"Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" den abortu zerbitzu baten alde elkarretaratzea antolatu du Itaiak, ekainaren 19an

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 17a, 11:47

Elkarretaratzea eguazten honetan izango da, arrastiko 18:00etan, Gurutzetan.

Abortu eskubidearen urraketen aurka borrokatu lemapean, Uribe Kostako Itaiak Osakidetzako abortu zerbitzuaren egoera salatu gura du. Horretarako, elkarretaratzea deitu du ekainaren 19rako, eguazten honetarako, arrastiko 18:00etan, Gurutzetan.

Uribe Kostako Itaiak salatu duenez, 2022an EAEn egin ziren abortuen % 95a klinika pribatuetan egin ziren: "Osakidetzak haurdunaldi eteteak egiteko hitzarmena du zenbait klinika pribaturekin. Modu horretan, osasun sistema pribatuaren atzean dauden enpresari eta politikariek haien poltsikoak betetzen dituzte".
Horregatik, zerbitzu horretara jo behar izan duten hainbat emakumeren kexak nabarmendu dituzte. Besteak beste, deitoratu dute emakumeei ez zaiela erabaki bat hartzeko informazio nahikorik ematen edo emandakoa "faltsua" izaten dela; kliniketan emakumeen "konfidentzialtasuna" bermatzen ez dela salatu dute eta Osakidetzak interbentzioen jarraipena egiten ez duela ere kritikatu dute, egiten dutenean, "mediku aldaketa" gertatzen dela seinalatuz.
 
 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun