Algortako Bolue 3 eta Arene 22 autobus-geltokiak berrezartzea eskatu dute Getxoko eta Berangoko udalek

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 5a, 08:02

Artxiboko irudia. BFA

Berangoko Udalak bere desadostasuna helarazi dio Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari, Algortako Bolue 3 eta Arene 22 autobus-geltokiak aurrez abisatu gabe kendu izanagatik. Ildo horretan ere, Getxoko Udalak iragarri du bere kezka helaraziko diola BFAri.

Berangoko Udalak azpimarratu du udalerri bien arteko mugikortasuna “funtsezkoa” dela bertako bizilagunentzat, bai merkataritza arrazoiak direla eta, bai garraio beharrengatik. Izan ere, Berangok metro-linea badu ere, Lantzarte, Basotxu eta Axgane bezalako auzoak metro geltokitik urrun daude eta Getxogaz konektatzeko autobusen zerbitzua beharrezkoa dute.

Era berean, Udalak Bolue 3 geltokiaren garrantzia nabarmendu du intermodalitate puntu gisa, Algortako metro geltokiaren ondoan kokatuta dagoelako. Kokapen horrek adineko pertsonek eta langileek garraiobide desberdinak modu eraginkorrean konbinatzea ahalbidetzen zuela azpimarratu du, irisgarritasuna hobetuz eta eskualde barruko mugikortasuna erraztuz.

Geltoki horiek kentzeko arrazoien inguruko informaziorik ez dagoenez, Berangoko Udalak horiek berriro martxan jartzea eskatu du ofizialki. "Gure betebeharra gure herritarrei erantzuna ematea da", adierazi du Udalak; hala, BFAri erabakia berrikusteko eskatu dio, “erabaki honek biztanlerian eragiten duen kaltea kontuan hartuta”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun