Euskara plan berria eta hizkuntza irizpideak onartu ditu Uribe Kostako Mankomunitateak

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 29a, 17:01

Euskararen erabilera gero eta gehiago erraztuko du, bai barneko jardueretan, baita kanpoan zabaltzen direnetan ere.

Euskara Plan berria 2027ko abenduaren 31ra bitarte egongo da indarrean eta honen helburu nagusia da Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak euskararen erabilera normalizatzeko kudeaketa sistema egonkortua izatea. Halaber, maiatzeko Osoko Bilkuran Mankomunitatean hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartu zituzten, Mankomunitatea euskararen normalizazioan eredu izan daiten eta jarraibideak eskaini ditzan, besteak beste.

Bost urteko indarraldia duen plan honetan, epe luzerako helburuak ageri dira. Hala, urtez urte landuko diren Kudeaketa Planek ezarriko dituzte urtez urtekako ekintzak, epe luzerako helburu horiek betetzera bideratuak izango direnak.

Uribe Kostako Euskara zerbitzutik adierazi dute euskararen kudeaketa transbertsal eta
integrala sortzea duela erronka nagusi bezala, "jarraipen sistema egituratuagaz eta epe luzera
sendotuko dena”. Hala, Mankomunitateak euskararen erabilera egunerokotasuneko esparru guztietara zabaldu gura du, bai herri mailan, bai Mankomunitatearen barne funtzionamenduan. Hala, maiatzeko Osoko Bilkuran onartutako beste gai garrantzitsuetako bat, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatean hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak izan ziren. Hiru helburu nagusi daude:

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta hizkuntza berdintasuna lortzea herritar horiek Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateagaz eta honen menpeko arlo zein erakundeakaz harremanetan jartzen direnean, horretarako behar diren ekintzak bultzatuz eta xede hori eragozten duten oztopoak gaindituz.
  • Euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatean eta honen menpeko arlo zein erakundeetan, euskara ere zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izan dadin.
  • Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea euskararen normalizazioan eredu izatea eta jarraibideak eskaintzea.
  • Helburu hauek lortzeko, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak euskararen erabilera
    gero eta gehiago erraztuko du, bai barneko jardueretan, baita kanpoan zabaltzen
    direnetan ere.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen betebeharra da eskubide hauen erabilera bermatzea, langile publikoek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuaren bidez gauzatzen dena. Horretarako, Mankomunitateko eta honek eskaintzen dituen zerbitzuetako herritarrekiko komunikazioetan, herritarrek kasu bakoitzean aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiliko da. Barneko erakunde-komunikazioetan, edo beste administrazio batzuakaz dauden komunikazioetan, hizkuntzen erabilera hizkuntza- irizpide hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da, ahoz zein idatziz.

Era berean, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak kalitatezko komunikazioa sustatuko du, estilo zuzen, egoki eta ulergarrian, herritarrek Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen mezuak ahalegin handirik gabe ulertzeko eskubidea dutela jakinda. Eta amaitzeko, Mankomunitateak hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko du irudi eta hizkera mota guztietan, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituen dokumentu eta euskarrietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun