EAEn eltxo tigrea detektatzeko 2013an abian jarritako zaintza-programari esker, hamarkada honetan hiru probintzietako 56 udalerritan detektatu ahal izan da, batez ere biztanleria-dentsitate handieneko eremuetan eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hiri handienetan; gurean, Erandion, Leioan, Getxon eta Sopelan.
Osasun Saila, Neiker ingurumen-ikerketarako euskal institutuagaz eta EAEko udal batzuekaz batera, espezie inbaditzaile hori kontrolatzen laguntzen ari da laginketa baten bidez. Laginketa horretan, tranpak jartzen ari dira hiriguneetan eta hiri-inguruetan, arrautzak jartzen dituzten eltxo-emeak erakartzeko. Lagin horien analisiak espezie horren presentzia eta banaketa monitorizatzea ahalbidetzen du.
2024an, zaintza-planak 51 udalerritako 93 laginketa-eremu hartzen ditu: Arabako 8, Bizkaiko 26 eta Gipuzkoako 16. Zaintza ekainaren lehenengo astean hasi zen eta 2024ko urriaren 28tik azaroaren 1era bitarteko astera arte egongo da indarrean, eltxo tigrearen jarduera handieneko aldia barne hartzeko.
Herritarrei laguntza eske
Arduradunek nabarmendu dute herritarren laguntza funtsezkoa dela eltxo tigrearen hedapena geldiarazteko, batez ere eltxoa ugaltzea eragozteko neurriak hartuz. Eltxoek ur pixka bat behar dute arrautzak jartzeko, eta eraginkorrena, beraz, haztegiak izan daitezkeen leku horiek ezabatzea da, etxean ura pilatzea eragotziz. Alde horretatik, gomendatzen dute:
- Ur-pilaketak saihestea drainatze-eremuetan (kainu-zuloetan eta estoldetan) eta teilatu-hodietan.
- Ura etengabe egoten den lurzoru pribatu eta publikoetako zuloak estaltzea.
- Astean bi aldiz hustea ura pilatzen duten ontziak: loreontzien azpiko platerak, pitxerrak, baldeak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
- 2 edo 3 egunez behin berritzea gure animalien edontzietako ura. Ura botatzea hustubideetan astean behin gutxienez, ur geldia saihesteko.
- Leihoetan, deposituetan, ontzietan eta beste hainbat lekutan eltxo-sareak erabiltzeak eltxoak sartzea eta arrautzak jartzea eragotz dezake.
Gainera, herritarrek Mosquito Alert aplikazioaren bidez lagundu dezakete eltxo tigrea identifikatzen. Herritarren zientzia-plataforma horrek aukera ematen du eltxo tigrerik badagoen jakiteko, bere presentziaren berri ez zegoen lekuetan, bai eta bere banaketa eguneratzeko eta jarraipena hobetzeko ere. Helburua da eltxoa geolokalizatzea, argazki on bat atera eta http://www.mosquitoalert.com/ aplikaziora bidalita.
Eltxo tigrearen ziztada
Eltxo beltz eta txikia da (5 mm inguru luze), eta buruan eta toraxean marra zuri bat du. Batez ere egunez ibiltzen da, eta normalean egunez ziztatzen du, bertako eltxoek ez bezala, gauez egiten dutenak. Gainera, ohikoa da behin baino gehiagotan jarraian ziztatzea ere. Eltxo tigrearen helduak mingarriak izan daitezke eta erreakzio handia eragin dezakete; hartara, aholkatzen da ziztadaren eremua uragaz eta xaboiagaz garbitzea eta hotza aplikatzea hantura geldiarazteko eta azkura arintzeko. Gainera, ez da hazka egin behar, ziztada infektatu ez dadin. Erreakzioa oso bizia bada eta ondoeza edo arnasa hartzeko zailtasuna eragiten baditu, medikuarengana joan behar da.
Ziztada saihesteko, gomendatzen da mahuka luzeko arropa, praka luzeak eta oinetako itxiak janztea, eta baimendutako uxatzaileak erabiltzea. Umeen eta haurdun dauden emakumeen kasuan, neurri fisikoak lehenetsi behar dira, esate baterako eltxo-sareak.
Transmititu ditzakeen gaixotasunak
Espezie inbaditzaile hori osasun publikoko arazotzat hartzen da, besteak beste, dengea, zika eta chikungunya transmititu ditzakeelako.
EAEn oraindino ez da ezagutzen eltxo tigrearen ziztadak eragindako kasurik, eta, berez, kutsatzeko probabilitateak txikiak dira. Dena den, eltxoa finkatuta dagoen eremu batetik inportatutako kasu bat agertzen bada, kutsatzeko arriskua areagotu egiten da.