Manifestazioa egingo dute Bilbon, subflubialaren aurka

Ander Zarraga 2025ko ots. 5a, 14:12

50 kolektibo baino gehiagok babestu dute plataformaren deialdia.

Subflubiala EZ! plataformak mobilizaziorako deia egin du otsailaren 8rako, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua gaitzesteko.

Bizkaiko Foru Aldundia sustatzen ari den itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua gaitzesteko manifestazio jendetsua egingo dute hilaren 8an, 17:00etan, Bilboko Arriaga antzokitik abiatuta. Azpiegitura horren aurkako deialdiak hainbat arlotako 50 kolektibo baino gehiagoren babesa jaso dutela adierazi dute antolatzaileek; tartean, hainbat auzo- eta guraso-elkarte, gaztetxe, talde feminista edo ekologista.

Deialdiagaz batera, salatu dute proiektuak ez diela "herritarren benetako beharrei erantzuten", eta ingurunean, gizartean eta ekonomian inpaktu "larriak" eragingo dituela. Halaber, ohartarazi dute proiektua ez datorrela bat Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren mugikortasun iraunkorreko helburuakaz. Era berean, Bilboko metropolian garraioaren plangintza integrala falta dela ere kritikatu dute.

Arrazoiak

Hauek dira plataformako kideek proiektuaren aurka egiteko zerrendatu dituzten beste argudio batzuk: batetik, diote proiektuak ez duela lagunduko berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, "mota horretako azpiegiturek auto partikularraren erabilera sustatzen duen eskari induzitua" sortzen baitute; bestetik, azpiegituraren xahuketa ekonomikoaren kezka ere azaldu dute, obrak hasi aurretik horien kostua % 10 handitu baita, 450 milioi eurotik 500 milioira pasatuz, eta hasierako aurrekontua bikoiztu zuen Supersur autobidearen adibidea ere aipatu dute; azkenik, tunela eraikitzerakoan eta hori bukatuta dagoenean sortuko den trafikoak inguruetako bizilagunei eragingo dien kaltea ere azpimarratu dute.

"Zarata, kutsadura eta bibrazioak jasango dituzte obrek irauten duten bitartean, eta ibaipekoa martxan jarri ondoren, kutsadura etengabe areagotuko da", erantsi dute bukatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun