Gaztelueta eta Berango arteko umeen futbol-partida bertan behera, irain arrazistengatik

Ander Zarraga 2025ko ots. 17a, 16:28

Berango Futbol Taldearen Iturriaga zelaia, artxiboko irudian. © BERANGO FT

Zapatuan jokatutako Gaztelueta C eta Berango C taldeen arteko haur mailako neurketa eten egin zuten, Berango C taldeko jokalari batek aurkari baten irain arrazista jaso ondoren. Epailearen ekintza faltaren aurrean, Oier Soriano Berangoko entrenatzaileak bere taldea berdegunetik ateratzea erabaki zuen protesta gisa.

Berango C taldeak zelaia utzi zuen 55. minutuan, jokalarietako bati irain arrazista egin ostean. Soriano entrenatzaileak adierazi zuen bere taldeak horrelako egoera bizi duen lehen aldia dela eta, Gazteluetako familia batzuk barkamena eskatzera hurbildu ziren arren, jokalariak atsekabetuta jarraitzen duela gertatutakoagatik.

Ohar-bidez taldeko presidente Joaquin Pozok adierazi du "tolerantziaren, dibertsitatearen eta inklusioaren aurkako edozein motatako ekintza gaitzesten dutela, hala nola arrazakeria, xenofobia, irainak edo biolentzia bai futbolean, zein beste edozein kiroletan".

Gazteluetak, bere aldetik, ohar bat igorri du sare sozialetan diskriminazio mota oro gaitzesteko, azpimarratuz "kirola ikasteko eta dibertitzeko gunea izan behar dela".

Iturri ezberdinek azaldu dutenez, epaileak ez zuen neurririk hartu hitzezko erasoa entzun ez omen zuelako. Arbitraje-aktaren arabera, elkargokideak ez zuen irainik entzun, lesionatutako beste jokalari bat artatzen ari zelako. 



Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun