Eusko Jaurlaritzak VII. plangintzaldirako emandako irizpideekin eta gidalerroekin bat eginez, Bizkaiko Foru Aldundiaren erabilera-plan hau KEMEN (Kudeaketa eta Erabilera Markoa, Euskararen Normalizaziorako) egituran oinarritzen da.
KEMENek hizkuntzen erabilera kudeatzerakoan kontuan hartu behar diren ardatz, eremu eta arlo posibleak jasotzen ditu eta edozein erakunde-motatan erabili daitekeen markoa eskaintzen du. Euskararen kasuan, KEMEN tresna baliagarria da euskararen erabilera normalizatzeko prozesua modu antolatuan eta eraginkorrean kudeatzeko, baita prozesu horren jarraipena egiteko ere.
KEMENek bi ardatz nagusi ditu, kudeaketa eta erabilera, eta haien baitan arlo desberdinak jasotzen dira. Kudeaketan, euskara-plana nola gestionatzen den lantzen da; horretarako, euskararen erabilera areagotzeko 4 lan-ildo estrategiko eta 12 neurri aurreikusten dira. Erabileran, berriz, erakundeak zein hizkuntzatan funtzionatzen duen jasotzen da, bai ahoz eta bai idatziz, herritarrekin dituen harremanetan zein barruko harremanetan. Horretarako, 7 lan-ildo estrategiko eta 34 neurri aurreikusten dira, zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza eremuetan.
VII. plangintzaldian Bizkaiko Foru Aldundiak urratsak ematen jarraituko du euskararen sustapena kudeaketa aurreratuaren eredutik landu dadin. Erabilera-planaren kontzeptuaren barruan, bi kontzeptu bereizten dira: plangintzaldi osorako plan estrategikoa eta urteko kudeaketa-planak (edo ekintza-planak).