Uribekostarrek daborduko jakin beharko lukete Historiaurreko ondarea oso aberatsa dela inguruotan. Ugariak dira, askotarikoak, Abrako kostaldetik Butroe ibaiaren bokalera bitartean aurkitutako aztarnategi arkeologikoak, aire zabalekoak denak. Izan ere, Barrikako Kurtzia inguruko amildegietako flyschean kalitate handiko silexa dago, eta horrek izugarrizko harri-industria sortu zuen orain dela milaka eta milaka urte inguruotan. Berbarako, orain gutxi, Erdi edo Goi Paleolitikokoak izan daitezkeen sukarri-zatiak topatu zituzten Sopelako Bareñoko lursailean; gune horretan supermerkatu bat egiteko hasierako obrek hainbat aztarna azaleratu zituztela ohartarazi zuten Maitane Larrea eta Ander Ugarte arkeologo sopeloztarrek.
Ez da lehenengo aldia, baina, mota horretako aurkikuntzak ematen direla inguru horretan: Joseba Rios Garaizar eta Diego Garate arkeologoek 2008an aurkitutako Bareño aztarnategiko partea da orain aztertzen ari diren lursaila. Hala ere, Sopelako gune hori ez da interesa piztu duen bakarra historiagileen artean. 1955ean Antonio Agirrek egindako aurkikuntza arkeologikoetan oinarrituta, Joxe Migel Barandiaran gerturatu zen eskualdera 1959an, Getxotik Gorlizerainoko tartera, ingurua xehe-xehe aztertzeko; astebetean, hainbat zundaketa egin zituen. Emaitza: La estación prehistórica de Kurtzia lanaren argitalpena; horrek argi utzi zuen zelako garrantzia izan zuen Uribe Kostak Bizkaiko Historiaurrearen ikerketari dagokionez. Hala ere, lan-eremuaren tamainak eta denbora-faltak azterketa sakonagoa egitea eragotzi zioten Barandiarani, eta, haren bidea jarraituta, askotariko ikertzaileak lanean ibili dira eskualdean gure arbasoak zelan bizi izan ziren argitu guran.
Azken hamarkadetan egindako lan horiei guztiei esker, Historiaurreko hainbat arori lotutako 70 aztarnategitik gora atzeman dira Uribe Kostan sakabanatuta, Behe Paleolitotik hasita, Neolito-Kalkolitora artekoak. Hala, Historiaurreko etapa ia guztien aztarnak aurki daitezke gurean, berbarako: Behe Paleolitoko arrastoak Sopelako Moreaga eta Mendieta zein Barrikako Errementariena aztarnategietan, duela 300.000-150.000 urtekoak. Erdi Paleolitokoak (duela 110.000-30.000 urte) asko dira inguruotan, hala nola Barrikako Kurtziamendi, Meñakotz eta Aranbaltza zein Berangoko Maritxuri eremuetan. Goi Paleolitoak ere presentzia nabarmena du eskualdean (duela 30.000-10.000 urte) Berangoko Agirremendin eta Urtubin; Barrikako Aranbaltzan eta Meñakotzen; zein Sopelako Iturralde eta Kukullu aztarnategietan. Neolito eta Kalkolitoari dagokionez, adierazgarriak dira Sopelako Landaluzen egindako aurkikuntzak, baita Barrikako Muriola, Aranbaltza eta Meñakotz zein Berangoko Urtubi aztarnategietan agertutakoak ere. Azken garaiotako tumuluak eta dolmenak ere ikus daitezke Sopela eta Berango arteko Munarrikolandan, baita Gorlizko Arrimuniaundi inguruan ere.
Arkeologia esperimentala, gakoa
Edestiaurre arkeologia-taldeko presidente Iñaki Libanok arestian aipatutako aztarnategi asko aurkitu eta katalogatu ditu, 40 urtez inguruok goitik behera arakatu ondoren. Gainera, orain bospasei urte, arkeologia esperimentalean trebatu da, dioenez, aztarnategien eta horietan topatutako materialen nondik norakoak ezagutzeko “garrantzitsua” delako jakitea garai haietan nola egiten zituzten lanabesak. Horretarako, hainbat ikastaro egin ditu, eta, orain, Bizkaian oso jende gutxik jorratzen duen alorra dominatzen du: “Herrialde osoan bizpahiruk baino ez dugu presio eta kolpatze bidezko harri-lanketa egiten”.
Dioenez, arkeologia esperimentalaren bidez, aztarnategietan aurkitutako harri-piezak zelan egin eta zertarako erabili ziren jakin daiteke. “Diziplina horren bitartez atzeman ahal izan da zelan lantzen zen harria garai ezberdinetan, eta zelakoa izan den harri-lanketaren eboluzioa denboran”. Hala, gaur egun, silexa edo bestelako harri-motak lantzeko hainbat teknika arkaiko ezagutzen da, hala nola zuzeneko perkusio gogorra harrizko kolpekariakaz, zuzeneko perkusio leuna adarrakaz, zeharkako perkusioa, eskuzko presio bidezko erauzketa eta makulua erabilita presio bidezko erauzketa. “Teknika horietako bakoitzak Historiaurreko etapa ezberdinetan identifika eta koka ditzakegun arrastoak uzten ditu pieza litikoetan”, Libanok zehaztu duenez. Horri esker, eta baita pieza bakoitzaren tipologia kontutan hartuta ere, aztarnategietan aurkitutako elementuak garai batean edo bestean koka daitezke, datazio erlatiboa deritzona erabilita.
Historiaurrean, orokorrean, lau modu nagusi egon dira harriak lantzeko: 1go modua edo Olduvai aldikoa, zaharrena eta oinarrizkoena, Behe Paleolitoan erabiltzen zena; 2. modua edo Acheul aldikoa, aurrekoaren eboluzioa; 3. modua edo Mousteriar aldikoa, Neanderthalek Erdi Paleolitoan garatu zutena; eta 4. modua, Homo Sapiens-ak beren-beregi garatutakoa. Azken horiek harriak prestatzen zituzten, modu zehatz batean, harri-puska zapalak atera beharrean, lamina mehe eta zorrotz asko ateratzeko.
Harri-lanketa mota horiek guztiak dominatzen ditu Libanok, eta aurkitutako harri-piezen erreplikak egiteko gai da, datozen egunotan HIRUKA.EUS-en argitaratuko ditugun bideoetan ikusi ahal izango duzuen moduan: