TOKIKOMek iazko maiatzean jarri zuen martxan itzulpen automatikoen sistema parte dituen hedabide batzuetan –tartean, HIRUKAn–, euren webguneetan argitaratutako edukiak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko. Orain arte, ingelesa, gaztelera eta frantsesa egon dira aukeren artean, eta aurrerantzean katalana eta galegoa gehitu zaizkie.
Joxe Rojasek, TOKIKOMeko Komunikazio eta IKT zuzendariak, adierazi du itzulpen sistemaren helburua ez dela toki komunikabideen edukia osorik itzultzea, euskarazko hedabideak izanik euskarari lehentasuna emango diotelako; hala ere, "laguntza txiki bat" eman nahi diete "hedabide horiengandik gertu dauden baina euskarazko komunitatetik kanpo bizi diren" herritarrei: "Hain zuzen, teknologiak zubigintzarako aukera oparoa eskaintzen digu, eta ez diogu horri uko egin nahi izan".
Gerora, aukera gehiago
Bost hizkuntza daude eskuragarri gaur-gaurkoz sisteman, baina Rojasek azaldu du hizkuntza gehiagotara zabaldu nahi dutela, "batez ere gure herrien bueltan mugitzen diren hizkuntza komunitate txikiei euskaldunokin bat egiten laguntzeko".