Jaietan ere, eskualdeko jai-batzordeek eta eragileek elkartasuna adieraziko diote Palestinari

Ander Zarraga 2024ko uzt. 29a, 09:59

Uribe Kostako hainbat jai-batzordek eta eragilek bat egin dute Khalas! Uribe Kosta taldeak abiatutako ekimenagaz, udako festetan ere, Palestinako herritarren aldeko elkartasuna adierazteko eta Israeli boikota egiteko.

Zapatuan, hilaren 27an, Berangoko Santa Ana jaietan agerraldia egin zuten Khalas! Uribe Kosta taldeko eta eskualdeko hainbat jai-batzorde eta eragiletako ordezkariek. Bertan, salatu zuten Israeleko gobernuak "inpunitate osoz" jarraitzen duela palestinarren sarraskiagaz, "nazioarteko laguntza zuzenarekin edo isiltasun konplizearekin". 

"Palestinarekin elkartasunez, Europaren jarduera kolonialista eta konplizea salatzea eta desegitea dagokigu, Euskal Herriarena barne, noski. Gurean ere erakunde eta enpresa asko dira sionismoaren sarraskia eta kolonizazioa laguntzen ari direnak", aldarrikatu zuten.

Hori dela eta, agerraldia egin zutenek adierazi zuten udaldi honetan Uribe Kostan ospatuko diren jai eta ekitaldietan Palestinaren aldeko jarrera erakutsiko dutela.  Azpimarratu zutenez, beraien helburua da "Israel burutzen ari den kolonizazioa salatzea, hau da, genozidioa, garbiketa etnikoa eta apartheida salatzea". Halaber, festetan Israel "normalizatzeko" egiten diren hainbat kultur eta kirol-ekitaldiei lekurik ez egiteko deia ere egin zuten, "hau da, kultur boikota burutuko dugu". 

Bukatzeko, horregaz batera eskatu zuten sionismoa babesten duten enpresei boikota egitea, horiek ari direlako "genozidioa eta kolonialismoa laguntzen, Israelgo soldaduei janaria dohainik bidaltzen eta Zisjordanian palestinarrei lapurtutako lurretako koloniatan denda- eta supermerkatu-sarea eraikitzen".

Ekimenagaz atxikimendua azaldu duten jai-batzorde, txosna-batzorde eta elkarteak hauek dira:

  • Algortako jai-batzordea.
  • Armintzako jai-batzordea.
  • Berangoko jai-batzordea.
  • Erandioko jai-batzordea.
  • Itzubaltzeta/Romoko jai-batzordea.
  • Getxoko Andra Mariko jai-batzordea.
  • Getxoko Santa Ana jai-batzordea.
  • Gorliz-Plentziako Txosnak: Danontzat, Gaztetxea, Kandelaria Kultur Elkartea eta Arkote Arraun Taldea.
  • Hezetasunako jai-batzordea.
  • Itsas Argia Elkartea.
  • Leioako txosnak: Gazte txosna, Leioako Musika Banda.
  • Sopelako Txosna Batzordea.
  • Txopoetako jai-batzordea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun