Adimen Artifiziala

Eskolako lanak egiteko adimen artifiziala erabiltzen du DBHko ikasleen erdiak, inkesta baten arabera

Mikel Garcia Idiakez 2024ko eka. 5a, 13:37

Ikasleen heren batek adimen artifiziala baliatu du idazlanak eta saiakerak idazteko, eta %11k azterketetako galderak erantzuteko. ARGAZKIA:PVP PRODUCTION / FREEPIK

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen %97k adimen artifiziala erabili du. Informazioa bilatzeko, idazlanak eta etxerako lanak egiteko edota azterketako galderak erantzuteko baliatzen dute. Espainiako Estatuko (tartean Hego Euskal Herriko) 63 ikastetxetako 1.006 ikasleri egindako inkestaren datu eta kezken berri eman dute.

ChatGPT, Gemini edo antzerako tresnak erabili dituzte, jada, DBHko ikasle ia guztiek. Sarri informazioa bilatzeko erabiltzen dute adimen artifiziala (%76ak), baina bestelako funtzio batzuk ere ugaritu dira: ikasleen erdiak eskolak etxerako bidalitako lanak egiteko erabiltzen ditu erreminta horiek, heren batek idazlanak eta saiakerak idazteko baliatu dute, eta %11k azterketetako galderak erantzuteko.

TMG Research ikerketa enpresak martxoan egindako inkestaren emaitzak dira, eta 120 herrialde baino gehiagotan hainbat hizkuntzatan funtzionatzen duen Plag.es enpresa da ikerketaren buruetako bat. Adimen artifizialak plagiaturiko testuak antzemateko tresna da Plag.es eta Chorst Klaus fundatzaileak adierazi du ez zutela espero hainbeste ikaslek adimen artifiziala erabiltzerik, idazlanak edo etxerako lanak egiteko. Hain azkar zabaltzen ari den fenomenoaren aurrean, hezkuntzan eztabaida sustatzea beharrezkoa dela eta irakaskuntza metodoak birplanteatu behar direla dio Klausek, ikasketetan gutxiago ahalegintzeko erabiltzen duten ikasleek gaitasun gutxiago garatuko dituztelako: “Pentsamendu kritikoa eta sormena landu behar ditugu, erremintak egoki erabil daitezen eta etika akademikoa mantendu dadin”.

"Irakasleak polizia bilakatzen gaitu eta horregatik bi joera nagusitu dira: jarraipen hori oso zorrotz egiten duten irakasleak eta paso egiten dutenak, betiko moduan ebaluatzen segitzen dutenak"

Irakasleek oinarrizko formazioa jasotzea premiazkoa dela ere badio, adimen artifizialaren eta bere aplikazioen inguruan, irakasle gutxi baitira adimen artifiziala benetan ezagutzen eta erabiltzen dutenak. “Eskolan dauden bitartean gazteei adimen artifizialari buruzko informazio eta esperientzia egokia bideratu gabe, adimen artifizialeko algoritmoen gehiegizko erabilera are kaltegarriagoa izango da etorkizunean”.

Nola ebaluatu adimen artifizialaren aroan?

Adimen artifiziala hezkuntzan izaten ari den eraginaz idatzi dute ARGIAn: Pablo Garaizar adituaren hitzetan, “adimen artifiziala erabilita, lanaren azken emaitza oso potentea da, eskuz eginda baino potenteagoa, baina ia dena makinak egin du. Alegia, emaitza hobeak lor daitezke, baina prozesuan galerak izaten ari gara, entrenatu gabe nekez hobetzen baita, eta irakasleok ezin dugu pentsatu emaitza hobeak jasotzen ditugulako teknologiak ikasketa hobetzen duenik; arazoa da emaitza bakarrik begiratzea, eta ez prozesua; ebaluatzeko modua aldatu behar da”.

Nola ebaluatu adimen artifizialaren aroan? “Ebaluazio offline batean, azterketa klasiko batean, ChatGPT guztiz saihestu daiteke, baina hiruhilekoan zehar lanen bidez ebaluatu nahi denean, ezinezkoa da bermatzea ez dela adimen artifiziala erabiliko, eguneroko jarraipen handiagoa behar luke, adibidez susmagarria da ikasle batek bat-batean sekulako saltoa eman badu egun batetik bestera. Horrek, ordea, irakasleak polizia bilakatzen gaitu eta horregatik bi joera nagusitu dira: jarraipen hori oso zorrotz egiten duten irakasleak eta paso egiten dutenak, betiko moduan ebaluatzen segitzen dutenak”.

Artikulu hau ARGIA.EUS agerkariak argitaratu du, eta CC-BY lizentziari esker ekarri dugu webgune honetara.

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun