Bizkaiko Foru Aldundiak, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailaren bitartez, besteak beste, Gorlizen Hiri Antolamenduko sei plan orokor berri onartzea bultzatu du 2024an. Azaldu dutenez, 2006an plan horiek indarreko araudira egokitzeko derrigortasuna ezarri zenetik, Bizkaiko udalerrien % 33k baino ez du bete legezko eskakizuna.
Prozesua bizkortzeko, batez ere 7.000 biztanletik beherako Bizkaiko 82 udalerrietan, Aldundiak laguntza ekonomikoak handitu ditu, 2025ean 1,2 milioi euro bideratuz, eta udal bakoitzeko urteko dirulaguntza 40.000 euroraino handitu du. Carlos Alzaga diputatuak azpimarratu du garrantzitsua dela udalerriei laguntzea prozesu konplexu honetan, banakako bileren, azalpen-materialen eta aholkularitza teknikoaren bidez.
Ekimen horien helburua da udal txikien aurrekontu- eta administrazio-oztopoak murriztea, hiri-plangintza jasangarria erraztuz eta herritarren bizi-kalitatea hobetuz. Gainera, udalak animatu gura dituzte borondatezko txosten teknikoak eskatzera, azken onarpenak arintzeko.
Eskualdeko udalerriei dagokienez, Gorlizek plangintza orokorra berrikustea eta egokitzea lortu du; era berean, Barrika, Lemoiz eta Urduliz egokitzapen-prozeduraren beste fase batzuetan daude eta Plentzia izapideak hasi barik dauden udalerrien artean geratu da.