Arnasetik, gazteei zuzendutako bideosormen lehiaketa martxan da

Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 14:32

Arnasa Gara ekimenak euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehiaketaren hirugarren edizioa abiatu du. Lehiaketak adinaren araberako hiru kategoria ditu: LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4. Sariketan 500 euroko balioa duten lau sari banatuko dituzte, eta horretan parte hartzeko azken eguna urriaren 31 izango da.

 

Hirugarrenez, Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrgaz sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. 2023ko edizioan 112 lan jaso zituen ekimenak eta 1.600 bozkatik gora.

Lehiaketan, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte banaka edo lagunartean. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.

Hiru kategoria, hiru erronka

Aurreko edizioetan bezala, Arnasetik lehiaketaren hirugarren edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. LH 5. eta 6. mailako ikasleek bere herriko txoko maite baterako bidea erakutsi beharko dute eta azaldu zergatik den beraientzat hain berezia, zer eramaten duten bertara, zer bizipen izan dituzten han... DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek bere herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi beharko dute, jaia nola sortu zen, zergatik eta festa egun horretan zer sentitzen duten azaltzen duten bitartean.

Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek kazetari papera hartuko dute eta kalean zehar jendeari galdetuko diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen. Behin erantzuna jasota, herritar horrengana hurbilduko da galdera bera egitera bosteko segida osatu arte.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du bai eta publikoaren sariak ere. Honakoetan gastatu ahal izango da nahi den moduan: IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandisingean, Gure Zirkuan, etab. Gazteek beraien sormen lanak irailaren 16tik urriaren 31ra bidaltzeko aukera izango dute eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du epea bere bozka emateko webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun