Sakonean

Tokiko kazetaritza: herri baten kontakizunaren gordailu

Iker Rincon Moreno 2025ko urt. 23a, 10:09

HIRUKA komunikazio-taldeak 10 urte bete dituen honetan, bere aurrekariak izan diren proiektuei begira jarri eta horien zein, orokorrean, Euskal Herriko euskarazko gainontzeko tokiko komunikabideen hastapenak aztertu ditugu. Horretarako, Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak azaldu dizkigu hiru hamarkadan izandako gakoak eta erronkak.

Daborduko 10 urte bete dira HIRUKA Uribe Kostako euskarazko komunikabideak bere lehenengo agerraldia egin zuenetik. Hala ere, ez zen ezerezetik sortu, Santa Mariñe (Urduliz eta Sopela, 1992-1999) nontzebarriaren eta Bizarra Lepoan (Getxo, 1995-1999) aldizkariaren bidea jarraitu zuen UK hamabostekariaren (Uribe Kosta, 1999-2014) eta ukberri.net agerkari digitalaren (Uribe Kosta, 2003-2014) batuketaren emaitza izan baitzen. Beste helburuetako bat zuen Koska irrati autogestionatuak utzitako hutsunea betetzea, baina, azkenean, uhinetara salto egiteko bideak kale egin zuen. Gauzak horrela, 10 urte bete ditu HIRUKAk, baina Uribe Kostan gertatzen denaz informatzeko lanek 30 urte baino gehiago diraute. 

Zailtasunak zailtasun, hamarkada horietan, euskarazko tokiko kazetaritzak garatzen eta sendotzen jarraitu du, unean uneko erronkei aurre eginez, egokituz eta aurrera egiteko grinaz. Baina, zelakoak izan dira denbora-tarte horretan HIRUKAk –eta bere aurrekariek– zein Euskal Herriko gainontzeko euskarazko tokiko komunikabideek bizi izandako aldaketak, eta zeintzuk aurrera begirako gakoak? Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak aitortzen du aldaketa "asko" gertatu direla denbora tarte horretan, "ezinezkoa da guztiak aipatzea", baina hiru fase nagusi nabarmentzen ditu: euskarazko komunikabideen sorreraren hastapenak, profesionalizazioa eta XXI. mendeko iraultza digitala eta Internetaren goraldia.

Hiru hamarkadako bilakaera. XX. mendearen bukaeran abiatu zen gaur egun ezagutzen dugun euskarazko komunikabideen sektorea, eta herri ekimenari eta euskara elkarteei esker plazaratu ziren proiektu asko, eskualdekoak kasu. Tokiko komunitateetan erroak sendotu dituzten hedabideek euskara sustatzeko tresna eraginkor bihurtu ziren, eta paperak zuen protagonismoa nabarmena zen. Aldi horretan, baliabide ekonomiko urriekin lan eginda ere, komunikabideek herritarren babesa lortu zuten, eta horrek bide eman zien proiektuari eusteko eta bizirauteko.

HIRUKAk bere ibilbidea 2015ean hasi bazuen ere, Uribe Kostako tokiko euskarazko komunikabideen abentura 1992an hasi zela esan daiteke, Urduliz eta Sopela lantzen zituen Santa Mariñe nontzebarriagaz eta, ostean, Bizarra Lepoan, UK eta ukberri.net proiektuakaz.  

Bigarren etapa proiektu horietako langileen profesionalizazioari lotuta dago. Mimenzak azaltzen duenez, komunikabideen inguruan sortutako komunitate sendoak eta hedabideen kudeaketa profesionalak sektorearen heldutasuna ekarri zuten. Ordura arte boluntarioen lanagaz aurrera egiten zuten proiektuek egitura sendoagoak sortu zituzten, eduki hobeak eskaini eta audientzia zabaltzeko. Profesionalizazioak, hala ere, propio ekarri zituen erronka berriak, hala nola baliabide ekonomiko handiagoen beharra.

Azkenik, XXI. mendeko iraultza digitalak sektorea errotik aldatu zuen, eta eraldatzen jarraitzen du. Interneten eta teknologia berrien hedapenak komunikabideen kontsumitzeko moduak hankaz gora jarri ditu. Sare sozialak eta plataforma digitalak funtsezko bihurtu dira, eta, aldi berean, horiekiko menpekotasunak erronka berriak sortu. Tokiko hedabideek, hala nola HIRUKAk, aukera horiek baliatu dituzte publiko berrietara iristeko, baina egoera ekonomiko zaila eta teknologiaren egokitzapena oztopo bihurtu dira kasu askotan.

Mass mediatik "ni" mediara

XX. mende osoan nagusi izan ziren masa komunikabide tradizionalen aroa amaitu da; egunkari, aldizkari, FM bidezko irrati eta telebistek zabalkundearen hegemonia galdu dute: "Mass mediatik 'ni' mediara pasa gara, sare sozialen, algoritmoen eta korporazio handien arora". Hala, teknologia horiek baldintzatzen dituzte gaur egun kontsumitzaileen bizitzak eta, ondorioz, baliabide digitalak erabiltzea beharrezko bihurtu da publikoarengana heltzeko: "Sareak kakaztuta daude, gero eta gehiago, baina dena ez da kaka: horiek gure alde erabiltzea dagokigu, mobilizatzeko eta komunitatean garrantzitsuak izateko".

Kazetaritza garaikidearen erronkak

Gaur egungo kazetaritzak zurrunbilo mediatiko betean egiten du lan; inoiz baino komunikabide eta komunikatzeko bide gehiago dago, eta horrek erronka handiak dakartza, bai kazetariarentzako, zailtasunak baititu publikoarengana ailegatzeko, bai kontsumitzailearentzat ere, askotariko mezuak jasotzen baititu uneoro. Horrez gainera, digitalizazioak komunikatzaileen jarduna irauli zuen bezala, adimen artifizialak (AA) agerraldi garrantzitsua egin du orain. Hala, Mimenzak iragarri duenez, komunikabideentzako hurrengo erronka AAgaz "asmatzea" izango da. Testuak, irudiak eta bideoak sortzeko gaitasuna duten erremintak komunikabideen baliabide mugatuak indartzeko aukera eskaintzen dute, baina horien erabilera arduratsua eta etikoki zuzenak ezinbestekoak izango dira etorkizun laburrean.

Halaber, orain arte komunikabide askoren oinarria izan den paperezko euskarriaren rola aldatu egingo da. Mimenzaren ustez, paperak eutsiko dio, baina haren erabilera, forma, eta maiztasuna eraldatuko dira. Paperezko argitalpenek kalitatezko edukiak eskaini beharko dituzte, prestigioa nolabait mantenduko dutena. Izan ere, Behategiko adituaren arabera, euskarria baino, garrantzitsuagoa izango da kalitatezko edukiak lantzea, "interesgarriak, esanguratsuak eta bizi dugun mundua ulertzeko baliagarri zaizkigunak egitea".

"Paperak eutsiko dio, baina haren erabilera, forma, eta maiztasuna eraldatuko dira. Paperezko argitalpenek kalitatezko edukiak eskaini beharko dituzte, prestigioa nolabait mantenduko dutena"

Libe Mimenza

Herritarrekiko hurbiltasuna mantentzea ere izango da gakoetako bat. Tokiko hedabideek herritarren beharrei erantzuten jarraitu behar dute, gertuko eta fidagarri izatearen balioak indartuz. "Tokiko hedabiderik gabe, herri honen kontakizunaren zati bat faltako litzateke. Herri-informazioaren jagole dira". Izan ere, tokiko hedabideek herri baten kontakizuna gordetzen dute; Mimenzak azpimarratzen duenez, "tokian tokiko gertaera, pertsona eta elkarteetatik oso hur egonda, gertuko informazioa landu eta hurbileko komunitateak osatzen dira". Pandemia garaian, gainera, hori inoiz baino ageriago gelditu zen, herritarrek gertuko informazioa eskatzen zutelako eta, ondorioz, tokiko hedabideen audientziek gora egin zuten: "Jendeak gertuko informazioa eta erreferentziak hobetsi zituen".

Euskara

Tokiko gertakarien berri emateaz gainera, tokiko komunikabideen ezaugarrietako bat izan da euskararen erabilera, horixe izan baita hasiera-hasieratik izan duen helburu nagusietako bat: hizkuntzaren biziberritzea. Mimenzaren arabera, "ekarpen garrantzitsua" egin da arlo horretan, baina, gogoratzen duenez, hori errealitate soziolinguistiko eta ekimen zein politika ezberdinek baldintzatutako prozesu bat da eta, ondorioz, herri edo eskualde batzuetan "arrakastatsuagoa" izan da hedabideek egindako bidea.

Alabaina, Mimenzak nabarmentzen du euskarazko hedabideek "marrazten" dutela, "egunero-egunero", euskaratik eta euskaraz bizi den mundua: "Zuek gabe ez da". Dena dela, gaur egun, komunikabideon helburu nagusia herritarrakaz konektatu eta ezinbesteko izaten jarraitzea da, "garaiak galdegiten dituen eskakizun sozial, teknologiko, ideologiko zein soziolinguistiko guztiei erantzunda".

Etorkizunari begira

Tokiko euskarazko komunikabideak garatzeko aliantza estrategikoak eta laguntza-sare sendo bat behar direla uste du Mimenzak, "errealitate eta behar ezberdinei elkarrekin aurre egiteko, taktika eta abiadura ezberdinekin bisioak hauspotzeko eta arazo konplexuei erantzun konplexuekin erantzuteko… Finean, etorkizunean nahi dugun komunikabide-sarea marrazteko". Ildo horretan, Tokikom sarearen papera garrantzitsua dela nabarmendu du; izan ere, horretan daude Euskal Herriko 78 toki komunikabide, HIRUKA barne. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun