Iaz, 2024an, gutxienez 6 erailketa matxista izan ziren Euskal Herrian. Horiekaz batera, hainbat eraso matxista ere jazo ziren —eta jazotzen dira ia egunero—, asko eta asko publikoki salatu bakoak. Eraso psikologiko zein fisikoak; guztiak gizonezkoek emakumeen kontra egindakoak.
Seinalamendu eta salaketa ezari lotutako arrazoiak askotarikoak dira: ez sinistearen beldurra, inguruko botere-harremanak, erasotzailearen eraso berri bat jasotzearen arriskua edo biolentziaren normalizazioa, besteak beste. Alabaina, testuinguru horretan, emakumeek babesleku berriak eraiki dituzte erasoen isiltasun patriarkal konplizearen aurrean. Hala baieztatu dute Algortako Haziak, Sopelako Sugarri eta Plentziako Sorginen Alabak talde feministek: "Erasoen salaketa ugaritu egin da, horretarako testuinguru bat sortu delako, kasu entzutetsuak izan dira medioetan eta, horrek, beste hainbat gauzaren artean, erakutsi du indarkeria matxista egiturazkoa dela eta, beraz, toki guztietan dagoela".
Egunotan, unibertso digitalean argitaratutako salaketa publikoek "indarkeriaren dimentsioaz" ohartzen dutela uste dute: "Indarkeria, beti, leku guztietan, dagoela erakusten digu. Emakumeok eta disidenteok ondo dakigu hori, baina pauso bat gehiago izan da".
Horien artean, oihartzuna sortu du 2024ko azaroan sortu zen @denuncias_euskalherria izeneko Instagram profilak. Horren helburua kontuko lehenengotariko argitalpen batek azaltzen du: "Indarkeria matxistaren testigantzak jasotzea eta zabaltzea, anonimotasunetik, gure artean babesteko, memoria kolektiboa sortzeko, eta beldurra eta lotsa bandoz aldatzeko".
2018an, Cristina Fallaras kazetaria sexu indarkeriaren biktimen testigantzak jasotzen hasi zen bere Instagram profilean, eta @denuncias_euskalherria-k bere eredua jarraitu du, beste askok bezala: Denuncias Granada, Barcelona, Asturias, etab. Bertoko kontuan, euren azaletan bizitako biolentzia matxistak salatzeko tokia aurkitu dute Euskal Herriko ehunka emakumek. Profila bera sei emakumek kudeatzen dute, horiek ere anonimoak, eta sarean azaldu dutenez, arlo ezberdinetan aritzen diren arren, guztiek bizi izan dute indarkeria matxista euren gorputzetan.
Denbora honetan, Euskal Herri osoko emakumeek bizitako 500 salaketa eta bizipen baino gehiago argitaratu ditu profilak. Horien artean, Uribe Kostako emakumeek deskribatutakoak argitaratu dituzte; besteak beste, Itzubaltzeta/Romoko, Algortako, Sopelako, Leioako eta Plentziako kasuak. Itzubaltzeta/Romoko talde feministak Instagram kontuaren balio soziala nabarmendu du: "Garrantzitsua da kalte edo erasoren bat jasan duten pertsonek, bereziki sistema heteropatriarkalak eta sistema horrekin intersekzionatzen duten beste botere-ardatz batzuek zapaldutakoek, egiturazko errealitate bat ikusarazteko toki bat izatea, kasu isolatuak ez direla ikus dadin, haien ahotsa entzun dadin".
Aitzitik, zalantzan jarri dute noraino hel daitekeen @denuncias_euskalherria kontuaren eragina horrelako salaketei erantzun bat emateko. "Indarkeria indibidualizatu egiten dute, kasu indibidualen bozgorailu bihurtzen direlako egiturazko azterketarik egin gabe. Autodefentsa feministaren funtsezko mekanismo bat falta da, kolektibizazioa, komunitatetik pasatzea, eta hori ez du eremu honek eta antzeko beste batzuek ematen. Bestalde, seinalatu egiten da, baina ez da erreparazio prozesu bat zabaltzen, baizik eta betiko zigor eredua birsortzera deitzen da".
Halaber, sare-sozialak tresna erabilgarriak izan arren, euren arriskua mahai-gainean jarri dute: "Sare-sozialek dituzten ondorioek erabiltzen dituztenen eskuetatik ihes egiten dute, eta aurreikusten ez ditugun edo nahi ez ditugun ondorioak izan ditzakete". Hala, nabarmendu dute sistema heteropatriarkal batetik eratorritako jarrera eta jokabide matxistakaz amaitu gura dutela, baina ez horiek erreproduzitzen dituzten pertsonakaz, "herri osoa 'kantzelatuko' genukeelako orduan".
Ildo beretik, militante feministek uste dute pertsona bakar batengan fokua jartzerakoan bistaz galtzen dela arazo estrukturala. Horregatik, besteak beste, kontu horretan salatu diren Itzubaltzeta/Romoko kasuen aurrean jokatzeko "denbora" behar dutela onartu, eta hausnarketarako gune komunitarioak sortuko dituztela azaldu dute.
Batez ere, zigor-eredua birpentsatu eta eztabaidatu gura dute: "Itzubaltzeta/Romok pitzadura horiek konpontzeko zer behar duen pentsatu behar dugu. Hori errepikatuko dela argi izan behar dugu, eta ikusi behar dugu zer mekanismo jar dezakegun martxan benetako aldaketa bat egon dadin eta elkar zaintzeko. Ildo horretan, bilera bat deitu genuen herriko eragile ezberdinekin, eta zigor-ereduen alternatibei eta konponketarako prozesu komunitarioei buruzko topaketa batean pentsatzen ari gara".
Bestalde, Haziak, Sugarri eta Sorginen Alabak talde feministek sare-sozial ezberdinetatik egindako salaketen inguruan sakon hausnartu dute, eta haiek ere uste dute sareetatik egindako salaketak "lehen pausoa besterik ez direla".
"Mugimendu Feministak azken hamarkadetan egindako lanaren eroale gara gu ere, indarkeria era egituratuan ulertu eta horri erantzuteko tresnak garatu dituena. Uste dugu indarkeria hala ulertu behar dela, ez norbanako batzuei eragiten dien fenomeno gisa —horrek erasotuak berbiktimizatu egiten baititu beste gauza askoren artean—, baizik eta sistema oso bat eusteko ezinbesteko indarkeria zuzen gisa. Guk erasoei erantzuteko modu kolektiboak nahi ditugu, baina baita patriarkatua bere osotasunean suntsitzeko tresnak ere, eta horiek sortzeko lanean jarraituko dugu".
Sarean zein kalean, erasoen aurrean antolatzeko eta indarrak kolektibizatzeko beharra lehenetsi dute eskualdeko talde feministek, betiere helburu berdin bati jarraika: jazarpen matxistei erantzuna ematea eta horiekaz betiko amaitzea.