153.640 euskaltzale eta askoz gehiago, elkar mugituz

Irati Iciar Madinabeitia eta Oskar Zapata Solano 2024ko aza. 8a, 09:00

153.640 pertsona dira Reale Arena, San Mames berria, Sadar, Mendizorrotza eta Jean Dauger estadioetan guztira sartzen direnak.

153.640 pertsona dira Reale Arena, San Mames berria, Sadar, Mendizorrotza eta Jean Dauger estadioetan guztira sartzen direnak. Ariketaz ariketa, hiru edizioetan zenbaki hori gainditu du Euskaldiaren izen emateak. 320.000 herritar baino gehiago gara Euskaraldian noizbait ahobizi edo belarriprest izan garenak. Hori da ekimen honen dimentsioa. Euskararen erabilera erdian jartzen duen ariketa sozial aktibo bat izanik, indartsua, ezbairik gabe.

Kantitatea eta kalitatea, Euskaraldia sortu zenetik bi helburu horien arteko tentsioa bizi izan dugu. Jakin badakigu euskaltzale askok lehen edizioan izena eman eta hurrengotan izena eman gabe parte hartu zutela. Zenbaketa jada konplikatu zaigu. Kalitatea berriz, txapa janztean eta euskaldunak euskaldunari euskaraz egitean datza. Ariketan jar dezagun fokoa, erabilerari hauspoa emateko funtsezkoak diren portaeretan (lehen hitza euskaraz egitea eta elkarrizketa elebidunetan murgiltzea, besteak beste). Eta, ezinbestean horretarako behar dugun herri aktibazioan ere.


Irati Iciar Madinabeitia Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Oskar Zapata Solano Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendaria.

Haizearen kontra gabiltza, kontziente gara. Jendartea mobilizatzea gero eta zailagoa omen da. Euskaraldiak apustua igotzen du, ez baitu eskatzen ekintza puntual baten aldekotasuna edo kontrakotasuna adieraztea bakarrik. Hori eta gehiago eskatzen du: txapa jantzita, egoera ez erosoetan erabilera areagotzeko eta hizkuntza praktikak eraldatzeko jokabidea hartzea baizik. 11 egun horiek modu neketsu edo alaitsu batean bizi daitezke. Egin dezagun bigarrenaren alde, antolatu ditzagun egun horietako ekimenak poztasunarekin, jantzi ditzagun txapak konfiantzaz eta jolas dezagun hiztun zein herri gisa ahaldunduta.

Haizea kontra dugula ere sumatzen da beste hainbat egoeretan ere, hala nola, batzuk diote euskal-washing-a egiteko probesten dela, lankidetza publiko-soziala beti ez da erraza, hainbatetan herritarren ahaleginaren alboan erakundeen urrats ausartagoak beharko liratekeela...

Gauzak horrela, Euskaraldia antolatzeko ahaleginak merezi ote du? Hortaz, akabo, bukatu da? Kitto Euskaraldia betirako?

Zer tresna-bide-modu geratuko litzaiguke jendartean masiboki hizkuntza ohituren gainean kontzientzia pizteko eta euskararen erabileran jauzi bat eragiteko?

Euskaraldia ez da perfektua eta ez da ahalguztiduna. Ez ote dizkiogu helburu handiegiak eskatzen batzuetan. Euskaraldia behar dugu euskaldunok, euskarak eta herri honek. Inoiz baino gehiago eta inoiz baino indartsuago behar gaitu Euskaraldiak.

Gainera, aurreko hiru edizioetan egindako ikerketetan aski probatuta dago Euskaraldia ariketa eraginkorra dela. Ariketa bat baita, ez euskararen aldeko kanpaina bat. Ariketa garaian erabilera igotzen da eta handik hiru hilabetera ere hizkuntza ohitura berriak mantentzen dira ehuneko garrantzitsu batean.

Euskaraldia indartsua behar dugu euskararen erabilera erdigunean jartzen duelako. Kontzientzia linguistikoa pizten duelako, hizkuntza ohiturak auzitan jarriz. Euskaldun aktiboak ahalduntzen laguntzen duelako. Euskara ulertzen dutenak prestigiatzen eta motibatzen laguntzen duelako. Epe ertain-luzera eraginkorra delako. Nazio mailakoa eta masiboa izanik, batzen gaituen ekimena delako. Euskara agenda eta iritzi publikoaren lehen lerroan jartzen duelako.

Munduan ez da halako ekimenik inon eta inoiz antolatu. Hortaz, munduari erakutsi diezaiogun herri honetan dagoen grina, batasuna, irudimena eta indarra euskara biziberritzeko mugimenduan. Hurrengo Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da. Garaiz gabiltza. Aukera ezin hobea dugu euskaltzaleok edizio kolosala egiteko, badaukagulako esperientzia, ausardia eta anbizioa. Antolatu gaitezen eragile guztiok, nor bere espazioan, nor bere moduan parte hartuz. Euskaraldia elkar mugituz egingo dugu!

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun