Metroak sortzen dituen zaraten eta bibrazioen inguruko ekarpenak jaso gura dituzte

Ander Zarraga 2024ko eka. 18a, 11:50

Azterketa horren bidez, CTBk jakin gura du metroak zer eragozpen eragiten dituen azaleratik igarotzen den eremuetan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak prozesu parte-hartzaile bat abiatu du Bilboko metropoli-trenbideak eragiten dituen zaraten eta bibrazioen aurkako ekintza-plana garatzeko. Besteak beste, Berango, Erandio, Getxo, Leioa eta Sopelako inguruetan garraio publikoak herritarrei eragiten dizkien eragozpenak ezagutu gura dituzte.

Prozesu parte-hartzailea ekainaren 24ra arte egongo da zabalik, lotura honen bitartez edo www.zarametro-ctb.eus webgunean. Horretan azaltzen dutenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) Bilboko metroaren zarataren eta bibrazioaren aurkako ekintza-plan bat garatu gura du hurrengo bost urteetan.

Zeregin horretarako, jarduera-eremua kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten eremuak izango dira lehentasuna, batez ere, trenaren trazadura lurraren azpitik ez doan eremuetan.

Zentzu horretan, iragarri dute arazoa larriagoa den guneetan daborduko zarata- eta bibrazio-arazoak konpontzeko proiektuak dituztela aurreikusita, eta gainontzekoetan neurketak egingo dituztela 2024-2029 urteen artean, egiaztatu eta ondorengo konponbideak baloratzeko.

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun