11. Txuma memoriala

Txirrindularitzaren promesa gazteak eskualdeko errepideetan barrena ibiliko dira datozen egunetan

Ander Zarraga 2024ko eka. 26a, 12:36

Txuma Memoriala lasterketa egingo dute aste-akabuan, ekainaren 28, 29 eta 30ean, Berango, Erandio eta Leioako errepideetan zehar. Egun horietan banatuko dituzten 10 sarietako bat lortzeko lehian arituko dira 42 talde eta 200 txirrindulari inguru.

Brangoko Elkar Kirol Elkarteak antolatzen duen froga Estatuko kadete egutegiko probarik onenen artean dago, eta etorkizunean zeresana emango duten txirrindulariak ikusteko aukera eskaintzen du. Guztira, lasterkariek 176,3 kilometro eta 2.459 metroko desnibel positiboa izango dituzte aurretik, hiru etapetan banatuta.

Lehen proba barikuan egingo dute, 18:00etan, Astrabuduatik abiatu eta bertan bukatuko den 65,4 kilometroko ibilbideagaz. Bidetik, Akarlandara igoko dira, eta horrek garaipenerako hautagaien pistak eman ditzake.

Zapatuan, ekainaren 29an, 12:00etan, lasterketa Leioan hasi eta amaituko da 62 kilometroko ibilbideagaz. Hori, aurrekoa baino gogorragoa izango da, ondo bereizitako bi zatitan banatuta: lehen zatian, Unbe gaineko bi igoerakaz, ibilbide gogorra izango duena, ihesaldi saiakeretarako aproposa, eta, bigarren zatian, aldiz, etengabe igotzen eta jaisten joango den hiri-ibilbide bihurria izango dute txirrindulariek. Hasierako ihesaldi saiakerek fruiturik ematen ez badute, garaipena azken hiru itzulietako aldapetan erabakiko dute.

Azkenik, domekan, Berangoren txanda izango da 52 kilometroko ibilbide bategaz. 11:00etan hasiko den lasterketak metro laurik izango ez duen ibilbidetik egingo da, eta Pozozable 2. mailako bi igoerak nabarmentzen dira horretan. Lasterkariek tarte batzuetan aurkituko dituzten % 17rainoko aldapek etapako irabazlearen aukeraketa egingo dute, eta agian baita Txumako sailkapen nagusiarena ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun