Asier Garcia Bilbao Bidaideak BSR taldeko kide da, eta ohiko bat da Espainiako Estatuko selekzioaren deialdietan. Talde horretako kapitaina da, eta Londresko Paralinpiar Jokoetan lortutako bosgarren postuagatik diploma olinpiko bat eskuratu zuen 2012an, baita zilarrezko domina bat poltsikoratu ere 2016ko Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan. 2020an, Tokion, berriz, diploma olinpikoa jaso zuen, laugarren postuan geldituta. Parisen, Asierrek podiumera igotzeko gai ikusten du bere taldea, eta arrakasta hori bere ibilbide oparoari gehituko lioke. Bere taldeak Estatu Batuak, Herbehereak eta Australia izango ditu aurkari multzoen fasean.
Higinio Rivero Plentziako Piraguismo Taldean ari da eta, kirol honetan denbora gutxi badarama ere, 2016an Branderburgen jokatutako parakanoeko Maratoiko Munduko Txapelketan (ICF Canoe Marathon World Cahmpionships) nagusitu zen, baita 2017 Pietermarithburgen (Hegoafrika) ere. Horrez gain, 2016an, Europako txapeldun izan zen Pontevedran. Azken urteetan modalitate olinpikoan murgilduta dago, eta lanak fruitua eman du. 2018an, Belgraden jokatutako Europako Txapelketan parte hartu zuen, eta, 2019an, Szegeden jokatutako Munduko Txapelketan Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko txartela ziurtatu zuen; horretan, diploma olinpikoa poltsikoratu zuen, seigarren. postuan amaituta. Parisen bere lehen domina bilatuko du.
Pariserako delegazioan gazteena da Mikel Erdozain leioaztarra. 22 urte ditu, eta bere lehenengo Jokoak izango dira aurtengoak. Tetraparesia espastiko distonikoagaz eta diszinesiagaz jaio zen; ondorioz, % 75eko desgaitasuna du, eta orekari eusteko arazoak ditu. Eguneroko edozein jarduerak ahalegin handiagoa eskatzen dio, hala nola janztea, dutxatzea, jatea, berba egitea edo ikastea. Hala ere, nahiko autonomoa da. Duela urte gutxi ikasi zuen igerian, izan ere, berebiziko garrantzia izan du kirolak bere errehabilitazioan. Hala, mahai-tenisean eta eskalada rokodromoetan aritu da, eta taldekako EAEko txapeldun izan zen xakean; gainera, surfean aritzen da Sopelako hondartzan Peña Txuri Klubagaz.
Leioaztarrak igeriketa eta boccia uztartu ditu, eta modalitate horretan hasi zen nabarmentzen Haszten klubean. 2022an, Europako Gazteriaren Jokoetan parte hartu zuen, Pajulahtin (Finlandia), urrea irabazi zuen 2019an, eta zilarra 2022an, gazteentzako Espainiako Txapelketan. Gainera, 2023an, Estatuko BC2 mailako Top 4 amaitu zuen maila absolutuan.