Bilbo Metropolitarrean mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integraletik abiatzen ez den obra faraonikoaren aurrean gaude. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean aitortu dutenez, "mugikortasunaren plangintza integrala egiteko beharra agerian geratzen da", baina, tamalez, ez da horrelakorik egin. Aldundiak aurrera jarraitzen du milioi askotako proiektuekin, ingurunearen eta herritarren benetako beharrak kontuan hartu gabe.
Lamiakoko ibai azpiko tunela ibilgailu pribatuen erabilera sustatzeko pentsatuta dago. Hain zuzen ere, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuak, Europar Batasunak eta Aldundiak berak berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko sustatzen dituzten politiken aurka doa hori. Izan ere, bide-azpiegitura handitzeak "dei-efektua" sortzen du, hau da, auto gehiago zirkulazioan, kutsadura handiagoa eta osasun publikorako eta ingurumenerako arazo gehiago.
Garraio publikoan, oinarrizko zerbitzuetan eta lurralde-politika koherentean premiazko inbertsioak egin beharrean eraikuntza-enpresa handiei bakarrik mesede egiten dieten proiektuak garatzen dituzte hemen
Eta mundua garraio-eredu iraunkorrerantz doan bitartean; garraio publikoan, oinarrizko zerbitzuetan eta lurralde-politika koherentean premiazko inbertsioak egin beharrean eraikuntza-enpresa handiei bakarrik mesede egiten dieten proiektuak garatzen dituzte hemen. Gainera, kostu izugarria izango du guztiontzat obra horrek: 600 milioi euro baino gehiago, materialen egungo prezioan. Ez bada, aurrekoetan gertatu den bezala, lanak hasi ondoren, aurrekontuak aise gainditzen direla.
Baina ez da diru kontua bakarrik. Ibai azpiko tunel honen albo kalteek zuzenean eragingo diete Sestao, Itzubaltzeta/Romo eta Leioa bezalako auzo eta herriei; etxebizitzetan eta ikastetxeetan jasango duten zarata, bibrazio eta hautsarekin. Proiektuak ez du benetako konponbiderik eskaintzen, eta ondorio kaltegarriak izango ditu inguruan bizi garenon bizi-kalitatean.
Irailaren 21ean eta 22an antolatu dugun kanpaldian parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Badakizu borroka hau guztiona dela, eta horregatik animatzen zaitugu erresistentzia egun hauetan parte hartzera. Zentzugabekeria hori gelditu behar dugu berandu baino lehen, eta, hori lortzeko, elkarlanean egin behar dugu.
Artikulu hau ARGIA.EUS agerkariak argitaratu du, eta CC-BY lizentziari esker ekarri dugu webgune honetara.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.