Gazteen enplegagarritasuna sustatzeko Gaztedi Uribe Kosta beken deialdi berria abiatu dute

Erredakzioa 2024ko ira. 18a, 12:56

Eskabideak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Leioako Udaleko webgunearen bitartez. © LEIOAKO UDALA

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako programa Leioako eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako 18 eta 19 urte arteko gazteei dago bideratuta. Horri esker, enplegagarritasuna hobetzeko ordaindutako praktika profesionalak egin ahal izango dituzte. 

Gaztedi Uribe Kosta beka-programaren edizio berri bat jarri dute abian, sei hilabetez eskualdeko enpresetan lanekoak ez diren eta ordaindutako praktikak egiteko. Ekimen honen helburua da gazteei lan-merkatuan duten gaitasuna eta lehia hobetzeko esperientzia lortzeko aukera ematea, eta, horrela, gazteen enplegagarritasuna hobetzea.

Programa honetan Barrikan, Barrikan, Berangon, Gorlizen, Leioan Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen erroldatuta dauden 18 eta 29 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute, betiere Gazte Bermea Sisteman alta emanda badaude. Programan parte hartzen duten udalerrietako batean erroldatuta egoteaz gain, derrigorrekoa izango da baita Lanbide Heziketako titulu bat (erdi- edo goi-mailakoa), arte- edo kirol-irakaskuntzetako goi-mailako titulua, profesionaltasun-ziurtagiri bat edo unibertsitateko titulu ofizial bat izatea. halaber, ezinbesteko baldintza da langabezian egotea eta Lanbiden izena emanda egotea enplegu-eskatzaile gisa.

Egitasmoan parte hartu gura dutenek urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dute eskabidea, modu telematikoan, Leioako Udalaren www.udaletxean.leioa.eus webgunean. Informazio gehiago gura izanez gero, helbide elektroniko honetara ere idatzi daiteke: gaztedibekak@leioa.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun