Zein da euskarak Interneten duen presentzia?
Euskarak Interneten duen presentzia neurtzeko ez dago adierazle bakar bat. Neurtu daitezke Euskal Herrian euskarazko edukia duten webgune kopurua, % 15a dena, gutxi gorabehera. Neurtu dezakegu nabigatzaileek mugikorra zein hizkuntzatan konfiguratuta duten ere: % 4k inguru du euskaraz; baita euskarazko domeinuaren presentzia zenbatekoa dan ere –15.000 domeinu daude momentu honetan–. Euskara Interneten egon badago. Euskarak duen neurrirako, nire ustez, lan handia egin da. Beste kontu bat da ea nahikoa ote den dagoen hori hizkuntzaren osasun digitala bermatzeko.
Presentzia horrek urteetan zehar gora egin du?
Adierazle bakoitzaren arabera presentzia horrek gorabeherak izaten ditu. Adibidez, euskarazko webguneen kopurua nahiko egonkorra izan da azken hamarkadan. Bestalde, erabiltzaileen gailuen euskarazko konfigurazioan beheranzko joera bat egon da mugikorren erabilera zabaldu denetik. Hau da, ordenagailuetatik mugikorretarako salto horretan, konfigurazioa asko jaitsi da, baina azkenengo lau urteetan apur bat egin du gora. Ikus-entzunezkoen kasuan, aurrerapausoak eman dira, eta, momentu honetan, orain dela bi urte baino euskarazko eskaintza handiagoa dago. Publizitatearen arloan, atzerapausoa eman da, askotan gauza guztiak ez daudelako gure esku. Twitter-ek (orain, X-k) euskarazko publizitatea onartu zuen, baina Elon Musk-ek erosi zuenean atzerapausoa eman zen. Era berean, Googlek iaz bere algoritmoa aldatzeko erabakia hartu zuen eta euskarak ikusgarritasuna galdu zuen horren eraginarengatik.
Googlek zein hizkuntza lehenesten du?
Googlek edukia, normalean, erakusten du erabiltzaileak nahi duen hizkuntza horretan. Iaz gertatu zena da algoritmoan aldaketa bat egon zela, seguru aski ez zena nahita eragindakoa ere, baina eragina izan zuena euskaldunongan: nahiz eta ordenagailua euskaraz eduki, bilaketak egitean, beste hizkuntza batzuetan erakusten ziren emaitzak. Orduan, bilatu zenezakeen Bernardo Atxaga eta horren gaztelaniazko Wikipediara eramaten zintuen edo haren webguneko gaztelaniazko bertsiora, nahiz eta zure konfigurazioa euskaraz egon eta zuk bilaketa euskaraz egin. Harremanetan egon ginen Googlerekin eta hori konpontzea lortu zuten. Baina batzuetan gertatzen dira horrelako gauzak, inpaktu handia dutenak hizkuntzan.
Zeintzuk dira gehienbat euskaraz dauden edukiak Interneten?
Oso indartsua den eduki bat da euskarazko Wikipedia, kalitatezko informazio asko duelako. Beste kontu bat da ea gero artikulu berdinak bisita gehiago dituen euskaraz ala gazteleraz, nora iristen den jendea. Euskarazko inguru digitalean euskarazko askoz eduki gehiago dute .EUS domeinua erabiltzen dutenek erabiltzen ez dutenek baino. Hori bada arnasgune digital bat. Asko gertatu dena da agian geuri teknologia batzuk beranduago heldu zaizkigula euskaraz. Hasi gara teknologia berri horiekin beste hizkuntza batean eta gero euskaraz izan ditugunerako hizkuntza ohitura batzuk ezarriak genituen. Hizkuntza ohitura horiek aldatzea izaten da zaila.
Zehazki sare sozialetan, zein da euskarak hartzen duen tokia?
Interneten gauza asko oso modu zehatzean neurtu ditzakegu, baina sare sozialak, kasu gehienetan, eremu itxiak dira. Meta-k, adibidez, euskara gehiago du eta LinkedIn-ek gutxiago. Baina euskararen erabilera gehiago baldintzatzen dituzte hizkuntza ohiturek teknologiak baino.
Zuon pertzepziotik, gazteak sare sozialetan euskaraz ari direla esango zenukete?
Sare sozialak harremanak dira; gazteek bertan sozializatzen dute. Beraz, sare sozialetan kalean dituzten hizkuntza-ohitura oso antzekoak izatea posible dela uste dut. Agian gertatu daiteke kalean edo etxean arnasgune batzuk sortzea pertsona batzuekin euskaraz egiteko. Sare sozialetan, ordea, zailagoa da hori gertatzea toki guztia delako irekia eta ez dituzulako horrelako txokoak sortzen. Beraz, sare sozialek izan dezakete zailtasun hori arnasgune txikiak sortzeko, baina uste dut eragina gehienbat soziolinguistikatik datorrela eta ez hainbeste teknologiaren ondorioz. Izan ere, teknologiak ahalbidetu du mundu askoz globalago bat. Modu horretan, askoz input gehiago jasotzen ditugu munduko leku guztietatik Internet bidez. Hala, gu txikiagoak gara horien guztien aurrean. Hasieran esaten nuena, euskara badago Interneten, baina nahikoa da dagoen hori bere osasun digitala bermatzeko? Gaztelania eta ingelesa oso hizkuntza handiak dira, eta Interneteko ia guztia dago hizkuntza horietan.
Zein neurri edo bide hartu beharko lirateke euskarak Interneten leku gehiago irabazko?
Nire aburuz baliatu behar dugu momentu honetan teknologiak ematen dizkigun tresna guztiak. Teknologia mehatxu bezala ikusi beharrean abantaila gisa ulertu behar da. Gainera garrantzitsua eta ezinbestekoa da erabiltzaileengan jartzea fokua: alde batetik, aztertzeko zein den eskaintza bera, zenbat euskara dagoen Interneten, ze sare sozial dauden euskaraz, zenbat ikus-entzun ditugun euskaraz... Eta, beste alde aldetik, eskariaren alderdia dago ere. Hau da, ikertzea zer ari den eskatzen erabiltzailea eta zer ari den kontsumitzen. Webguneek jasotzen dute zein hizkuntzatan jaso nahi dugun edukia, beraz, bertan, adibidez, aukera dugu esateko euskaraz jaso nahi dugula, argi eta garbi esateko "ni euskalduna naiz". Hori egiteko aukera badaukagu. Beraz, pauso horiek sustatzera eta kontzientzia hori hartzera animatuko nuke jendea.