Eusko Ikaskuntzak eta TOKIKOMek lankidetza hitzarmena sinatu dute “egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratzeko”

TOKIKOM 2024ko uzt. 12a, 11:10

Eusko Ikaskuntza erakundearen lehendakariak, Ana Urkizak, eta TOKIKOMen zuzendari nagusiak, Alaitz Artolazabalek, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Bilbon, haien arteko harremanak sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko asmoz. Hitzarmenaren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta TOKIKOMek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko.

Horretarako, bi erakundeek ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jasotzeko lanen jarraipena egiteko batzorde bat ere eratuko dute erakundeok, elkarrekin egin beharreko lanak adostu zein egindakoen balorazioa egiteko.

Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Ana Urkizaren hitzetan, “hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik”. Azpimarratu nahi izan du, halaber, “TOKIKOMen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan”.

TOKIKOMetik, berriz, “hitzarmenak aukera emango die toki komunikabideei Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko” azpimarratu du zuzendariak, Alaitz Artolazabalek.

Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, TOKIKOM Eusko Ikaskuntzak urriaren 2,3 eta 4an Gasteizen antolatu duen "Elkartzen Gaituena" XIX. Kongresuko babesle izatera pasako da. Eusko Ikaskuntza erakundea 1918an sortu zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun