Aldundiak jostailuak biltzeko proba pilotu bat egingo du Plentzia, Gorliz eta Arriatera-Atxabiribil hondartzetan

Erredakzioa 2024ko eka. 27a, 12:06

Udaldi honetan, erabiltzaileek hondartzetan ahaztutako edo galdutako jostailuak eta jostailu-hondakinak jasoko dituzte, ondoren edukiontzi berezi batean biltegiratzeko. Aldizka, jasotako jostailu horien ezaugarriak aztertu eta zerrendatuko dituzte, proiektu honen interesa zehazteko eta etorkizunean beste hareatza batzuetara zabalduko ote den zehazteko.

Bizkaiko Foru Aldundia Plentziako, Gorlizko eta Sopelako Arriatera-Atxabiribil hondartzetan jostailuak eta jostailu-hondakinak biltzeko proba pilotu bat abiatu du, etorkizunean lurraldeko hareatza guztietan zerbitzu hori ezarriko ote duten zehazteko.

Proba egiteko, hondartza horiek aukeratzeko orduan, erabiltzaile-tipologia bi ezberdin erabili dituzte oinarri gisa eta, horri esker, zehatzago ebaluatu ahal izango dute horrelako zerbitzu bat izateko premia eta egokitasuna dagoen. Zehaztu dutenez, Plentziako eta Gorlizko hareatzak dira umeak dituzten familia gehiagok erabiltzen dituztenak, eta Arriatera-Atxabiribilek, berriz, publiko gazte gehiago erakartzen du, eta haur gutxiago.

Proba pilotu horretan, erabiltzaileek ahaztutako edo hondarretan galdutako jostailuak jasoko dituzte, bai eta baheketa-makinek bildutako jostailu horien hondakinak ere. Ondoren, edukiontzi berezi batean biltegiratuko dituzte aldian-aldian, bilketa horien konposizioaren karakterizazioa egingo dute, eta bilketa bakoitzaren inguruko txosten bat egingo dute. Txosten horiek balio izango dute proiektuaren interesa zehazteko eta proiektua etorkizunean beste hareatza batzuetara zabalduko duten zehazteko, txosten horietan bildutako datu errealak oinarritzat hartuta.

Ekimen hori aurtengo hondartza-denboraldi osoan zehar garatuko dute, eta horrela bete egingo dute Bizkaiko Batzar Nagusiek joan den apirilaren 16an emandako agindua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun