Hasteko, zer da Izanen Gazte Aldizkaria?
Izanen Gazte Aldizkaria Euskal Herriko gazte artista sortzaileentzako aldizkari bat da. Proiektu jaioberri honetan ale bakoitzerako gai edota helduleku bat proposatzen dugu eta artista gazteek haien sorkuntzako obra bat bidaltzen digute, modalitatea edozein dela ere (idatzia, marrazkia, argazkia, bideoa, abestia…). Ez dago lehiaketarik, ez dago ez irabazle ez galtzailerik, guk gazteen sormena argitaratu eta ikusarazteko euskarri bat eskaini nahi dugu. Gure aldizkariaren helburua ez inoiz izan ez izango txapelketa bat, hemen denontzako lekua dago eta hori da guretzat bereziena.
Zergatik erabaki zenuten hori sortzea?
Ikusi genuen ez zegoela Euskal Herrian lehiaketetatik (eta lehiakortasunetik) at artista gazteen lanak erakusteko inolako tokirik. Uste dugu artea (haren diziplina guztietan) konpartitzeko eta ikusia izateko dela orokorrean, baina sistemak ez duela ikuspegi hori bere egiten. Taldekide guztiok sentitu dugu adin batetik aurrerako txapelketak, idazmenaren arloan behintzat, ez direla behar duguna, ez digutela ematen gure lana hedatzeko eta zabaltzeko aukera hori. Beraz hortik sortzen da Izanen: euskal gazte artisten lanak ezagutzera emateko eta haien artean saretzeko aukera eskaintzeko gogotik. Gure artean lehiarik gabeko gune bat sortzeko grinatik. Edozer sortzeko motibazio hori sustatu eta inguruko artistek artista izaten jarrai daitezen saiatzeko. Guk euskarria jartzen dugu, baina edukia denona da.
"Oinarri literarioagoko unibertso batetik gatoz, prosa eta poesiaren unibertsotik. Hala ere, sentitu dugu artearen adiera guztietara zabaltzea dela egokiena, gu ez baikara soilik testu formadun sorkuntzetara hurbiltzen ezta"
Nortzuk zarete Izanen?
Izanen proiektua zortzi neska gaztek osatzen dugu, artearen sistema hori eraldatzeko irrikaz zeuden zortzi neska gazte. Urruzuno literatur-lehiaketak saridunei eskaintzen dien egonaldi literarioan ezagutu genuen elkar eta bertan hasi ginen artearen arlo honetan dagoen arrakalaz jabetzen. Gu, beraz, oinarri literarioagoko unibertso batetik gatoz, prosa eta poesiaren unibertsotik. Hala ere, sentitu dugu artearen adiera guztietara zabaltzea dela egokiena, gu ez baikara soilik testu formadun sorkuntzetara hurbiltzen ezta.
Sare sozialen eta bat-batekotasunaren garaian, aldizkari bat sortzea apustu ezohikoa da. Zer dela eta erabaki duzue formatu hori baliatzea?
Ez zen erraza izan erabakia hartzea, kontziente baikinen ez zela ohikoena, eta oraindik era batzuetan ez gaude oso ziur, baina badakigu forma honengatik egin genuela apustu eta horri eutsi nahiko genioke. Gure helburua sorkuntzak zabaltzea da eta badakigu hori egiteko hainbat modu eta bide desberdin daudela, baina ezer baino erakargarriago egiten zaigu aldizkariaren ideia. Etengabe azkar eta aldatzen ari den errealitate eta sareek harrapatzen gaituzte eta guk ez dugu aldizkari soil bat eskaini nahi; guk giro, sentsazio eta atmosfera bat eskaini nahi dugu. Nahiko genuke irakurleek gure aleak arretaz eta kontuz arakatzea, jakin baitakigu, bestela, sareek sortzen duten bizkortasun horren kadentzian obrak galduko zirela. Agian ez da apusturik ohikoena, baina bada guk bilatzen dugun hori. Gainera, ziur gaude irakurleek eskertuko dutela momentu batez zorabio eta bat-batekotasun horretatik ihes egin eta haien barneak sormenez betetzea. Formatu honek eskaintzen duena itxura soil batetik harago doa: alea disfrutatzeko modu bat da.
Formatuaz ari garela, nolakoa izango da aldizkaria?
Aldizkariaren formatua nahiko erraza eta intuitiboa izango da, edonork ikusi ahal izateko modukoa. Digitalki publikatuko dugu gure lehen alea, edozein momentutan edonon zaudela ere irakurri ahal izateko, zein formatu gehiago batzeko aukera emateko. Gure lanaren helburua sorkuntzak zabaltzea eta ezagutzera ematea denez, eskuragarritasuna bermatu nahi dugu, eta, gaur egun, digitalizazioak hori ematen du. Gure webgunean eta sare sozialetan emango diogu irakurleari aldizkarira joateko aukera eta hala disfrutatu ahal izango du. Edukiari dagokionez, gure lan-taldearen zertxobait agertuko da, parte-hartzaile guztien lanak, eta, amaieran, hurrengo alerako gaia eta haren azalpena. Modu honetan nahi duenak hurrengo alea prestatzen hasteko aukera izango du, ideiak eraikitzen hasteko, hain zuzen. Dena dela, gure sareetara oso adi egon, laster argitaratuko baitugu lehen alea.
"Agerikoa da gazte sortzaileen egoera ez dela onena gaur egun, batez ere, kulturaren gainbehera dela eta. Badaude txapelketak eta halako erakusketa handiak, baina horretatik kanpo ez dugu inolako aukerarik"
Hasieran ez zegoen ezer zuen lehen alerako lanak biltzen aritu zarete, zer-nolako lanak heldu zaizkizue?
Egia esan, espero genuen parte-hartzaile kopurua baino askoz ere lan gehiago jaso ditugu eta ikaragarri eskertzen dugu hain harrera ona izan izana. Uste genuen idatzizko lanak baino ez genituela jasoko eta, gehienak halakoxeak izan diren arren, badauzkagu mota gehiagotakoak. Aipa dezakegu, adibidez, badagoela marrazkiren bat (bai fisikoa zein digitala), badago komiki bat, bitxigile baten bitxi naturalak, bertso-sorta bat… Hortaz, badago artearen unibertso desberdin askoren lagintxo bat, eta ezin pozago gabiltza.
Gazte sortzaileek zuen lanak ikustarazteko arazoak dituzue?
Agerikoa da gazte sortzaileen egoera ez dela onena gaur egun, batez ere, kulturaren gainbehera dela eta. Badaude txapelketak eta halako erakusketa handiak, baina horretatik kanpo ez dugu inolako aukerarik. Antolatzen dira adin-tarte batzuentzako lehiaketak, adibidez, baina adin nagusikoa bihurtzen zarenean, zulo mugagabe baten ertzean gelditzen zara; ez dago zuretzako bereziki pentsatutako ezer. Hori dela eta, gazte askok sentitzen dute hori dela sortzeari uzteko momentua, ez baitago haiek egiten duten hori aintzat hartuko duen sarerik.
Uste dugu gure proiektuak arazo horri irtenbide bat ematen diola, galduta dauden gazte horiek batzeko eta haien lanei ahotsa emateko aukera eskaintzen baitiegu. Aldizkariak gero eta artista gehiago batzen dituen heinean sentituko dugu arazo hori txikitzen joango dela, denaren eta izan daitekeenaren arrakala txikitzen joango dela. Guk topagune bat, sare bat josi dugu eta orain hori handitu dadin espero dugu, eta bide zail horretan borrokan ibiliko gara, hori baita guk orain egin dezakeguna.
"Etengabe azkar eta aldatzen ari den errealitate eta sareek harrapatzen gaituzte eta guk ez dugu aldizkari soil bat eskaini nahi; guk giro, sentsazio eta atmosfera bat eskaini nahi dugu"
Zeintzuk ari dira izaten erronka nagusienak?
Egia esan erronka nagusiena oraintxe bertan egin beharreko gauza guztiak epemugarako eginda izatea da. Gu ikasleak gara, batzuk oraindik institutuan eta beste batuk jada unibertsitatean, baina denak ikasleak. Horrek, ezinbestean erronka bat suposatzen du guretzako, dena antolatu behar baitugu eta denbora ez baitago inoiz gure alde. Horrez gain, proiektua oraindik jaioberria dela ezin dugu ahaztu eta badaude guztiz eraiki gabeko aspektu batzuk, zeinek lana oraindik zertxobait zailagoa egiten diguten. Azaleko gauzez ari gara, egiturez, oinarriz. Hala ere, bagaude lanean eta sentitzen dugu denak merezi izango duela, eta gure esfortzu honek zerbaiterako balio izango duela.
Etorkizunerako helburu edo ametsik?
Zintzoak izanez gero, onartuko dugu etorkizuna ez dagoela gure ideien artean, alearen muntaia eta kontzeptuekin nahiko lanpetuta gabiltza eta. Hala ere, badago pentsatzen ari garen zerbait, oraindik argi ez daukaguna, baina posible litekeena: aldizkari fisikoaren ideia. Guk digitalarengatik egin genuen apustu, oraintxe bertan bideragarriena baita. Alabaina, sentitzen dugu bi formatuak eskainiz gero jende gehiagorengana hurbildu gintezkeela, ulertzen baitugu mundu guztiak ez duela formatu digitala gustuko eta horrek ere ikusgarritasuna merezi duela. Momentuz, online bertsioarekin arituko gara, baina, halabeharrez, egunen batean etorkizuna orainaldi bihurtuko da. Nork daki zer etorriko den. Orain, hau garen arren, bihar beste zerbait izanen gara.