Doinua: Itsasoari begira
Leiho batean, kanpoaldean,
loreontzi bat bakarrik.
Mendi-basoak, bide-larreak...
inguruan denetarik.
Mundua dago haren aurrean,
badu ezeren faltarik?
Toki polita, bukolikoa,
ezelango duda barik.
Baina loreak ez dauka, berez,
mugitzeko aukerarik.
Norbaitek, ziur, ipini zuen
asmo onez hor hegian,
euri-tantekin berdatu zedin,
ura behar zuen egian!
Guri ere usu pasatu zaigu
lauso edo agerian:
bestek esaten digute guri
zer egin bizialdian...
Ez dugu izaten modurik geure
kabuz jartzeko abian.
Pertsona batzuk izaten dira
(edo gara) horren pare:
eroso bizi nahi dugu gure
barruan, atera gabe.
Ohiko ditugu mila isiltasun,
ehunka milioi bakardade.
Alta aukera egin genuen:
gurago dugu izan nare,
parada joan zen bihur gintezen
bizitza honetan jare.