Txalet bi hustu dituzte Plentzian, euriteengatik lur-jausi bat izan ostean

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 27a, 12:54

Getxon, besteak beste, Gobela ibaiak gora egin du eta gainezka egiteko arriskua egon da. Argazkia: Getxoko Auzokideok

Bizkaiko suhiltzaileek ura xukatu dute Gorlizen eta Erandion, eta Lemoizen eroritako zuhaitz bat kendu behar izan dute. Getxoko Udalak, gainera, zaintza- eta kontrol-neurriak hartu behar izan ditu Gobela ibaiaren ertzetik ura irteteko arrisku handiena duten eremuetan.

Txalet bi hustu behar izan dituzte bart Plentzian izandako lur-jausi baten eta inguruetan dagoen mendian luizia izateko arriskuaren ondorioz, Segurtasun Sailak jakinarazi dionez. Izan ere, azken orduetan euriteak etengabeak izan dira eskualdean.

Gertaera 04:40ak aldera izan da, Plentziako Isuskitza auzoan, inguruan lur-jausi bat izan denean. Horren ondorioz, txalet bi hustu behar izan dituzte; horietako batean ez zegoen inor, eta bestean pertsona bi zeuden, baina ez dira zauritu. Iturriek jakinarazi dutenez, gainera, mendian beste luizi bat izateko arriskua zegoen.

Azken orduotako euriteek Bizkaiko suhiltzaileen hainbat jarduera eragin dituzte, horietako bat Plentziakoa, baina Gorlizen eta Erandion ere ura xukatu behar izan dute, eta Lemoizen eroritako zuhaitz bat kentzeko lanetan aritu dira.

Getxon, gainera, Babes Zibila eta Udaltzaingoa zaintza- eta kontrol-neurriak hartu behar izan dituzte Gobela ibaiaren ertzetik ura irteteko arrisku handiena duten eremuetan. Inguruko bizilagunek aurreikuspen falta salatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun