Jauzi Uribe Kostak azpimarratu du eskualdeko mugikortasuna jasangarriagoa izateko, funtsezkoa dela garraio publikoa indartzea. Deitoratu duenez, nahiz eta eskualdeko biztanleria azken urteotan nabarmenki handitu, metro zerbitzuak berdin jarraitzen du, eta biztanleen beharrak asetu gabe gelditzen dira. "Horrek auto pribatuaren erabilera areagotzen du. Baina aldi berean, egoera honek autoa ez duten herritarren aukerak murrizten ditu, lanera, ikastera edo osasun zerbitzuetara berandu heltzea eraginez".
Hala, adibide gisa azaldu dute Plentzia eta Bilbo arteko trenbideen egoera, zeinak 20 minutuan behineko maiztasunagaz funtzionatzen duen egunean zehar. Horren eraginez, biztanleek autoa gehiago erabiltzen dutela nabarmendu dute, karbono isuriak eta kutsadura akustikoa eskualdean handituz. Gainera, zerbitzuaren kalitate txarra nabarmendu dute, erabiltzaileei eragiten dieten itxaronaldi luzeei erreferentzia eginez. Azkenik, adierazi dute metro zerbitzu hobea egongo balitz biztanleek aukera izango luketela lanerako, ikasketetarako edo aisialdirako Bilbora eta inguruko beste herrietara maizago eta modu erosoagoan joateko.
Arrazoi horiengatik, Jauzi Ekosozialak ezinbesteko ikusten du Uribe Kostako metroaren maiztasuna gutxitzea, 13 minutuan behinekoa izateko. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Metro Bilbaoren finantziazioaren ardura duten erakundeak, konpromiso handiagoa hartu beharko luketela uste dute. "Metro Bilbaotik erantzuten dute teknikoki ez dela bideragarria, inbertsioak beharrezkoak direla aurrera eramateko. Baina ikusi izan dugu zelan nahi izan dutenean inbertsioak egin dituztela adibidez Ibarbengoako geltoki eta aparkaleku fantasma eraikitzeko edo Uribe Kostan errepide gehiago bultzatzeko", deitoratu dute.
Talde ekologistaren ustez, inbertsioak garraio publikoa indartzeko bideratu behar dira, eta ez, "klima larrialdia eta gizarte arrakala areagotzen duten azpiegitura fosiletan, esate baterako, subflubiala eta aurreikusten diren gainerako errepide azpiegituretan".