X sare sozialetik irteteko erabakia hartu du HIRUKAk

Erredakzioa 2024ko aza. 20a, 17:59

Ia hamar urte dira HIRUKA sortu zela, eta hasieratik izan dugu helburu gure edukiak ahalik eta jende gehienarengana heltzea, erabiltzaileenganako gertutasuna bermatzeko. Horretarako, garaiko tresna eta sare sozial nagusiak baliatu ditugu: lehenengo, Facebook eta Twitter; geroago, Instagram. Tresna horiek trafiko handia ekarri digute eta publiko gazteagoa ere erakartzeko aukera eman digute. Bidean baina, etengabe borrokatu behar izan dugu algoritmo aldakorrek sortutako erronken aurka, gure edukiek ikusgaitasuna gal ez zezaten.

Hala ere, Elon Muskek lehengo Twitter zena erosi eta X bilakatu zuenetik, aldaketa hori inoiz baino nabariagoa izan da, eta, gure ustean, baliabide bat baino, guda-zelai lokaztu bat besterik ez da, gorrotoa, desinformazioa eta eskuin muturreko mezuak zabaltzeko bozgorailu erraldoia.

Eztabaida luzetik dator, ea bertan jarraitu behar ote genuen ala ez jakiteko; daborduko algoritmoak gureak bezalako mezuak baztertzen dituela azpimarragarria da, eta gero eta jende gutxiagorengana ailegatzen ari gara, informatzeko eta elkar-harremanerako aukerak ia ezerezean utziz

Hori dela eta, eztabaida sakon baten ondoren, HIRUKAko lantaldeak X sare soziala alde batera uztea erabaki du. Ez da erabaki erraza izan, baina gure balioei tinko eutsiz, pauso hau ematea beharrezkotzat jo dugu. Ez gara bakarrak: azken asteotan hedabide eta norbanako askok hartu dute norabide bera, eta guk ere, gure txikitasunetik, gure ekarpena egin nahi dugu sare osasuntsu eta arduratsuago bat eraikitzeko bidean. Hala, gaurtik aurrera ez dugu ezer gehiago publikatuko X sare sozialean.

Betiko zerbitzua emateko lanean jarraituko dugu, eta gonbidapena egin gura dizuegu daborduko martxan ditugun zabalkunde-moldeetatik jarraitzeko, eta baita martxan jarritako berrietatik ere, hala nola Bluesky-n eta Threads-en.

Tokiko kazetariak gara; tokiko hedabidea gara; Uribe Kostan errotuta, eta uribekostarrei begira. Horretan jarraituko dugu, eta zuok guztiok gure bidelagun izaten jarraitzea gura genuke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun