"Ikusten ez dena, ere bada" kanpaina abiatu du Uribe Kostako Mankomunitateak azaroaren 25erako

Nahia Martinez Gondra 2024ko aza. 18a, 09:53

Leioa, 2016. urteko azaroaren 25ean.

Uribe Kostako Mankomunitateak gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpaina bat jarriko du abian azaroaren 25eko testuinguruan, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira. "Ikusten ez dena, ere bada” lelopean, ekimenak emakumeenganako indarkeria mota guztiak ikusarazi nahi ditu, horietako asko gizartearentzat ikusezinak direla nabarmenduz. Zazpi kubo jarriko dira eskualdeko udalerri desberdinetan, bakoitza emakumeen aurkako indarkeriaren eremu jakin batean oinarrituta.

Kubo horiek azaroaren 21etik aurrera jarriko dira, hurrengo leku hauetan egongo dira eta honakoa salatuko dute:

  • Barrika (Txikilandia Plaza): kirol-eremua.
  • Berango (Berangoeta Plaza): hezkuntza-esparrua.
  • Gorliz (Itsasbide Kalea): ingurune birtuala.
  • Lemoiz (Urizar Auzoa): familia eta bikotea.
  • Plentzia (Astillero Plaza): jai-eremua.
  • Sopela (Urgitxieta Plaza): lan-eremua.
  • Urduliz (Antsonekoa Plaza): komunikabideak.

Herritarrak zazpi udalerrietako ibilaldi batean parte hartzera gonbidatuta daude. Kuboen argazkiak atera eta sare sozialetan partekatu ahal izango dituzte, Mankomunitatea etiketatuz eta #A25 eta #25N traolak erabiliz. Kuboetan, QR kode bat egongo da, altxatutako estruktura guztien informazioa ikusteko, bai eta hautatutako zazpi eremuakaz lotutako bideo batzuk ere. Gainera, interesdunek iruzkinak, iradokizunak eta proposamenak hurrengo helbide elektronikora bideratu ditzakete: berdintasuna@uribekosta.eus.

Ekimen horretaz gain, hainbat jarduera antolatu dira udalerri bakoitzean, genero- indarkeriari eta emakumeen ahalduntzeari buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko:

  • Barrika: “¿Cuántas muertas son muchas?” antzerki-dokumentala, abenduaren 14an, Emakumeen Etxean - HITZA.
  • Berango: autozainketei buruzko emakumeentzako tailerra, azaroaren 21, 22, 28 eta 29an, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Aretoan.
  • Gorliz: "Emakumeen topaketa maitasun erromantikoaren inguruan" tailerra, azaroaren 22an, 18:00etatik 21:00etara, Sertutxena aretoan.
  • Lemoiz: antzerkia (data eta xehetasunak baieztatzeke).
  • Plentzia: “¿Cuántas muertas son muchas?” antzerki-dokumental, abenduaren 13an, 19:00etan, Kultur Etxean.
  • Sopela: "Patriarcado: organismo nocivo" dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia, azaroaren 22an, 19:00etan, Kurtzio Kultur Etxean.
  • Urduliz: "MILAGROS & VALENTINA" kale antzerkia, azaroaren 16an, 12:30etan, Antsonekoa plazan.

Jarduera horiek leku mugatuak dituzte (Berango eta Gorliz). Eskuragarri dauden plazak baino eskaera gehiago jasotzen badira, izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira. Izena emateko, 652 773 780 telefono zenbakia erabil daiteke, WhatsApp bidez edo telefono deiaren bidez, 8:30etatik 13:30etara.

Gainera, datorren azaroaren 23an, Urdulizko "Inola" Emakumeen Etxeak Uribe Kostako Emakumeen XV. Topaketa hartuko du. Gogoetarako eta eztabaidarako gunea da, eta aurten "Ahots batuak, egindako bidea, etorkizuneko erronkak" lelopean garatuko da. Uribe Kostako Emakumeen Kontseiluak antolatuta, ekitaldiak Uribe Kostako Mankomunitatearen eta Urdulizko Udalaren laguntza eta finantziazioa du. Foro honetan Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria den Trinidad Vicente izango da, eta hizlari nabarmenak izango dira, hala nola Mariqueta Vazquez historialaria eta (AMES) Zahartze Osasungarriaren aldeko Emakumeen Elkarteko presidentea, eta Nerea Novo kazetaria eta EMARGIko ikerketa eta proiektuen zuzendaria. Esther Lobatok zuzendutako "Nuestro Yoni" antzezlana ere izango da. Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da 4 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten emakumeen parte-hartzea errazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun