Sakonean

Harilkadaz harilkada, Uribe Kostako ehuleak saretuz doaz

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 12a, 11:43

Askoren bizitzak zeharkatzen dituen jarduera izaten jarraitzen du ehungintza. © IÑAKI DIEZ, UK FOTO

Tradizio luzeko jarduera da ehungintza, belaunaldiz belaunaldi nagusiki emakumeek gauzatutakoa. Batzuen aburuz, artea ere bada. Iraganeko ekintza dirudien arren, hori berpizteko erronka dute Uribe Kostako ehule askok. Horren adibide da ekainaren 2an Sopelan egindako Ehungintzaren Eguna. 

Ehungintzan pentsatzean, askori burura etorriko zaie antzina etxeko ateen aurrean biltzen ziren amamen iruditegi nostalgikoa. Alabaina, askoren bizitzak zeharkatzen dituen jarduera izaten jarraitzen du gaur egun ere. Izan ere, Espe Etxeandia sopeloztarrak, Paqui Edejon itzubaltzetarrak eta Maribe Legarreta barrikoztarrak badute lotzen dituen hari sendo bat: ehungintzaren pasioa eskualdera zabaltzeko guraria. Uribe Kostan dauden hiru ehungintza talderen parte dira, eta bakoitza herri batekoa izan arren, guztiek dute argi jostea "amamen kontua baino askoz gehiago" dela.

Sopelako ehuleak

Pandemian jaio zen Sopelako taldea. Bertako kideek pentsatu zuten bakarrik josten egon beharrean, hobe zela taldeka euren ezagutzak partekatzea. Hala, eguenero gelditzen hasi ziren, udalerriko Kurtzio kultur etxean. 20 emakume dira, 20-70 urte-tartekoak. Horien artean daude Espe Etxeandia, Zuriñe Castañeda, Miren Garai eta Monica Tejeda.

Denak emakumeak izan arren, oso arrazoi ezberdinengatik hasi ziren taldean. Espe Etxeandia (70 urte) Lankidetzarako Garapenean ibili da luzaroan militante eta langile gisa, eta ehungintza eraldaketarako gizarte-tresna dela uste du. Hiru urte eman zituen Nikaraguan gerraostean, eta oraindino harremana du Guatemalako emakumeakaz ere. "Ehuntzea euren kulturaren zati nagusietako bat da, orduan, nire asmoa zen horko talderen bategaz senidetzea, baina xede hori pixkanaka garatzen joan behar gara. Polita eta aberasgarria izango litzateke beste herriekiko enpatia eta elkartasuna sortzea", aitortu du.

"Amak ehungintza denda izan arren, nik eskolan ikasi nuen ehuntzen. Mutilek marketaria egiten zuten eta neskok etxeko-lanak"

Zuriñe Castañedak (46 urte) gogoan ditu bere haurtzaroko irudietan bere ama eta amama, biak batera ehuntzen. Berari amak erakutsi zion, baina gero luzaroan alde batera utzi zuen, bera ere ama izan zen arte. Egun, seme-alaba bi ditu eta lan egiteari utzi zion horiek jaiotzerakoan. "Haur txikiakaz ama zarenean pertsona gisa duzun nortasuna pixka bat galtzen duzu. Orain, berriz, nire burua topatzen ari naizela sentitzen dut: euskara klaseetara noa, ehuntzen eta kakorratza egiten ikasten ari naiz…". Hala, taldeak "babesa eta poza" ematen dio.

Sopelako taberna bateko jabea da Monica Tejeda (60 urte). Bere amak ehungintzako denda bat zuen, horregatik, txikitatik beti ikusi izan ditu etxean oihalak eta josteko makinak. Aitortu du egun taldean ehuntzen igarotzen dituen momentuak direla lanaz ahazteko dituen une bakarrak, ostalaritzan lan egitea "oso gogorra" baita. Eguenak dira berarentzako "erabat deskonektatzeko" unea, hainbeste behar duen lasaitasuna sentitzen duelako bere kideakaz berba egiterakoan.

"Nire 10 urteko semeak josketa klaseak ditu eskolan, eta oso pozik dago. Berak ez du jarduera hori nesken gauza gisa ulertzen"

Gaixotasun batzuen ondorioz lan egiteari utzi zion Miren Garaik (55 urte) duela 14 urte, eta orduan hasi zen ehuntzen. Bere lagun guztiak lanean jarraitzen zutenez, bakarrik gelditzen ari zela sentitu zuen. Horregatik, patchwork-era apuntatu zen, eta joan den urtetik Sopelako ehuntzaileen taldean ere badago. Pozarren azaldu du oso talde "anitza" dela, eta berarentzako beste edadeko lagunakaz harremantzeko aukera dela. 

20 emakume inguruk osatzen dute Sopelako ehuleen taldea.

Itzubaltzeta/Romoko ehuleak

Paqui Edejon (70 urte) duela 4 urte sartu zen Itzubaltzeta/Romoko ehungintza taldera, jubilatu zenean. 16 urtegaz ikasi zuen ehuntzen eta josten, eta haurrentzako denda batean lanean ere egon zen. "Hor bai izan behar nuela fintasuna", oroitzen du. Gaur egun, 12 emakumek osatzen dute taldea, eta zaharrenak 93 urte ditu. Romo Kultur Etxean batzen dira astero, eta ondo pasatzeaz gain, xede solidario bati jarraitzen diote: haurrentzako arropak egin, horiek saldu eta dirua Aspanovas elkarteari ematen diote, minbizia duten Bizkaiko haur eta nerabeen elkarteari. "5.800 euro inguru eman ahal izan dizkiegu", baieztatu du Edejonek.

Itzubaltzeta/Romoko ehuleek Aspanovas elkartea laguntzen dute. 

Taldeak egun ederrak zein goibelak ematen dizkiola aitortu du, "taldeko norbait sufritzen ari dela ikusten duzunean, eragiten dizulako". Era berean, taldeari esker bere pentsamendua ireki eta bere mundutik atera dela uste du, "bestela bakoitza bere etxean egongo litzateke, giltzapeturik". Oro har, auzoko jendea ezagutzeko eta lagunak egiteko bidea izan da berarentzako.

Momentu honetan, eta ekainaren 14ra arte, taldean egindako haurrentzako arropen erakusketa eta salmenta abian dago, Urgull Zentroan. Erakusketa haurrentzako jantziez osatuta dago, hala nola txaketatxoak, prakak, soinekoak, txanoak, mendigoizaleak, bufandak, etab. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era izango da. Betiere irabaziak Aspanovas elkartearentzako izango dira.

Barrikako ehuleak

Maribe Legarreta Barrikako Emakumeen Hitza Elkarteko zuzendaria da. Elkarte horri esker sortu ziren Barrikako ehungintza eta josketa klaseak, duela 10 urte, "emakumeak elkar ezagutzeko eta hurbiltzeko" xedeagaz. Emakumeen ahalduntzea jorratzen dute, eta nabarmendu du ehuntzeak euren osasuna ere hobetzen duela: "Erlaxagarria da eta, aldi berean, gure garuna sasoian mantentzen du". Klase horien irakaslea da Maria Gonzalez (57 urte), eta, egun, ehuntzea, bere lana izateaz gain, bere hobbya izaten jarraitzen duela baieztatzen du.

Era berean, taldeko guztiak oso lagunak direla dio, eta norbait berria heltzen denean, guztiak ahalegintzen dira pertsona hori gustura sentiarazten. "Niretzako erreza da klaseak ematea, guztiak euren artean laguntzen direlako. Sozializatu eta barre asko egiten dute", azaldu du.

Duela 10 urte sortu zen Barrikako ehuleen taldea.

Emakumeez haratago

Garaiak aldatu arren, ehuntzea emakumeei egozten jarraitzen zaien jarduera dela dirudi. Amek alabei utzitako oinordekotza. Tejeda sopeloztarrak dionez, amak ehungintza denda izan arren, berak eskolan ikasi zuen josten eta ehuntzen, mutilengandik bereizita: "Mutilek marketeria egiten zuten eta neskok etxeko-lanak". Hala, Etxeandiak nabarmendu du Sopelako taldearen helburuetako bat dela ikusaraztea ehuntzea arte bat gehiago dela: "Tradizioz emakume kuxkuxeroen gauzatzat ikusi dena kultura eta arte bilakatu gura dugu. Iraganeko iruditegi hori desitxuratu gura dugu".

"Tradizioz emakume kuxkuxeroen gauzatzat ikusi dena kultura eta arte bilakatu gura dugu. Iraganeko iruditegi hori desitxuratu gura dugu"

Halere, Castañeda sopeloztarrak dionez, gauzak apurka-apurka aldatzen ari dira: bere 10 urteko semeak josketa klaseak ditu eskolan, eta oso pozik dago horiekaz. "Berak ez du jarduera hori nesken gauza gisa ulertzen, nagusiak dira horrelako ideiak mantentzen dituztenak", adierazi du.

Halaber, Legarretak baieztatu du Barrikako klaseetan gizonezkoak ere izan dituztela inoiz, nahiz eta egun guztiak emakumeak diren. Horregatik, ekainaren 2an Ehuntzaileen Eguna antolatu zuten Sopelan, eskualdeko lagun berriak ehungintza mundura batzeko helburuagaz. 

Saretzeko topagunea

Sopelako ehuntzaileen taldeak izan zuen ardura Ehuntzaileen Eguna antolatzeko. Ekimen horren bidez, ehungintza ikusarazi eta indartu gura izan zuten, "ehuleak etxeetatik ateratzeko eta gune publikoak okupatzeko". Hala, 10:30etik 14:30era ehuntzen egon ziren, Sopelako Bentatxu kaleko arkupeetan. Bertan, eskualdeko hainbat ehule batu ziren, euren arteko sarearen hasiera ehuntzen hasteko gogoakaz. Gainera, topaketak helburu bikoitza zuen: alde batetik, ehuntzaileak batzea eta, bestetik, Sopelako egoitzako emakumeak laguntzea. Izan ere, ehuntze-goiz horretan parte hartu zuen lagun bakoitzak karratu bana egin zuen, gero horiek elkartuz mantak egiteko eta egoitzako emakumeei emateko.

Ehungintzaren Egunean hainbat lagun hurbildu ziren. © IÑAKI DIEZ, UK FOTO

Hala, hariz hari, edade ezberdineko lagunak saretuz doaz, antzinako jarduera berezi honi zentzu berri bat emateko asmoagaz. 

Remy Basterra, 1988an

Amaia Agundez Perez Barrikako ehuleen taldeko kidea da, eta irudian ageri den emakumea bere amama zen, Remy Basterra. Agundezengatik jakin dugu Basterrak unibertsitatera joateko ametsa zuela, baina bera baino nagusiagoak ziren nebak zituenez, emakume gisa ezin izan zuen bere guraria bete. Garai horretan, soilik gizonezkoak joan ohi ziren unibertsitatera. Irakurzale amorratua zen eta frantsesa ikasi gura zuen, baina bere amak josketa tailer batera apuntatu zuen. "Ez zuen jostea batere gustuko. Ordea, ehuntzea maite zuen eta oso trebea zen horretan", gogoratzen du Agundezek. Bere amamak bederatzi seme-alaba izan zituen, eta denentzako "jertse lodiak" egiten zituen. "Aurreko egunean berak egindako mendiko jertse bat topatu genuen, eta oraindino ere, egoera ezin hobean dago. Nire amamaren oso oroitzapen polita da", nabarmendu du, pozik. Hala ere, bere alaba txikienari soilik irakatsi zion ehuntzen Basterrak, bere seme-alabek bestelako ikasketa batzuk egin zezatela gura zuelako. "Guztiak unibertsitatera joatea gura zuen, emakumeak batez ere", baieztatu du bilobak. Hala, bere alaba txikienari ehuntzen erakusten zionean, gauzak astiro egin behar zirela errepikatzen zion, horiek ondo egiteko. Askotan esan ohi zuen esaldia gogoratu du Agundazek: "Egitearen eta desegitearen artean, egiteko asko dago". 

Remy Baserra. © AMAIA AGUNDEZ PEREZ

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun