Gaur abiatu da Lanbide Heziketa Euskaraz ekimeneko txirrindularien martxa

Ander Zarraga 2024ko eka. 26a, 17:05

Euskararen aldeko bizikletadan, besteak beste Erandioko Tartangak eta Leioako Ostalaritza Eskolak parte hartuko dute.

Euskal Herriko Lanbide Heziketa euskalduntzeko aldarria zabaltzeko Txirrindulanbidea ekimenaren bigarren bizikleta-martxa egingo dute ekainaren 26tik 28ra. Hiru eguneko ibilbidearen helburuetako bat da Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako eragileak saretzea eta ekimenaren proposamenen berri ematea.

Lanbide Heziketako hizkuntza normalizaziorako batzordeak eta euskararen egoeraz arduratuta gauden irakasleek antolatutako ekimen honen helburua bikoitza da: batetik, Lanbide Heziketan euskarak duen presentziaren inguruan hausnarketa piztea, eta, bestetik, Lanbide Heziketa euskaraz izan dadin aurrera egiteko bidean proposamenak elkarregaz adostu gura dituzte.

"Urteak Aurrera doaz eta Lanbide Heziketan aldaketak gauzatzeko apustu sendoak behar direla sinistuta gaude; izan ere, euskarak duen presentzia, erabilera eta errealitatea saldu izan digutenaren oso bestelakoa da. Beti ere, lurralde eta herrien desberdintasunak kontutan harturik", azaldu dute ekimenaren deialdian.

Hala, gaur, ekainak 26an, Bizkaiko beste zentro batzuekaz batera, Erandioko Tartanga LHIItik eta Leioako Ostalaritza Eskolatik abiatu dira bizikletaz Arabara bidean, Gasteizko Mendizabalan ekimenak izango duten lehen hitzordura ailegatzeko. Bigarren jardunaldian, Nafarroara joango dira eta Iruñeko Donapea Lanbide Heziketa institutura joango dira, Gasteizen bezala, ekimenaren asmoak partekatzeko. Azken egunean, ekainaren 28an, Iruñetik Tolosaldea LH institutura joango dira, "bertako errealitatea jaso, partekatu eta saretzeko asmoz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun