Plentzian eta Gorlizen, 6,96 kilo jostailu bildu zituzten ekainean eta uztailean (% 35 berrerabilgarriak), eta 12,42 kilo abuztuan eta irailean, % 80ra iritsiz berrerabilpena. Arriatera-Atxabiribilen, jasotako bolumena handiagoa izan zela azpimarratu dute: 6,80 kilo udako lehen hilabeteetan (% 80 berrerabilgarriak) eta 15,98 kilo hurrengoetan (% 98,4 berrerabilgarriak).
Hondartza horien hautaketa erabiltzaileen profilari buruzko azterketa baten ondorio izan zela adierazi dute. Plentzian eta Gorlizen umeak dituzten familia gutxiago daudela azaldu dute Aldundiko iturriek (% 33 eta % 38,4, hurrenez hurren), eta Arriatera-Atxabiribilera, aldiz, familia gehiago doaz (% 51,4). Horri esker, hobeto ebaluatu ahal izan zuten proiektuaren beharra eta inpaktua hainbat testuingurutan.
Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, ahaztutako edo galdutako jostailuak eta horiei lotutako hondakinak eskuz biltzea izan zen horren funtsa. Material horiek edukiontzi independenteetan gorde zituzten, eta konposizioaren azterketa zehatza egin zuten. Aztertutako alderdien artean, jostailuak elektronikoak ziren, pilak edo bateriak zituzten edo zatituta zeuden ebaluatu zuten, mikroplastikoak sortzea prebenitzeko.
Jostailu berrerabilgarriak Kooperari eman zizkioten, ekonomia zirkularra sustatzen duen erakundeari, eta berrerabiltzeko egokiak ez diren hondakinak balorizazio-prozesuetara bideratu ziren.
Proiektuaren zabalkundea
Proba pilotuaren arrakastaren ondoren, Aldundiak sistema hondartza berdinetan jarraitzeko asmoa du, eta datorren udan beste hareatza bitara zabaltzeko asmoa du, jasangarritasunagaz eta gizarte-berrikuntzagaz duen konpromisoa indartuz.
Azpimarratu dutenez, horrelako ekimenakaz, Bizkaiak bere hondartzen kalitatea hobetzeaz gain, ingurumena babesten eta naturgune paregabe horietaz gozatzen dutenen ongizatea lortzen ere laguntzen du.