Durangoko Azokako Talaia areto nagusian aurkeztu dute Euskaraldiaren laugarren edizioaren kanta. Gure Bihotzaren Taupadak izenburupean, Euskaraldiaren izaera askotarikoagaz bat egiten duen kanta sortu dute, “edonork entzuteko moduko abesti herrikoia”.
Euskaraldiko koordinatzailea Goiatz Urkijok, eta Bulego taldeko Tomas Lizarazuk, Xabi Arrietak eta Ruben Lizarraldek parte hartu dute ekitaldian, eta kantagaz batera bideoklipa ere erakutsi dute, lehenengoz.
Tomas Lizarazu taldeko abeslariak eman du kantaren eta prozesuaren berri, eta azpimarratu du Bulego sortu zenetik euskararekiko izan duten harreman estua, izan ere, “euskara hutsean sortzen eta abesten duen proiektu bat izanik, gure nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat da hizkuntza bera”.
Euskal Herrian jarduteaz gain, atzerrian ere euskaraz abestuta bidea egitea posible dela erakutsi dute eta kanporako joera horrek euskararen garrantzia berretsi du taldearengan. “Uste guztien kontra ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigu”, dio Lizarazuk.
Lizarazuren hitzetan pixkanaka euskara Bulegoren nortasunean errotzen joan da eta, ondorioz, Euskaraldiko kideak taldeagaz harremanetan jarri zirenean ez zutela “bi aldiz pentsatu beharrik izan baiezkoa emateko” gaineratu du. “Euskaraldiarekin bat eginez eta abestia sortuz guri hainbeste eman digun hizkuntza bati bueltan zerbait ematera gindoazela sentitzen genuen”. Jendartean izan dezaketen eragina euskararen alde baliatzea euren ardura ere badela esan dute.
Izen-emateak martxan
Euskaraldiko koordinazioko kideek gogoratu dute herrien izen ematea irekita dagoela, Euskaraldia euren herrietan antolatu gura dutenek izena eman dezaten eta baliabideak jaso ditzaten. Eta, gainera, Euskaraldian parte hartu gura duten entitateek ere izena emateko aukera dute jada Euskaraldiko webgunean: www.euskaraldia.eus. Belarriprest eta ahobizien txanda, berriz, martxoan izango da.