Pilak biltzeko edukiontzien kudeaketan aldaketak egingo ditu Uribe Kostako Mankomunitateak

Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 17a, 09:58

Ecopilas Fundazioagaz hitzarmen berri bat sinatu dute.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak herritarrei eta saltokiei jakinarazten die pilak biltzeko edukiontzien kudeaketan aldaketak datozela. Egokitzapen hauek Ecopilas Fundazioagaz sinatutako hitzarmen berriari erantzuten diete, 2025eko urtarriletik aurrera indarrean sartuko dena. Urtarrilerako programatutako azken pila-bilketakaz, merkataritza-establezimenduetan dauden edukiontziak behin betiko kenduko dira.

Indarrean dagoen araudiaren arabera, pilak saltzen dituzten establezimenduek pilak doan biltzeko zerbitzua eskaini behar dute. Lan hori errazteko, eta zerbitzua indartu gura duten saltokiak zuzenean jar daitezke harremanetan Ecopilas Fundazioagaz, laguntza jasotzeko, info@ecopilas.es helbide elektronikoaren bidez edo 914 170 890 telefonora deituta. Herritarrek eskualdeko udalerrietan jarritako bilketa guneetan utzi ahal izango dituzte pilak:

  • Urduliz: Udaletxea eta Nagusien Etxea.
  • Sopela: Udaletxea, Kiroldegia (igerilekuak) eta Mankomunitatea.
  • Barrika: Udaletxea.
  • Plentzia: Udaletxea eta Kultur Etxea.
  • Berango: Udaletxea eta Santa Ana Kultur Etxea.
  • Lemoiz: Udaletxea eta Kultur Etxea.
  • Gorliz: Udaltzaingoa eta Turismo Bulegoa.

Puntu horiek erabilitako pilen kudeaketa egokia eta iraunkorra bermatuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun