Adimen Artifiziala

Bizkaiko Foru Aldundiak 4 milioi euro inbertituko ditu enpresen eraldaketa digitalerako

Erredakzioa 2024ko mai. 16a, 14:04

Ainara Basurko gobernu kontseiluaren prentsaurrekoan. © BFA

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak Trantsizio Digitala 2024 programa aurkeztu du. Programa horren bidez, 5 eta 250 langile arteko lantaldea duten ETEen digitalizazio-proiektuak sustatu gura dituzte, oinarrizkoak eta aurreratuak. Foru-diputatuak esan duenez, enpresen eraldaketa digitala etorkizuneko hazkundearen eragile nagusietako bat da, berrikuntzaren, enpresa-garapenaren, modernizazio ekonomikoaren eta aurrerapen eta gizarte-ongizatearen palanka nagusietako bat baita digitalizazioa.

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak gaur iragarri du, Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan, bere sailak Trantsizio Digitala programaren beste deialdi bat egin duela, eta 3,95 milioi euroko aurrekontua izango duela. Programa hau 5 eta 250 langile arteko plantilla duten Bizkaiko industria-enpresentzat eta industriari lotutako zerbitzu-enpresentzat da; oinarrizko digitalizazio-proiektuetarako laguntza-lerro bat du, eta beste bat, ekimen aurreratuetarako.

Basurkok nabarmendu duenez, gure lurraldea lehiakorragoa, konektatuagoa eta adimentsuagoa izatea eragiten du teknologiak.  Eta erantsi du horregatik ari dela Bizkaiko Foru Aldundia enpresen eraldaketa digitala sustatzen, etorkizuneko hazkundearen eragile nagusietako bat den heinean, berrikuntzaren, enpresa-garapenaren, modernizazio ekonomikoaren eta aurrerapen eta gizarte-ongizatearen palanka nagusietako bat baita digitalizazioa.

Oinarrizko digitalizazioa

Bizkaiko enpresak heldutasun teknologikoaren maila desberdinetan daude. Foru Aldundiak antzeman duenez, batzuek, batez ere txikienek, laguntza gehigarria behar dute eraldaketa digital sakona egin ahal izateko. Haientzat da oinarrizko digitalizazio-lerroa, eta aurkezteko epea datorren maiatzaren 20an irekiko da. Itzuli beharrik gabeko zuzeneko dirulaguntzak norgehiagokarik gabeko araubidean emango dira, hau da, aurrekontua agortu arte edo epea amaitu arte (uztailaren 26an amaituko da).  Lerro horretarako aurrekontua 3 milioi euro da, guztira.

Oinarrizko digitalizazio-proiektutzat hartzen dira hauek ezartzeko direnak, besteak beste: merkataritza elektronikorako teknologia, kudeaketa aurreratuko sistemak (ERPCRMBusiness Intelligence, etab.), ekoizpen-prozesuak kudeatzeko sistemak (MES, SCADA, GMAO...), hornidura-katearen barne- eta kanpo-logistika kudeatzeko sistemak, prozesu industrialen automatizazioa, prozesu operatiboetako seinaleen eta datuen integrazioa, edo zibersegurtasuna.

Digitalizazio aurreratua

Eraldaketa teknologikorako prozesua hasia duten eta, malgutasunean, prestazioetan, erabakiak hartzeko prozesuan eta eraginkortasunean hobekuntzak lortzeko, datuen automatizazioan eta trukean aurrera egin gura duten enpresek digitalizazio aurreratuko lerroko laguntzak eskatu ahal izango dituzte. Lerro horrek teknologia hauek dituzten proiektuak babestuko ditu: adimen artifiziala, machine edo deep learning, hodei-konputazioa, konputazio kuantikoa, birtualizazioa, 3D simulazioa, errealitate birtuala, errealitate areagotua eta mistoa, gamifikazioa, elkarlaneko robotika, Gauzen Internet, ikuspen artifiziala, etab.

Foru Aldundiak 950.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza-lerro horretarako, eta eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 20an hasiko da, eta ekainaren 7an amaitu. Laguntzak norgehiagoka araubidean emango dira.

Trantsizio Digitala 2024 programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, lurraldeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko, batez ere industria-enpresen eta zerbitzu aurreratuen enpresen lehiakortasuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun