiltzeko errazago izateko eta lagundutako bainurako guneen seinalatzea eta erregistratzea erraztu dituzte.

Gaur egin dute denboraldi aurkezpena, eta, besteak beste, azaldu dute hondartzen inguruko informazioa ematen duen webgunearen itxura eguneratu dutela informazioa aurkitzeko errazagoa izan dadin. Ildo horretan, hondartzen une bakoitzeko egoeragaz lotuta dauden abisuak ere eguneratu dituzte, denbora errealeko informazioa eskaintzeko. Gainera, lekuan lekuko datu meteorologikoei buruzko informazioa ere gehitu dute, Euskalmeten eskutik. Gainera, hondartzen okupazioari buruzko datu kualitatiboak eskura dituenez, kontsultatzen ari den hondartzak bisita kopuru handia erregistratzen badu, webguneak okupazio txikiagoko hondartza hurbilak ere proposatuko dizkie erabiltzaileei, alternatiba moduan.

Eguneratze horiekaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiak aldatu egin du lagundutako bainu zerbitzuaren erabiltzaileak erregistratzeko sistema. Hala, pertsona horiek, plataforma digital horien bidez erregistratzen direnean, ez dute erregistro gehigarririk egin beharko hondartzara heltzean; nahikoa izango dute sinaduragaz baliozkotzea lehen erregistroa. Era horretan, tarteko urrats bat kendu gura izan dute erreserba egiten denetik zerbitzua ematen den unera arteko prozesua errazago tramitatzeko hondartzan bertan.

Lagundutako bainuari dagokionez, gainera, hobekuntza bat egingo dutela iragarri dute, zerbitzu hori erabiltzaile posibleen artean ezagutarazteko: seinale berria jarriko dute zerbitzua emango den hondartzetako sarbide guztietan, bai eta kartel bat ere zerbitzuaren arreta-gune bakoitzean, zeinean zerbitzu horri buruzko informazio guztia jasoko dena (ordutegiak, erreserba-sistemak, baliabideak...).

Iaz bezala, lagundutako bainua denboraldiko lau hiletan egongo da erabilgarri Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri hondartzetan, 11:00etatik 19:00etara. Eta, online erregistroaz gain, erreserbak aurrez aurre ere egin ahal izango dira bainu-gunean bertan.

Sorospeneko zerbitzua

Denboraldi honetan, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzua emango duen lantaldea osatuko dute 154 ur-soroslek eta koordinazio-lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak. Egunero, zerbitzuan jardungo dute zonako zazpi koordinatzailek, koordinatzaile orokor batek eta 88 soroslek, era honetan banatuta: zazpi Arenan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatzen, bost Barinatxen, zazpi Arriatera-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, bi Toñan, lau San Antonion, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion eta bi Arrigorrin.

Zerbitzu horretako langileek erabilgarri izango dituzte 13 enbarkazio, zortzi ur-motor, 13 buggy (zortzi elektriko), hiru quad, PGLko (petrolio-gas likidotuko) lau lur orotako, 11 turismo ( elektriko bat, hibrido hibrido eta gaseko bi), bai eta desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pultsu-oximetroak, ohatilak eta premia duten pertsonei hondartzetan laguntza emateko behar diren elementu guztiak. Hondartzetan erabiliko den ekipamendua hondartza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da. Sorosleakaz batera, 14 hondartzainek zainduko dute hondartzetako segurtasuna (egunaldi bakoitzeko 8).

Garbiketa eta ekipamendua

Hondartzak garbitu eta mantentzeko zerbitzuak 101 pertsona enplegatuko ditu aurtengo denboraldia osoan, ordutegi desberdinetan. Pertsona horiek erabiliko duten ekipamendu mekanikoa honako hauek osatzen dute: hondartza garbitzeko 11 makina handi, hiru kamioi, furgoneta bi, 12 traktore, hiru erratz-makina, kutxa irekiko kamioi bat (mantentze-lanetarako materiala garraiatzeko), lur orotako bederatzi pick-up (haietako batek plataforma jasotzaileduna) eta eskuzko bost bahe.

Hondakinak biltzeko paperontziak eta bidoiak, aurreko denboraldian bezala, hondartzetarako sarbideetan jarriko dituzte, hareatzatik kanpo, paperontzi adimendunak barne (2022an hasi ziren erabiltzen). Hondartzetan, guztira, 481 paperontzi eta hondakinak biltzeko 144 bidoi egongo dira, baina baliteke kopuru hori aldatzea, udan zehar detektatzen diren beharrizanen arabera.

Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten honako hauek jarri dituzte: 85 dutxa (333 ihinztagailu), 76 iturri edo oin-garbigailu, desgaitasuna duten pertsonentzako zazpi iturri eta jarleku bi, 367 plataforma parrillatu eta 2.049 metro zurezko pasabide.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun