Uribe Kostako Mankomunitateak 2025eko aurrekontuak onartu ditu zerbitzuak lehenetsiz

Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 30a, 11:01

Uribe kostako Zerbitzu Mankomunitatearen 30 urteurrenaren ospakizuna, 2022an.

Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizeko udalerriek  osatutako Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak 2025erako aurrekontuak  onartu ditu, 5.625.000euro ingurugaz, % 13ko igoera izanik 2024ko ekitaldiaren  alderatuz. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak Euskara, Gizarte  Zerbitzuetan, Berdintasunean, Ingurugiroan eta Kontsumo alorretan  zerbiztuak eskaintzen dizkie udalerriei. 

Gastuak igo, zerbitzuak hobetzeko 

2024ko ekitaldiagaz alderatuz 657.576,21 euro gehiago inbertituko ditu Mankomunitateak bere zerbitzuen hobekuntzetan, hau da, % 13ko igoera bat, 5.625.000 euroko zenbatekoa duen aurrekontura heldu arte. “Gure lehentasuna egungo zerbitzuak hobetzea da” adierazi du Guruzne Carrasson Mankomunitateko lehendakaritzak.  

Izan ere, Mankomunitateko arduradunek adierazi dutenez, hainbat kontratuk igoera izan dute: animalien kontratua, Plentziako Udalaren atxikimendu berriagaz; etxez etxeko laguntza zerbitzua; paper eta kartoi bilketa zerbitzua; gizarte esku-hartzea eta garapen komunitarioko zerbitzua; Euskara sustatzeko planaren eguneratzea eta kudeaketaren kontratua; Berdintasun Planaren lizitazioa; Gizarte zerbitzuetan lan egiten duten entitateen diru-laguntzen igoera; Olioa biltzeko zerbitzuaren kontratua; EHUgaz hitzarmena larrialdi klimatikoaren kontrako ikerketetarako; Gizarte langile erdi gehiago izango dute urte betez. Azkenik, Mankomunitateko langileen %2ko soldata igoera aipatu behar da. 

Aurrekontu errealak 

Aurreko legealdietan ez bezala, 2025eko aurrekontuetan Mankomunitateko gastu errealak kontutan hartu dira. Hau da, sarrerakaz erakundearen ohiko gastuak finantzatuko dira. Horrela, 2025ean zehar ez da gastu arrunta finantzatzeko aurrekontu aldaketarik aurreikusten eta horrela, Mankomunitateko zerbitzuak ez dira egongo altxortegi gaindikinaren erabileraren menpe, zerbitzuen kontratazio eta gauzapena azkarrago burutuz. 

Honen inguruko azalpen argia eman du EH Bilduk gidatzen duen Mankomunitateko Lehendakaritzak: “Aurreko legealdietan Mankomunitateko aurrekontuak ez dira modu egokian kalkulatu, aurreikusitako gastuak errealak baino txikiagoak zirelako.  Hori orekatzeko Mankomunitateko aurrezkiak erabiltzen ziren, baina prozedura horrek, legalki desegokia izateaz gain, kolokan jartzen zuen erakundearen bideragarritasun ekonomikoa. Joera hori aldatu dugu legealdi honetan: orain Mankomunitateko aurrekontuak errealak dira”. 

Berrikuntza horrek herrietako kuoten igoera bultzatuko du, halabeharrez. Horrela, eskualdeko udalerriek % 32,17 gehiago ordainduko diote Mankomunitateari, udalaz gaindiko erakundearen bideragarritasun finantzarioa bermatzeko eta zerbitzu guztiak kalitatez eskaintzeko. 

Gardentasuna aurrekontu eztabaidan 

Aurrekontuak eztabaidatzeko prozesuak berme guztiak eskaini dizkie Mankomunitateko ordezkari politikoei. Prozesua azaroan hasi zen, Mankomunitateko ordezkariei 2025eko kontuen inguruko informazio zehatz guztia emanez. Ondoren, aurrekontu proiektua aurkezteko bi saio antolatu dira, azaroan eta urtarrilean. Tartean, alde biko kontaktuak ere izan dira EH Bildu eta EAJren artean, zalantzak argitzeko eta eztabaida politikoa bideratzeko.  

Nabarmentzekoa da Mankomunitateko langileek eta bereziki, idazkariak aurrekontu prozesuan izan duten parte hartzea eta egin izan duten lana: “proiektuen planifikazioan egin duten ahalegina eskertu nahiko genieke langileei”. 

2025eko mugarriak 

Zerbitzu orokorrei dagokionez, Administrazio Orokorreko Teknikari (AOT) baten aldi baterako kontratua aurreikusi da aurrekontuetan. Urteetan Mankomunitatearen kontratazio alorretan eta bestelako kudeaketa administratiboetan izandako gabeziak betetzeko ezinbesteko lanpostua dela azpimarratu zen osoko bilkuran.  

Langileriaren atalari dagokionez, administrazio publikoko langileen egonkortze prozesuagaz bukatzea helburuetako bat da. Prozesu horregaz batera, lanpostuen balorazioa egin beharko litzateke, departamendu desberdinen lanpostuen funtzioak ondo zehazteko eta  departamenduen artean egon daitezkeen pertsona eta baliabideen balizko aldaketa aztertzeko. Kontsumo atala izan daiteke azterketa sakona behar duen sailetako bat, horregatik sail honen etorkizunean zer egingo den eztabaidatzeko prestutasuna adierazi du Guruzne Carrasson Lehendakariak. 

Gizarte zerbitzuetan, bazterketa-egoeran edo –arriskuan dauden pertsonei arreta emateko baliabide berriak ipiniko dira martxan: besteak beste, ibilbide integral batean parte hartzeko diru-laguntza bideratuko da; Sopelan neguko ostatu berri bategaz Berangokoa osatuko da, 20 bat plaza gehiago eskainiz; Getxogaz lankidetza sakontzeko prozesuan gaude, baita eragile sozial ezberdinakaz ere…  

Ingurumen alorrean, animalien bilketaren zerbitzuan hobekuntzak egin dira, indarrean dagoen araudiak horrela aginduta. Beste ekitaldi batzuetan gertatu ez den bezala, 2025eko aurrekontuetan zerbitzu horren gastuen % 100a jasotzen da aurrekontuetan. Horrez gain, Plentzia zerbitzu honetara gehituko denez, zerbitzu honen lizitazio berriaren prezioa handiagoa  izango dela aurreikusten da. Bestalde, EHUrgaz esparru-akordioa sinatuko da, Uribe Kostari lotutako ingurumen-azterlanak garatzeko.  

Berdintasun Sailean hainbat jarduerak edo proiektu garatuko dira, besteak beste, Uk Hezkidetza, ikuspegi feministadun Hezkidetza Zerbitzua; LILAGUNE, Uribe Kostako Emakumeak Ahalduntzeko Eskola; MSUK IV. Berdintasun Plana eta hura osatzen duten 7 udalak;  Berdintasunezko Jaien Behatokia; Uribe Kostako Mankomunitatean emakumeen aurkako  indarkeria matxistaren kasuetarako jarduera- eta koordinazio-protokoloa ezartzeko laguntza teknikoa eta horren esparruan espezializatutako prestakuntza: sentsibilizazio- eta prebentzio kanpainak eta aurrekontuak genero-ikuspegiagaz: Euskara Saila bi arlo nagusitan banatzen da: itzulpen-zerbitzua eta hizkuntza-normalizazioa.  Azken horretan garatzen dira euskaragaz lotutako ildo estrategikoak (7) Mankomunitate mailan. 

Azkenik, Mankomunitateko Lehendakaritzak udalaz gaindiko erakundearen estatutuak eguneratzeko konpromisoa adierazi du eta horixe izango da 2025eko erronketako bat, “Mankomunitateko antolaketa eguneratu eta demokratizatzeko”. 

Lankidetzarako deia 

Mankomunitateko lehendakaria den Guruzne Carrassonek (EH Bildu) gainontzeko alderdi politikoei lankidetzarako deia luzatu zien: “Mankomunitatea osatzen dugun udal ordezkariok batera jardun behar dugu, Uribe Kostan euskara, gizarte zerbitzuak, berdintasuna eta ingurumen alorretan hobekuntzak eskaintzeko herritarrei. Eskualde ikuspegia gailendu behar da interes partidista eta partikularren gainetik, dela Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eguneko zentroa  aldarrikatzeko, dela Eusko Jaurlaritzaren aurrean etxegabeko herritarren zein pertsona migranteen bizi baldintzak bermatzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun