Adimen Artifiziala

"Fake news": gezurraren kultura berria

Iker Rincon Moreno 2024ko eka. 10a, 08:36

Interneten sorreraren eta teknologia berrien gorakadaren ondorioz, fake news ek eta eduki faltsuek gora egin dute mundu osoan. Desinformazioaren zurrunbiloan bizi gara. Edonork sor dezake eduki iruzurti bat, faltsua edo aurrefabrikatutakoa, eta sare sozialek ahalbidetzen dute horiek mundu osora zabaltzea. Eduki faltsuak benetakoak baino askoz gehiago partekatzen dira, segundo gutxian. Egia-ostearen testuinguruan ematen da hori, zer den egia eta zer gezurra berdin zaigun garaian. Julen Orbegozo eta Alex Rayón adituakaz berba egin dugu fenomeno hori sakonean aztertzeko.

Gezurra zibilizazioa bezain zaharra da, eta historiako pertsonaia ezagun asko horretaz baliatu dira euren helburuak lortzeko. Izan ere, Makiavelo Errenazimentuko pentsalariak zioen bezala, gezurra egundoko arma politikoa da, «errazagoa da zurrumurruak sinestea egia baino». Baina, zer da egia eta zer gezurra? Egia kontzeptu labainkorra izan daiteke metafisikan: filosofo zaharrek uste zuten ez zegoela defendatzeko moduko egia absoluturik, ezta garai batean ontzat emandakoak ere. Grezia klasikoan, berbarako, sofistek uste zuten edozein egia zela defendagarria, egia hori sendoa eta oinarriduna ez zela jakin arren. Zientzian, berriz, egia aldakorra izan da beti, eta aurkikuntza berri batek ordura arte egiatzat hartzen zena deusezta dezake. XX. mendearen amaieran, postmodernismoren pizkundean, indarra hartzen joan da berriro ere egia absolutua ukatzearen filosofia. Ikuspegi hori darabiltenek ez dute ontzat hartzen gizakiaren eta bere historiaren egia objektiboa deskribatzeko kontakizun absolutua. Hala, jazo diren edo ez diren gertakariak egon daitezke, eta horiek denek gure ulertzeko moduan eta iritzian eragin dezakete, benetakoak zein asmatutakoak izan.

Politikagintzan maiz erabiltzen da gezurra, herritarrak manipulatu eta helburu zehatzak lortzeko. Baina ez bakarrik arlo horretan. Nahi ala ez, gezurren artean bizi gara, gure egunerokotasunaren parte dira, betidanik. Hala ere, gaur egun gezurrek indar eta eragin handiagoa dute gizartean, batez ere sare sozialek eta teknologia berriek horiek hauspotzen dituztelako ahalik eta hedapen handiena izan dezaten, besteak beste. Horren erakusgarri da, berbarako, Donald Trumpek AEBetako presidente izateko 2016an abiatu zuen hauteskunde-kanpaina. Politifact webgunearen arabera, Trumpek garai horretan egindako deklarazioen % 70 ez ziren errealitatean oinarritzen, edo gezur handiak ziren. Eta horri denari esker dago dagoen lekuan, neurri handi batean. Albiste faltsuen unibertso modernoa sortu du, eta oso emaitza onak eman dizkio. Orain, Europako alderdi askok errezeta hori bereganatu dute, eta gezurra da euren estrategiaren osagai nagusia. Horren ondorioz, gizartea polarizatu da hein handi batean; hala, gutarrek esaten dutena ondo dagoela uste dugu, eta besteek diotena, aldiz, txarto. Egia-ostean (post-truth) bete-betean murgildu gara, zer den egia eta zer gezurra berdin duen garaian, hain zuzen ere.

Julen Orbegozo EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasleak uste du egiak horrenbeste balio ez duen gizarte batean bizi garela: «Inoiz baino gehiago, egia erlatiboa da. Ia guztiari aurre egiten zaio, baieztapen handienei ere. Balio handiagoa dauka norberaren sinismenak indartzea, erratuta egon arren, egia ezagutzeak baino». Egia eta gezurraren arteko eztabaida bizia da gaur egun. Daborduko, mundua ez da bitarra, zuria ala beltza, egiazkoa ala gezurrezkoa. «Egia eta gezurra ez dira existitzen, eta hala ulertarazi nahi digunak ziria sartu nahi digu; egia eraikuntza kultural bat da».

Gezurrezko albisteen unibertso modernoa

Egoera horretan zeresan handia du gaur egun aski ezaguna den fake news kontzeptuak. Berba hori 2017ko urteko hitz izendatu zuen Oxfordeko hiztegiak; ordutik, denon ahotan dago. Orokorrean, jendeak desinformazioagaz lotuta dauden ia elementu guztiak izendatzeko erabiltzen du berba hori, zaku berean sartuta dena. Betiko manipulaziotik hasita sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan buloetara arte, den-denerako erabiltzen dute anglizismo hori. Hala ere, eta aldaketarik egin gabe, «gezurrezko albiste» modura itzuli behar dugu berba. Horiek ez dira eduki faltsuak dituzten albisteak, baizik eta albiste moduan argitaratzen diren gezurrezko istorioak, aurretik diseinatutako helburuak dituztenak. Azken finean, gezurrezkoa den zerbait erreal moduan aurkezten dituzten albisteak dira. Hala, fake news berba erabili beharrean, desinformazio-kontzeptuaren gainean jardutea gomendatzen du Europako Batzordeak, «batez ere horren erabilera franko politizatu delako, eta gezurrezko albisteak baino askoz modu gehiagotan manipulatu daitekeelako iritzi publikoa», gogoratu digu Orbegozok. Trumpek, berbarako, erabat kutsatu du fake newsen erabilera. AEBetako presidenteak kazetaritza kritikoa eta zintzoa egiteko joera duten hedabideen aurka egiteko erabiltzen du hori; berarentzat, gezurrezko albiste bat haren gobernuaren kontrako edozein eduki da.

Zer da orduan benetan fake news bat?

Desinformatzea eta engainatzea da gezurrezko albisteen helburu nagusia. Hala ere, fenomeno hori betidanik existitu da, komunikatzeko bitartekoak eta komunikatzeko grina ditugunetik. Iritzi publikoan eragiteko gezur bat kontatzea ez da gaurko kontua; berbarako, 64. urtean Erroma suntsitu zuen sutea baliatu omen zuen Neron enperadoreak ezbeharra kristauei leporatzeko eta haiek zirkuan hiltzeko. Erromako ohitura eta erlijio zaharrak zalantzan ipintzen hasiak ziren kristauak, eta inperioaren agintari gorenak horien kontra jotzeko aitzakia modura erabili ei zuen sutea. Hala ere, gertakari horren harira askotariko historiak zabaldu dira ordutik gaur egun arte: Neronek berak agindu zuela sutea, ezbehar baten ondorioz eragindakoa zela...

Baina, zer gertatu zen benetan? Ahoz ahokoetan, mitoetan, kondairetan eta norbaitek utzitako testigantza idatzietan eraiki ohi dugu ezagutzen dugun errealitatea, eta horiek egiatzat edo gezurtzat hartzen ditugu. Orain, aldiz, testuinguru teknologikoa eta kulturala aldatu denez gero, Orbegozok uste du gezurrezko albisteen disekzioa eta anatomia ezagutzea baino, garrantzitsuagoa dela inguruan daukan guztiari erreparatzea.

Sare sozialen bitartez lortzen duten hedapenari esker dute horrenbesteko arrakasta gaur egun gezurrezko albisteek eta edukiek orokorrean. Aro digital eta sozial batean bizi garenez gero, pertsona askok uste dute zerbaitek gizartean eragina izateko edukia gizarte-sareetatik zabaldu beharra dagoela. Horretarako bitarteko erabilienak Facebook eta Twitter izan ohi dira, gero eta jende gehiagok dituelako erreminta bi horiek informazio iturri modura. Alex Rayón Deustuko Unibertsitateko errektore-ordeak azaldu digunez, azken urteotan areagotu egin dira mota horretako albisteak zabaltzen dituzten webguneak. Gainera, horiek kudeatzen dituztenak adituak dira edukiok ahalik eta hedapen handiena izateko tekniketan. Arrakasta izateko edukiek zabalpen handia izan behar dute, «biralak izan behar dute». Horretarako, sare sozialen dinamika eta funtzionamendua menperatzea ezinbestekoa da, bide horiek erabilita ahalik eta jende gehiagorengana ailegatzeko.

Eduki faltsu motak

First Draft elkartearen arabera, eduki faltsuak askotarikoak izan daitezke. Satira eta parodiak dira gezurrezko albiste ezagunenak, baita ere errazenak atzemateko. Horiek ez dute engainatzeko edo kalterik eragiteko asmorik, eta argi utzi ohi dute zabaltzen duten informazioa egiazkoa ez dela. Hala ere, ezkutuko helburuak dituzten edukiak ere aurki ditzakegu; horien artean eduki iruzurtiak daude, benetako iturri ofizialak erabili beharrean, egileak iturriak eta informazioak asmatzen dituenean. Lotura faltsuak egiten dituzten albisteak ere badaude, titularrak, irudiak eta bestelako informazio gehigarriek edukiagaz bat egiten ez dutenean. Edukiaren muina egiazkoa izan arren, testuingurua asmatua duten albisteak ere aurki daitezke, baita manipulatutako edukiak dituztenak ere. Azken horietan, berbarako, argazkiak desitxuratu edo moldatuta argitaratzen diren eduki asko aurki daiteke sarean. Azkenik, erabat asmatutako albiste edo edukiak daude, kontatzen den berria guztiz faltsua denean eta engainatzeko eta kaltetzeko diseinatuta daudenak, alegia. Atal horretan sartzen dira fake news edo gezurrezko albisteak.

Sare sozialen eragina. Sare sozialen agerraldiagaz batera, erraztu egin da iruzurtiak izan daitezkeen edukiak partekatzea eta horiek munduko leku denetara ailegatu ahal izatea. Daborduko amaitu egin da informazioaren produktorearen eta kontsumitzailearen dikotomia; honezkero, edonork publika dezake informazio bat interneten, kazetaritzarenak izan daitezkeen erremintak baliatuta. Hala, pertsona anonimo batek edozein informazio publika dezake bere blogean edo sare sozialetan, eta lortutako hedapenaren ondorioz, hedabideek ere horren isla izan dezakete.

Facebook, Twitter eta halako plataformek darabilten algoritmoek erabiltzailearentzat adierazgarriak izan daitezkeen edukiak erakusten dituzte, norberak jasotzen duen informazioa nolabait baldintzatuta eta iragazita. Horrez gainera, sare sozialek euren plataformetan publikatutako edukiak horiek duten hedapenaren eta jasotzen dituzten interakzioen arabera zabaltzen dituzte erabiltzaileen artean. Hala, zenbat eta atsegite eta partekatze gehiago, orduan eta hedapen eta adierazgarritasun handiagoa izango du eduki batek plataforma horietan. Egoera horrek guda-zelai berria sortu du gizartean, politikagintzan batez ere.

Askoan berba egin da errusiarren injerentziaz AEBtako 2016ko hauteskunde presidentzialetan, Ingalaterrako Brexitaren arrakastan edo Kataluniako independentzia-prozesuan, besteak beste. AEBetako Inteligentzia Elkarteak jomugan du Errusia, Kremlineko agintariek askotariko herrialdeetako iritzi publikoan eragiteko estrategia birtuala darabiltelakoan. Amerikarren arabera, errusiarrek robotak erabiltzen dituzte eduki faltsuak hainbat sare sozialetatik etengabe zabaltzeko eta jendearen pentsamoldean, ikuspegian eta, azken finean, iritzi publikoan eragiteko. Framing edo enkoadratzearen teorian oinarritzen da estrategia hori. Orbegozok azaltzen duenez, gezurrezko albiste edo edukiak zirkulazioan ipintzea inportantea da munduan gertatzen diren gauzak enkoadratzeko edo gizartean gertatzen ari diren gauzak zer-zelakoak diren ulertzeko: «Tantaz tanta, gure munduaren ikuskera baldintzatzeko sortu daitezke gezurrezko albisteak». Adibide moduan, espainiar Estatuan azkenaldian darabilten albiste faltsu gehienak immigrazioari buruzkoak direla ohartarazi du Orbegozok. Horiek ez dute alderdi bat edo bestea jomugan; helburu nagusia da jendearengan ikuskera zehatz bat sortzea fenomeno zehatz baten inguruan. EHUko adituak ipinitako adibidearen kasuan, pertsona migratzaileen uholde bart dagoela ikusaraztea da helburua, besteak beste.

Gezurrezko albisteen helburu ilunak, agerian

Ikus daitekeenez, gezurrezko albisteen edo edukien atzean dauden helburuak ideologikoak eta politikoak izan daitezke. Komunikazio politikoan betidanik heldu izan zaio emozioari eta manipulazioari. Horrez gainera, erdibideko egiak edo, zuzenean, gezurrak baliatu izan dira erreminta estrategiko modura. Horren adibidea dugu lehen aipatutako Donald Trumpen hauteskunde-kanpaina. Trumpek sare sozialak erabili zituen askotariko gezurrak hedatzeko eta bere aurkaria zen Hillary Clintonen irudia zikintzeko. Erraza zen baieztapen horiek gezurtatzea, baina informazio hori arinegi hedatu zen gizartearen zirrikitu guztietara, sare sozialei esker, berriro ere.

Helburu ekonomikoa ere izan dezakete gezurrezko albisteek. Alex Rayón adituak azaldu digunez, eredu ekonomikoaren paradigman sartuta dauden hedabideek albiste sentsazionalistak eta faltsuak argitaratzen dituzte euren webguneetan jendea horietara erakartzeko asmoz. Izan ere, webgune horien negozioaren % 100 publizitatea da, eta horiek jasotako bisiten arabera lortzen dute dirua; zenbat eta bisita gehiago, orduan eta etekin handiagoa.

Horrez gainera, Rayónek hirugarren helburu bat egozten die eduki faltsuei edo iruzurtiei. Dioenez, horiez berba gutxi egiten den arren, badaude, sinpleki kaosa sortu guran, beldurra sortzeko edukiak zabaltzen eta publikatzen dituzten pertsonak. Atentatuak eta ezbeharrak jazotzen direnean zabaldu ohi dira eduki horiek, Twitter bidez bereziki. Berbarako, Bartzelonako 2017ko erasoen ondoren, sare sozialetan bolo-bolo ibili ziren Bilbon, Donostian eta beste hainbat hiritan antzeko atentatuak egongo zirelako zurrumurruak. Halakoetan, larrialdi-egoeretan, sare sozialetan zabaltzen den informazio faltsua identifikatu eta gezurtatzen du egunez egun Vost boluntario digitalen taldeak. Azaldu dutenez, arriskua eragin edo kaltea sor dezakeen informazioa bada, benetako informazioagaz erantzuten dute. Albiste bat gezurra dela atzematen badute, aldiz, larrialdietako arduradunei ematen diete horren berri, eta gezurra dela baieztatuz gero, sare sozialetan joan-etorri handia duen informazioa den begiratzen dute: nondik sortu den, jarraitzaileen kopurua, zenbat bider konpartitu den, noiz sortu den kontua... «Sare sozialetan indar handia hartzen ari den gezurra bada, berehala erantzuten dugu, informazioa gezurtatuta», azaltzen dute. Euren goiburua hau da: «Informazio bat benetakoa ote den ez badakizu, ez bertxiotu».

Zelan egin aurre faltsuak diren edukiei?

Julen Orbegozo EHUko irakasleak uste du garai batean askoz ere errazagoa zela eduki faltsuak identifikatzea, hala nola manipulazioak egiten zirenean argazkietan. Gaur egun, ordea, nekezago izaten zaigu gezurrezko albiste bat edo eduki faltsu bat identifikatzea. Alde batetik, askoz ere informazio eta albiste gehiago dago zirkulazioan. Interneten sorreraren ondorioz, gainera, komunikabideek gora egin dute eta webgune informatiboak biderkatu egin dira azkenengo urteetan. Hala ere, harrigarria da hori, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz kazetaritza izan zelako lanbiderik kolpatuenetako bat, Madrilgo Kazetarien Elkargoaren arabera. «Zerbaitek ez du bat egiten. Kazetari gutxiago dago, baina komunikabide gehiago», ondorioztatu du adituak.

Teknologia ere hobetu egin da azken urteotan; gailuak merkatu egin dira eta edozer gauza egiteko gai gara denok horiei esker. Gainera, gauza batean aditua izan edo ez, interneten dagoen informazioari esker gauza asko egiten ikas dezakegu. Hala, gaur egun edonor da gai mugikorra hartu eta bideoz gertakari bat grabatzeko eta sare sozialetatik partekatzeko zuzen-zuzenean. Are gehiago, edonork har dezake webgune bat, hura moldatu eta eduki bat trukatzeko benetan bertan publikatu dena desitxuratzeko. Gura beste aukera dago informatzeko gaur egun, baita desinformatzeko ere.

Komunikabideen eta eduki-sortzaileen gorakada horrek informazio-kopurua handitzea eragin du. «Infoxikatuta» bizi gara. Egunez egun, orduz ordu jasotzen dugun estimulu-kopurua etengabekoa da. «Arretaren borrokaren gizartean bizi gara. Nork lortuko du gure arreta bereganatzea?», galdetzen du Orbegozok. Horren ondorioz, albiste eta edukien ekoizleek ahalik eta produktu erakargarriena egiten saiatzen dira, engainua erabilita bada ere. Berbarako, ohiko bilakatu da albisteakaz bat etortzen ez diren titularrak erabiltzea jendea horietara erakartzeko asmoz, amuak balira bezala.

Informazioa kontsumitzeko moduak

Testuinguru horretan, EHUko adituak azaldu digunez, teoria zientifikoek diote bi modutara jasotzen dugula pertsonok informazioa: modu automatiko eta azalekoan; edo modu kontzentratu batean. Gaur egun gauza gehiago egiten dugu, «baina arreta gutxiagorekin, tentu gutxiagorekin, sakontasun gutxiagorekin. Hutsaltasunaren gizartean bizi gara». Horrez gainera, adituak azaldu digu azaleko kontsumora jotzen dugula are eta estresatuago bizi garelako, «infoxikatuago». Era berean, pertsonok gure usteak edo sinesmenak berrindartzeko joera dugula diosku EHUkoak: «Gure zirkulua sortuko dugu eta gure sinismenen aldeko informazioari kontzientziaren ateak irekiko dizkiogu, eta aurkakoei erabat itxi. Modu batera edo bestera saiatuko naiz justifikazio bat topatzen edo zirrikitu bat topatzen nire sinismenen kontrako ideiak ez sinisteko».

Konponbide bila, ez da bide erraza

Erakunde publiko eta pribatu askok gomendioak eman dituzte albiste faltsuak detektatzeko; hala ere, kulturalki landu beharreko zerbait dela uste dute adituek, «jendea heztea da gakoa». Horrez gainera, Orbegozok jakinarazi digunez, azkenaldian algoritmoak diseinatu dira gezurrezko albisteak detektatzeko. Horren harira, Sherpa Adimen Artifizialeko Erandioko enpresak lanean dihardu fake newsei aurre egiteko. Xabi Uribe-Etxebarria konpainia horretako zuzendariak iragarri digunez, 2019ko urtearen hasieran Sherpa News izeneko doako aplikazioa kaleratu zuten, erabiltzailearen gustuen eta interesen arabera eduki bat edo beste eskaintzen duena: «Gai gara, % 97ko fidagarritasunarekin, erabiltzailearentzat interesgarria den eduki bat eskaintzeko». Inteligentzia artifizialeko askotariko algoritmoak erabili dituzte emaitza horiek lortzeko, «norberaren erabileraren arabera aplikazioak ikasi eta emaitzak hobetzen ditu». Hurrengo erronka, ordea, fake newsei aurre egitea dela iragarri dute Sherpakoek. Horretarako, algoritmo bereziak garatzen ari dira orain eta urtearen amaierarako prest izatea aurreikusten dute. «Teknologia lagungarria izan daiteke gezurrezko albisteak detektatzeko zereginean. Teknologiek dakartzaten aukerak baliatu behar ditugu horretarako», azaldu digu Uribe-Etxebarriak.

Fake newsak Euskal Herrian

Julen Orbegozoren arabera, gezurrezko albisteak ez dira beste leku batzuetan bezala garatu Euskal Herrian. Horren ordez, kasu honetan eduki faltsuen inguruan berba egin beharko genukeela uste du adituak. «Komunikabide «ustelik» ez omen dago Euskal Herrian; bai, ordea, sentsazionalismorako eta esajeraziorako joera izan dezaketenak, internetekin batera sortu direnak, batez ere. Dena den, bertoko hartzaileak badu horien joera zein den jakiteko baliabide bat: ezagutzen dut komunikabidea? Hau da, El Correo, Deia, Radio Euskadi, Naiz, Berria, HIRUKA, Anboto... da albistearen egilea? Hala ez bada... jada hasten naiz errezelatzen. Nahiko ohituta gaude komunikabidea identifikatzen». Hori da gakoetako bat; albistearen sortzailea nor den jakin ezean, ez fidatu asko.

Eduki faltsuak sortu dira inguruotan, bai, baina ez dira horrenbeste hedatu. «Nahiko nabarmen harrapatu da gezurrezkoak direla, eta jendeak gehiago zabaldu du umorearen norabidetik», azaldu digu Orbegozok. Hala, orokorrean Euskal Herriko gizartea egia eta gezurra ezberdintzeko prestatuta dagoela uste du adituak. Era berean, komunikabideen jokabidea goraipatu du EHUko irakasleak: «Hemen, normalean, komunikabideek ez dute eduki faltsua albiste bihurtzen. Hau da, ez dira korrika joaten albiste bat egitera eduki faltsu batetik». Hala ere, Alex Rayón Deustuko Unibertsitateko errektore-ordeak gogoratu duenez, mota horretako kasuak ere egon dira hemen, hala nola Hondarribian suge pozoitsu arriskutsu bat atzeman ei zutenekoa. Kasu horretan, emakume batek ohartarazi zuen Gaboneko (Afrika) sugegorri bat ikusi zuela Amuteko paduran; hala ere, gerora aitortu zuen salaketa hori faltsua zela. Bitartean, hedabide askok horren berri eman zuten, salaketari sinesgarritasun osoa emanez hasiera batean. Ondoren, benetako egoera zein izan zen ikusi ondoren, denek zuzendu zuten informazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen iritziz (% 61), informazio faltsuak edo fake newsak arazo larria dira demokraziarentzat, urtarrilean Prospekzio Soziologikoaren Kabineteko azterlan batek emandako datuen arabera. Hala, Europar Batasuneko gainerako biztanleak (% 45) baino kezka handiagoa erakusten dute euskal herritarrek. Horren aurrean, Orbegozok eta Rayónek argi dute kazetariok dugun gaur egungo erronka nagusietako bat dela bidean galdutako nolabaiteko prestigioa berreskuratzea, eduki fidagarri eta sendoak erabilita. «AEBetan gertatu dena geldiarazi behar dugu. Ezin dugu onartu hedabideak polarizatuta egotea, batzuek egia eta beste batzuek gezurra kontatzen dutela sinestea, alegia. Kazetaritza ona, zorrotza eta zalantzarik gabekoa egin beharra dago», amaitu du Rayónek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun