Munduko Landareen Azoka Leioako campusera bueltatuko da espezie arraro eta exotikoakaz

Ander Zarraga 2024ko urr. 3a, 10:16

Azokara joateko doako autobus-zerbitzua egongo da Astrbauduko eta Leioako metro-geltokietatik. © LEIOAKO UDALA

Hurrengo urriaren 5ean eta 6an, EHUko Leioako campuseko Arboretumak mundu osoko landareak eramango dituzten 44 erakusketari hartuko ditu, Munduko Landareen 8. Azokan.

Bost kontinenteetako landareen azoka Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Leioako Arboretumera itzuliko da aste-akabu honetan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk antolatutako azoka honetan 44 erakusketarik parte hartuko dute, munduko bazter guztietako landare-espezieak erakusteko. Aurkeztuko dituzten landare asko ez dira oso ezagunak gurean, baina Bizkaiko lorategi eta balkoietara egokitzeko gaitasuna dute, eta profesionalek eta zaleek horiek prezio lehiakorretan erosteko aukera bikaina izango dute.

Aniztasun botaniko ikaragarriaz gozatzeaz gain, bertaratzen direnek dastatze gunean bertako produktuez gozatu ahal izango dute eta Arboretumeko bidezidorrak zeharkatu ahal izango dituzte. Eremu horek 19 hektarea ditu, 450 espezieko 2.200 zuhaitz baino gehiago, eta balio botaniko eta kultural handiko lekua da. 2008an inauguratu zen, eta erreferente da Euskal Autonomia Erkidegoan landare-espezieak aztertzeko eta kontserbatzeko.

Halaber, ekitaldiak doako autobus-zerbitzu berezia ere izango du, Leioako eta Astrabuduko metro-geltokietatik EHUko campuseraino, jendearentzako sarbide erosoa bermatzeko. Landareen Azoka hau 2015ean sortu zen, eta ekoizleentzako eta zaleentzako urteroko topagune gisa finkatu da, landareak erosteko eta saltzeko ez ezik, sektoreko profesionalen artean ezagutzak trukatzeko ere gune bat eskaintzen baitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun