Neurri horretaz baliatu ahal izateko, 12 urtera arteko adingabeek txartel pertsonalizatu bat eduki beharko dute. Hori Bizkaiko garraio publikoaren Bezeroarentzako Arreta Bulego integraletan eskuratu ahal izango dute. Txartela tutore arduradunak eskatu eta eskuratu ahal izango du, betiere doakotasun horren onuradun izango denaren argazkia eta NAN edota familia-liburua aurkezten baditu.
Zehazki, Barik txartel pertsonalizatua da, eta CTBren Bizkaiko garraio publikoaren bezeroari arreta emateko hamaika bulegotan eskatu ahal izango da: Metro Bilbao, Bizkaibus, EuskoTren, Renfe edo Bilbobus.
Ekimen hori Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak eraman zuen Gobernu Kontseilura, eta foru erakundeak mugikortasun jasangarriaren alde eskubide sozial gisa duen konpromiso argia adierazten du. Mugikortasun jasangarria, irisgarria eta inklusiboa, lurraldea egituratzen, klima-ingurumen trantsizioari ekiten eta desberdintasunak murrizten laguntzen duena.
2024ko abenduaren 23an egindako ezohiko bileran, Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkura 12 urte bete arte Euskadin adingabeen doakotasuna ezartzearen alde agertu zen, Eusko Legebiltzarrak 2022ko urriaren 6an onartutako ebazpenean (61/2022 legez besteko proposamena) eskatutako ildo beretik. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak aho batez berretsitako irizpidea, 2025eko urtarrilaren 7an.