Eusko Jaurlaritzak garraio publikorako tarifa bateratua eta doakotasuna bultzatu gura ditu 12 urtetik beherakoentzat

Ander Zarraga 2024ko ira. 23a, 16:20

Datorren urtetik aurrera, EAEko hiru probintzietan garraio publikoa ordaintzeko sistema bateratua egongo dela iragarri dute. © BFA

Susana Garcia Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak tarifa-sistema bateratu bat sortu gura duela EAEn, eta 12 urtetik beherako umeentzako garraio publikoa doakoa izango dela 2024an, garraio publikoaren erabilera sustatzeko estrategia baten barruan.

Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean egindako agerraldian, Garciak garraio publikoa Euskadiren kohesio ekonomiko eta sozialerako funtsezko tresna gisa bultzatzearen garrantzia azpimarratu du, nabarmenduz hori bat datorrela NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuakaz eta Europako Itun Berdeaagaz. Hala, datorren urterako Bat, Barik eta Mugi txartelen erabateko elkarreragingarritasuna aurreratu du sailburuak, herritarrei garraio eraginkorrago baterako sarbidea errazteko, hain zuzen ere.

Horregaz batera, iragarri dute 12 urtetik beherakoentzako garraioaren doakotasuna izango dela Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkuran aurkeztuko duten lehenengo neurrietako bat. Horren xedea da familien karga ekonomikoa arintzea eta txikitatik mugikortasun jasangarriko ohiturak sustatzea. Gainera, tarifa-sistema berriak deskontu progresiboak izango dituela ere iragarri dute, garraioaren erabileraren eta erabiltzaileen egoera sozioekonomikoaren arabera, bereziki gazteei, langabeei, desgaituei eta familia ugariei mesede eginez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun