Osasun emozionala pertsonen bizi-kalitatean eta ongizate orokorrean eragiten duen funtsezko zutabea da, bereziki gazteen artean. Gazteria giza garapenaren etapa garrantzitsua da, bertan aldaketa fisiko, emozional eta sozial esanguratsuak ematen baitira. Trantsizio-aldi honetan, gazteek hainbat erronkari egin behar diete aurre, eta erronka horiek biziki eragin dezakete beren osasun emozionalean.
Hori dela eta, Uribe Kostako Mankomunitateak tailer batzuk antolatu ditu 1995 eta 2009 bitartean jaio eta Mankomunitateko udalerriren batean erroldatutako gazteei prestakuntza eta tresnak eskaintzeko. Ekimen honen helburua da bizitzaren erronkei erresilientziaz eta indar emozionalez aurre egin ahal izatea.
Taldeak adin-tarteen arabera banatuko dira, aurre egin behar dieten errealitateak eta gaiak desberdinak izan daitezkeelako. Osasun emozionala lantzeko 2 ekintza egingo dira.
Lehenengo, autoezagutzari eta estresaren kudeaketari buruzko prestakuntza-tailer bat egingo dute, 6 astekoa eta astero 2 ordukoa. Modulu bi landuko dituzte: adimen emozionalari buruzkoa bata, eta estresa kudeatzeari buruzkoa bestea. 2006 eta 2009 urteen artean jaiotako gazteek talde bi izango dituzte aukeran: lehenengoa, urriaren 2an hasi eta azaroaren 6an amaituko da; eta bigarrena, azaroaren 13an hasi eta abenduaren 18an amaituko da. Biek 16:00etatik 18:00etara izango dute ordutegia.
2003 eta 2005 artean jaiotakoentzat beste bi egingo dituzte. Biontzako tailerrak urtarrilaren 8tik otsailaren 12ra izango dira, baina lehen taldekoek 16:00etatik 18:00etara izango dute, eta bigarrenek 18:00etatik 20:00etara.
Azkenik, 1995 eta 2002 artean jaiotakoek aukera bi izango dituzte: urriaren 2tik abenduaren 6ra emango den tailerra edo azaroaren 31tik abenduaren 18ra emango dena, biak 18:00etatik 20:00etara.
Taldeak sortzeko gutxienez 7 pertsonek eman beharko dute izena.
Bestalde, tailerrean parte hartuko duten gazteek banakako coaching eta aholkularitza psikologikoko zerbitzu bat erabiltzeko aukera izango dute. Laguntza psikologikoa baliabide garrantzitsua da, orientazioa, laguntza emozionala eta etapa honetako erronkei aurre egiteko tresnak eskaintzen baititu. Osasun mentaleko profesional baten presentziak aukera ematen die gazteei aurre egiteko trebetasun eraginkorrak garatzeko, autoestimua indartzeko eta erabaki osasungarriak eta arduratsuak hartzeko. Gainera, laguntza psikologikoak pertsonen arteko harreman osasungarriak eraikitzea eta gizarte-laguntzako sare sendo bat garatzea sustatzen du, azken hauek baitira funtsezko alderdiak ongizate emozionalerako eta hazkunde pertsonalerako.
Horretarako, 90 ordutako tutoretza-poltsa eskainiko dute, "parte-hartzaile bakoitzaren premia berezien arabera banatuko duguna", zehaztu dutenez. Horrelako tutoretzetan, "pertsona sakon ezagutzen saiatuko gara, eta helburu pertsonalak ezartzeko lan egingo dugu. Halakorik izanez gero, eta Coaching sistemikoaren metodologiaren bidez, proposatutako helburuak lortzea eragozten dituzten oztopoak konpontzen edo mugitzen saiatuko gara".
Interesdunek irailaren 29ra arte izango dute izena emateko aukera https://sarrerak.sopela.eus/inskripzioa edo Kurtzio Kultur Etxera deituz (94 406 55 05).