Europako eta tokiko gobernuen migrazio- eta harrera-politikak salatu ditu Marea Horiak

Iker Rincon Moreno 2024ko abu. 20a, 11:06

Artxiboko irudian.

Urtero legez, zapatuan, hilaren 17an, Marea Horia ekimen aldarrikatzailea egin zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Gorliz eta Plentziako hondartzetan. Aurten, helburu bi izan dituzte ekintzaileek: mundu osoan milioika pertsonak bizi duten errealitate gogorra agerian uztea eta gobernuek nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatzen dituzten migrazio- eta harrera-politikak har ditzatela eskatzea.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Europako eta tokiko gobernuen migrazio- eta harrera-politikak salatu ditu zapatu honetan, Marea Horiaren beste edizio batean, "migrazio-prozesuen benetako arrazoiei aurre egiten ari ez direlako" eta "migratzeko eskubidea kriminalizatzen" dutelako, "onartu berri den Europar Batasuneko Migrazio eta Asiloari buruzko Itunak agerian uzten duen bezala".

Urteroko ekimen horren bidez, eskualdeko bi hareatza horietan salatu gura izan dute mundu osoan milioika pertsonak aurre egin behar dioten errealitate gogorra, "hainbat arrazoi direla medio, beren jatorrizko herrialdeak utzi" behar izaten dituztelako, "Europara iristeko arrisku eta zailtasunez betetako bideari ekiteko".

Deialdiagaz bat egin zuten parte-hartzaileek migrazio- eta harrera-politikak onartzeko eskatu diete gobernu eta erakundeei, "nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespeta ditzaten".

Ekintzaileen iritziz, behartutako migrazioak "prozesu mingarriak dira, egoera latzean murgilduta, bizitza duina eta aukerak bilatzen dituztenak hasten dutenak, askotan bizitza arriskuan jarriz, azken 10 urteetan bizia galdu duten ia 60 mila pertsonek agerian uzten duten bezala, Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera".

Nabarmendu zutenez, herrialde industrializatuak "ez dira krisi hauetatik kanpo geratzen, mendeak daramatzatelako baliabideak arpilatzen, beren herrialdeetako agintari ustelen konplizitatearekin". Horiek baitira "krisi humanitario eta ingurumenekoen oinarrian dauden arrazoiak", salatu zuten.

Mobilizazioan parte hartu zutenek deitoratu zuten Europako erakundeen migrazio-arloko politikek ez dietela aurre egiten migrazio-prozesuen benetako arrazoiei: "Jatorrizko herrialdeetatik derrigorrez atera beharrik ez izateko baldintza ekonomiko eta sozialak sortzen lagundu beharrean, giza eskubideen errespetuan oinarritutako migrazio-politikak ezarri beharrean, modu ordenatu eta legalean kudeatu beharrean, migratzeko eskubidea kriminalizatzen dute, onartu berri den Europako Batasuneko Migrazio eta Asiloari buruzko Itunean adierazten den bezala”.

Ildo horretan, gogoratu zuten arlo horretan lan egiten duten gizarte-erakunde espezializatuek adierazten dutela akordio hori orain arte aplikatutako disuasio-politiken jarraipena eta areagotzea baino ez dela, eta horren muina mugetan sartze-debeku eta kanporatze arbitrarioan datzala. Horren ondotik, ondorioztatu dute horrek Europako asilo-eskubidea hamarkadatan atzera egitea ekarriko duela, “Europako Batasunean asiloa bilatzen dutenen bidaiaren urrats bakoitzean sufrimendua areagotuz”.

Eskualdeko egoera

Aurtengo Marea Horian, Europar Batasunaren migrazio-politika salatzeaz gain, etorkinak gure lurraldera iritsi ondoren izaten dituzten harrera-neurriak aztertu dituzte. Gogoratu zuten azken asteotan komunikabideek Getxo eta Uribe Kosta inguruko basoetan kanpatutako dozenaka migratzaile gazteren berri eman dutela. Ildo horretan, adierazi zuten, haien ustetan, arazo horri erakunde guztiek (Espainiako gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, mankomunitateek eta udalek) heldu behar diotela, “eta ez zuzenean eragindako udalerriek bakarrik, alkatetzaren batek adierazi duen bezala”.

“Ez da onargarria pertsona horiek, jantokiko txartelen bidez, gutxienez oinarrizko elikadura bermatuta ez izatea, eta gizarte-erroldan sartzeko denbora zehaztugabea itxaron behar izatea”, salatu zuten.

Gogoratu zuten eskubide hori jasota dagoela indarrean dagoen legedian, baina “sistematikoki” urratzen ari dela. “Beraz, jantoki-txartelerako sarbidea bermatzea eskatzen dugu, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean erroldatzea, beste udal batzuetan (Bilbokoan, esaterako) egiten ari diren bezala”.

Horretarako, azpimarratu zuten beharrezkoa dela hitzorduak bi edo hiru astetik gorakoak ez izatea, eta, behar izanez gero, gizarte-zerbitzuak indartzea. Era berean, komenigarritzat jo zuten Berangoko aterpetxea “egokitzea eta etengabe irekita” egotea. “Izan ere, udal-errolda ez da paper bat bakarrik, eskubide asko eskuratzeko sarrera-atea da”.

Hori horrela, euskal erakundeei eskatu zioten udalerrietan dauden etorkinen oinarrizko beharrak asetzeko neurriak har ditzatela, eta Euskadiko Udalen Elkarteari (EUDEL), berriz, protokolo bat abian jar dezala, “gure udalerrietan bizi diren pertsona guztien erroldatzea bermatzeko”.

Azpimarratu zuten eskaera horrek Bizkaiko 90 gizarte-erakunde baino gehiagoren babesa duela. “Izan ere, eskubideekin eta desberdintasuna errespetatuz, hainbat jatorritako pertsonekin eraikitako gero eta heterogeneoagoa eta konplexuagoa den Euskal Herri solidario baten alde egiten dugu”, amaitu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun