Errepide edo baso urrunetan,
erreka edo plazetan,
sute latz edo uholdeetan,
baita lagun bilaketan,
hortxe ditugu buru belarri
larridura uneetan.
Nahiz eta inoiz miretsi haiek
heroi gisara umetan,
euren langintzak arriskua du
eta ez dabiltza olgetan.
Ohartu barik alda daiteke
ardo eta arrosen bizitza,
ortzadarraren poza zuenak
orain unea du gaitza.
Horra plazako pisu batean
egoera latz bortitza:
“auzokoren bat ezin atera?”
Dudan begira gabiltza.
Soilik dakigu haiek dutela
norbait askatzeko giltza.
Kamioi batetik plataformara,
gero leihotik barrura,
kanpotik ezin dugu sumatu
etxeko inoren piura.
Behargin batzuk prestu dabiltza,
artatzea dute ardura;
Pello eta Josu, Garazi eta Oihan,
nor doa arrisku lekura?
Berdin da zein den, berdin da zelan,
azkenez laguntza heldu da.