HIRUKA bariku honetan ospatuko diren TOKIKOM sarietako finalista da

Erredakzioa 2024ko aza. 21a, 10:57

Bihar, azaroak 22, Toki Komunikabideen Bateraguneak, TOKIKOM sarien 8. urtea ospatuko du Artikan (Nafarroa) eta HIRUKA ikus-entzunezko kategoriaren barnean finalista jazo da. Zehazki, Bene Markaida sopeloztarraren bideo honengatik izan gara sailkatuak. Sariketa antolatzeko, TOKIKOMek Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, kafe eta mokadutxo batekin, eta, jarraian, TOKIKOM SARIAK banatuko dira, toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena ere nabarmentzeko. Gainera, Nafarroa Saria ere emango zaio Nafarroako baloreak eta konpromisoa ondoen islatzen dituen lanari. Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da. Hauek dira sariak eskuratzeko lehiatuko diren finalistak:

Azalik onena
• PUNTUA (Debagoiena). Biniloa.
• KARKARA GUKA (Orio-Aia). Olatu berrien bila.
• GUAIXE (Sakana). Matxismoa ari du.

Edukirik onena
• UZTARRIA GUKA (Azpeitia). Gelditu dira inprentaren makinak.
• KRONIKA (Urumealdea). Gizatasuna ideologien gainetik.
• ANBOTO (Durangaldea). Gazatik ihes egindako 25 palestinarrek Berrizen hartu dute aterpe.

Ikus-entzunezkorik onena
• 28 KANALA (Tolosaldea). Haritik tiraka: tokiko merkataritza.
• ANTXETA IRRATIA (Bidasoaldea). Uhin inklusiboak.
• HIRUKA (Uribe Kosta). Bene Markaida.

Toki komunikabideen erronkak

Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza. Horretarako, izen handiko gonbidatuak ekarriko ditu, hurrenez hurren:

• Euskararen Gogoetaguneko Jon Sarasuak euskararen etorkizunaz egindako lanketan toki komunikabideei aitortzen dien paperaz jardungo du.

• AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabi Gartziak, berriz, AEK-k azken urteotan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten diharduen prozesuaren berri emango dute, toki komunikabideentzat interesgarria izan daitekeelakoan.

• Azkenik, ElDiario.es-eko fidelizazio arduradun Ramón Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du. Aipatu bezala, ekitaldia Artikako Maria de Maeztu Kultur Etxean izango da, ostiralean, azaroaren 22an.

Erlazionatuak

Bene Markaida: "Guk bizi eta ezatu gendun Sopela guztiz ezberdina zan"

Iker Torre Navarro · Nahia Martinez Gondra 2023 urr 10 Sopela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun