Gorlizko eta Plentziako alkateek osasun-zerbitzua indartzeko eskatu diote Osakidetzari

Ander Zarraga 2024ko mai. 28a, 11:48

Plentziako osasun-zentroa, artxiboko irudian.

Aurreko urteko uda sasoian, osasun-zerbitzua ematen duten langile-kopuruagaz egon ziren arazoak direla eta, udalerri bietako alkateek gutun bat bidali diote Osakidetzari, galdetzen ea udan herritarrentzako beharrei erantzuteko langile gehiago kontratatuko ote dituzten eta zein izango den zerbitzuaren antolakuntza. 

Aitor Garagarza eta Ekaitz Pau, Plentzia eta Gorlizko alkateek, hurrenez hurren, gutun bat bidali diote Jesus Manuel Suarez Uribe ESIko zuzendari kudeatzaileari, adieraziz udan eskainiko diren zerbitzuen antolaketa ezagutu gura dutela, eta galdetuz ea "herrietako beharrei erantzuteko langileak kontratatuko diren ala ez". 

Kontuan izanik uda-sasoian udalerri bietako biztanleria asko handitzen dela, eta 2023an gertatutako arazoak ez errepikatzeko, alkate biek neurriak eskatu dizkiote Osakidetzari; izan ere, salatu dutenez, iazko udan ez zen langile-kopurua handitu, eta, gainera, ez ziren osasun-zerbitzuko profesionalen oporrak bete, horrenbestez, lehen mailako arretako langileek kuota handiagoak hartu behar izan zituzten beren gain, beharrizanen areagotzea ematen den garai batean, hala nola Plentziako eta Gorlizeko pediatria-zerbitzuaren konbinazioa edo helduen arretarako mediku bakar baten laguntza fakultatiboa.

Gutunean azpimarratu dutenez, alkate biek "konpromiso argia" erakutsi dute osasun publikoaren alde, eta "zerbitzua emateko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ematearen aldeko apustua egiten dugu, arreta pertsonalizatuarekin eta haren premien araberakoa, eta, jakina, beharrezkoa den unean, eta denboran zehar itxaron-zerrenden edo urruneko hitzorduen mende ez dagoenean".

  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun