Loraldia Festibala bere 11. edizioan dator, euskal kulturaren aniztasuna eta sormenaren aldeko apustuarekin. Martxoaren 10etik 30era, Bilboko kultur-espazio nagusietan garatuko den festibalak diziplina artistiko guztietako proposamenak eskainiko ditu, euskaraz sortzen den kulturaren berrikuntza eta ikusgarritasuna sustatzeko. Ehun sortzaile baino gehiagok hartuko du parte festibalean.
Atzo goizean aurkeztu zuten hedabideen aurrean Loraldia Festibalaren 11. edizioa Arriaga Antzokian.
Prentsaurreko honetan parte hartu zuten: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; Ana Lopez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria; Imanol Agirre, Loraldiako programazio artistikoaren arduraduna; eta Amaia Ocerin, Loraldiaren komunikazio burua.
Loraldia Festibala ez da soilik jaialdi bat; euskal kulturaren transmisioa eta berrikuntza sustatzeko plataforma bat da. Aurten, berriz ere, festibalak euskarazko kulturaren balioak azpimarratuko ditu: berrikuntza artistikoa, gizartearen integrazioa eta ingurumenarekiko errespetua.
Jaialdiaren helburua da euskal kulturaren ikusgarritasuna areagotzea eta publiko anitz eta zabal bat erakartzea, euskaldunak eta ez-euskaldunak barne. Loraldia Festibala erreferente bihurtu da kultura garaikidearen esparruan, eta aurten ere, euskarazko sormenaren bikaintasuna erakutsiko du.
Trikua esnatu da: Bernardo Atxagaren metafora bizia
Aurtengo festibalaren lemak, "Trikua esnatu da", Bernardo Atxagaren metaforan du sustraia. Atxagak trikua gure hizkuntzaren eta kulturaren sinbolo gisa erabili zuen: zaurgarria, txikia, baina historia luzea duena eta bere arantzekin babestua. Trikua udaberrian esnatzen da, loaldi luze baten ondoren, eta gauza bera gertatzen da euskal kulturarekin: oztopo eta arriskuen gainetik, berriro loratzen da, indarrez eta ausardiaz.
Loraldia Festibalak arduraz eta maitasunez bultzatzen du kultura hori, etorkizunera begira eta belaunaldi berriei euskararen eta sormenaren balioak transmitituz.
Programazio zabala eta diziplina anitzeko eskaintza
Loraldia Festibalak diziplina artistiko anitzak hartuko ditu bere baitan eta, ohi bezala, hauen arteko uztarketa sustatuko du baita ere: antzerkia, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea. Hona hemen nabarmendutako zenbait ekitaldi.
Musika eta kontzertu bereziak
Mila esker, Jonan Ordorika: martxoaren 12an Arriaga Antzokian egingo da kontzertu handi hau, euskal musikaren zenbait erreferente bilduko dituena: Hiru Truku, Anari, Mice, Tapia ta Leturia eta Rafa Rueda.
Ustekabean joan zitzaigun Jonan Ordorika. Euskal musikagintzan oinarrizko figura izateaz gain, hainbatetan lan egin zuen Loraldian baita ere. Kontzertu honen bidez haren figura gogoratu nahi dugu eta baita euskal musikaren soinu teknikariei errekonozimendua eskaini nahi diegu. Horiek guztiak euskal musikaren kalitatea hobetzeko egindako lan ikaragarria azpimarratu nahi dugu.
Xiberoa kantuz loraturik: Loraldiaren produkzio propioa, Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko lotura esploratzen duena. Ikusleak emozioz beteko dituen esperientzia.
Loraldiak transmedia narratibetan ikertzen hasi da produkzio honekin eta lanketa honetatik hiru baliabide sortu izan ditu: ikuskizuna, podcast bat eta Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan dokumentala. Ikusletegia ekintzaren baitan dokumentala honen proiekzioa egingo dugu.
Sukramarkus: Mursegok, Maite Arroitajauregi artista polifazetikoak, bere unibertso musikala ekarriko du Loraldia Festibalera beste behin ere. Bere soinu esperimentalak eta bakarkako emanaldiek publikoari bidaia emozional eta artistiko paregabea eskainiko diote.
Pause: Xabi Zeberio, Iñar Sastre, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarriaren lan intimista eta sakona. Musika garaikidea eta emozioz beteriko esperientzia bat eskaintzen du, ikusleak liluratzeko asmoz. Sociedad Filarmónica de Bilbaora helduko da Loraldia lehen aldiz emanaldi hau eskaintzeko.
Idoia Tapia eta Bloñ: Idoia Tapiak, Skabidean taldeko abeslari ohiak eta arte eszenikoetan aritua, bere lehen performancea, Alter Nation, aurkeztuko du. Lan honek Identitate Nahasmendu Disoziatiboaren inguruko konferentzia performatiboa eskaintzen du, psikopatologia honen ulermena joko eszenikoaren bidez esploratuz. Bloñ taldeak, bestalde, Bañolet webseriearen inguruan sortutako musika-proiektuarekin ikusleak liluratuko ditu. Sei musikarik osatutako talde honek pop, intimitate eta giro ilunen arteko bidaia emozionala proposatzen du.
Martxoaren 23an Judit Neddermannek kontzertua eskainiko du, zenbait euskal emakume abeslari kide izango dituela.
Judit Neddermann kataluniar kantaria, Rozalen, Jorge Drexler edo Joan Manuel Serrat bezalako musikari ospetsuekin kolaboratzen duen sortzailea, Katalunia eta Euskal Herriaren artean zubi bat eraiki du. "Artean" izeneko diskoa kaleratu berri du, euskarazko sei abestiz osatua, eta bertan euskal musikako erreferenteekin batera aritu da. Izaro, Olatz Salvador, Maren, Idoia eta Bea Asurmendi bezalako ahotsak entzun daitezke diskoan.
Neddermannen musika hurbiltasuna, enpatia eta energia transmititzen ditu, eta euskaraz kantatzeak kultura biak elkarlotzeko eta elkarbizitzan oinarritutako esperientzia eskaintzen du. Ekitaldi honetan, Kataluniako kantariak euskaraz abestuko du eta bi hizkuntzak uztartuko ditu eszenan, emakumeen arteko bilkura eder baten bidez gure hizkuntzen ospakizuna egingo delarik.
Odola Kantari ikuskizunak literatura eta musika uztartzen ditu heriotzari eta odolari buruzko hausnarketa artistiko baten bidez. Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak hitzaldi-musikatu formatua eskainiko dute, testuak aztertuz eta kantatuz. Ikus-entzunezko laguntzarekin, publikoak kantuen ñabardurak ulertzeko aukera izango du, eta ezusteko bat ere izango da: anonimotzat jotzen zen kantu baten egilea deskubritzea. Kultur transmisiorako ezinbesteko ikuskizuna Itsasmuseumean, martxoaren 25ean.
Lurretik Lurrera kontzertuak XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Mik'mak herriaren arteko harreman historikoa ospatzen du, lurrarekin duten lotura sakona ardatz hartuta. Mixel Etxekopar, Claudine Arhancet eta Darlene Gihuminag musikariekin, ikusleek lurra eta kultura elkartzen dituen esperientzia hunkigarria biziko dute, historia eta gaur egungo gogoeta uztartuz. Emanaldia Bidebarrieta Liburutegian izango da, eta ekintza honek Loraldia Festibalaren eta munduko beste kulturen arteko zubiak eraikitzen ditu.
Bob Dylan Gurea: Audience eta Belharra taldeek Bob Dylanen kantuen euskarazko bertsioak eskainiko dituzte. Kontzertu honek, Dylanen klasikoak euskal ikuspegi batetik berrinterpretatuz, emozio eta berrikuntza uztartzen ditu.
Bozak: ahotsaren indarra protagonista duen kontzertu kolektiboa, hiru emakume gazteen eskutik. Hiru ahots, hiru jatorri, hiru estilo. Esanezin, Esti Markez eta Maite Ruiz de Erentzu hiru emakume gaztek beren ahots eta estilo bereziekin igoko dira oholtzara. Esanezin freskotasuna eta originaltasuna eskaintzen ditu bere bi diskoekin; Esti Markezek, berriz, kantu klasiko eta modernoak uztartzen ditu bere azken lanarekin; eta Maite Ruiz de Erentzunek jazz eta euskal musika uztartzen ditu akordeoiarekin, bere laukotearekin batera. Emanaldi honek gazte sormenaren aldeko apustua eta etorkizuneko euskal kulturaren ikusmina azpimarratzen ditu.
Gorka Urbizuk eskainiko duen kontzerturako sarrerak 30 minututan saldu egin ziren. Berri Txarrak taldeko abeslari eta sortzaile ohiak bere bakarkako proiektu berria aurkeztuko du. Bere hitz sakonak eta melodia indartsuak publikoarekin konektatzeko gaitasun paregabea erakutsiko dute.
Teatroa eta performanceak
Renata: Kamikaz Kolektiboaren eskutik, lau aktoreren bidez (Erika Olaizola, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala) bizitzaren eta heriotzaren inguruko istorio frenetiko eta umoretsua aurkeztuko da.
Atxine: Janire Etxaberen dantza bertikaleko performance ikusgarria. Bertikaltasunaren bidez mugimendu eta espazioaren kontzeptuak berrinterpretatzen dituena. Arte plastikoak eta mugimendua uztartuz, emozioz beteriko bidaia eszeniko bat proposatzen du.
Kristalezko zooa: Arriaga Antzokiaren ekoizpen berri honek, Loraldia bidaidea izanik, XX. mendeko Estatu Batuetako teatro lan klasiko bat euskarara ekarri du. El zoo de cristal antzezlanak Tennessee Williamsen bizitza aldatu zuen. 1944an idatzi zuen eta 1945ean estreinatu zen, arrakasta handia lortuz eta AEBko XX. mendeko antzerkigintzan erreferente bihurtuz. Williamsen estiloa berezia da: errealismoa eta sinbolismoa uztartzen ditu, emozioak sakonki azaleratuz. Gai unibertsalak jorratzen ditu, hala nola hauskortasun emozionala, desira eta errealitatearen eta fantasiaren arteko talka.
Kristalezko zooa oroitzapen gisa eraikita dago, kutsu onirikoa eta subjektiboa emanez. Orain, Natalia Menéndezen zuzendaritzapean eta bere moldaketarekin, Arriaga Antzokiak muntaia berri bat aurkeztuko du, obra honi gaurkotasuna eta sakontasuna emateko helburuarekin. Proposamenak askatasun poetikoa bilatzen du, ikusleei istorioa modu berri batean bizitzeko aukera emanez.
Aztia: Don Inorrez eta Metrokoadrokaren arteko elkarlana. Kontzertu dramatizatua, musika, antzerkia eta dantzaren arteko elkarrizketa zirraragarri bat eskaintzen du.
Literatura eta bertsolaritza
Post_Etorkizuna: Urtero bezala, Loraldiak idazle bati eskatzen dio geroari pentsatzen testu bat asma dezan, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza saio batekin uztarketa egiteko. Hamaikagarrenean Edorta Jimenez izan da gonbidatu dugun egilea eta haren narrazio originala abiapuntu hartuta, Rafa Ruedak jarriko dio musika eta, bertsolaritzan, Amaia Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka arituko dira.
Consonni bertso-saio espekulatiboak: Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Miren Amuriza izango dira protagonistak. Bertsolaritzaren eta literatura espekulatiboaren arteko elkarrizketa berritzailea proposatzen du.
Urtero bezala, literaturako ekitaldi laburrak izango ditugu baita ere. Edizio honetan bi aurkezpen izango ditugu.
Martxoaren 17an Iñigo Martínez Peñak Ezinezkoaren alde lanak aurkeztuko digu. Iñigo Martínez Peña filosofoak eta egileak giza izatea ez dela mugagabea, baizik eta mugatuak, hutsuneak eta gabeziak ditugula defendatzen du. Hori ez da txarra, baizik eta gizatasunaren parte eta lagungarria izan daitekeela. Ekitaldian, Martínez Peñak Jone Ojea filosofia-irakaslearekin eta Joseba Sarrionandia idazlearekin batera, gai honi buruzko hausnarketa egingo dute, eta gaur egungo munduak "Imposible is nothing" lelopean gugan inposatzen dituen estereotipoak zalantzan jarriko dituzte.
Eta hurrengo astean, martxoaren 24an, Amancay Gaztañaga antzerkigile eta idazleak Martin Martina trilogia aurkeztuko du, non abentura eta fantasia uztartzen diren eta protagonista intersexual bat duen pertsonaia nagusi den. Gaztañagak ezberdintasunaren aberastasuna ekarri nahi du erdigunera, eta ingurumenaren eta globalizazioaren inguruko hausnarketa ere jorratuko du. Proiektu honetan, mitologia eta erlijioek garrantzi berezia dute, eta idazleak gure mitologiaren eta antzinako erlijioen garrantziaz ohartaraziko digu.
Zinema eta ikus-entzunezkoak
Zizindurrunkarratz: Oskar Alegriaren azken lana, transhumantziaren inguruko bidaia poetikoa eta esperimentala. Zinema abangoardistaren erakusgarri, ikusleak isiltasun eta oroitzapenen mundura eramaten ditu.
Kultura naturan
Loraldia Festibalaren iazko 10. edizioan Goroldiorik ez proposamenaren lehenengo edizioa egin genuen, Bilbo inguruko mendietan ibilaldi interpretatiboa eskainiz, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eskutik. Arrats arrakastatsua izan zen ekintza hau eta aurten bigarren edizioa egingo dugu.
Goroldiorik Ez (II) ibilbide gidatuak natura eta artea uztartzen ditu, San Mamesetik Arraitz mendira egindako bidaia dramatizatua eskainiz. Piszifaktoria ideien faktoriaren gidaritzapean, Bilboko inguruko emakume ahaztuen memoria berreskuratuko da, baita emakume gazteen ahotsak ezagutu ere. Helmugan, Palestinaren Mina kontzertua izango da, Juantxo Zeberio, Maddi Oihenart eta Miren Zeberioren eskutik, naturak eskaintzen duen eszenografia ikusgarrian. Emanaldi honek lurrarekin eta historiaren zauriekin lotura sakona azpimarratzen du.
Kultur-gune nagusietan
Urtero bezala, festibala Bilboko espazio enblematikoetan garatuko da: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Jauregia, Campos Antzokia eta beste hainbat lekutan. Aurten espazio berrietara helduko da baita ere, Sociedad Filarmónica de Bilbao kasu. Hiri osoa euskal kulturaren festa bilakatuko da, publiko anitza erakartzeko asmoz.
Lorazainak eta Lorazain Eguna
Loraldiaren jarraitzaile komunitateak osatzen du Lorazainen taldea. Egun, 3600 kidetik gora biltzen ditu programa honek. Doako programa da eta Lorazainek hamaika abantaila dituzte parte hartzeagatik: ekintzetarako sarrerak lehentasunez eta prezio berezian lortzeko aukera, ekintza berezi eta esklusiboak, opariak…
Loraldia Festibalean, kasu, gure Lorazainentzako bereziki prestatzen dugun ekintza horietako bat aurkezten dugu urtero-urtero: Lorazain Eguna. Aurten OTS lana izango da, Haatik konpainiaren lan berritzailea. Euskal dantza garaikidearen eta herri-memoriaren arteko loturak esploratzen ditu, ikusleak mugimendu eta emozioen bidez hunkituz. Martxoaren 15ean Euskalduna Bilbaon.
Babesleak eta bidelagunak
Loraldia Festibala burutu ahal izateko ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere.
Bestalde, Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira.
Hamaikagarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak: Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea (EKE), Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, Berriak babestutako ekintza, Elkar eta KOT.
Babesle nagusiak prentsaurrekoan presente egon dira eta adierazpenak egin dituzte, Loraldia Festibalak egiten duen ekarpena balorean jarriz.
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendari Ana Lopezek aipatu duenez, “Loradia Festibalak euskal talentu sortzaileei ikusgarritasuna emateko, lankidetzan aritzeko eta herri nortasunari eta komunitate sentipenari ekarpena egiteko balio du.”
Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak azaldu duenez, “herritartasuna, lurraldetasuna, euskara, sorkuntza eta talentua batzen dituen proposamen indartsua da Loraldia. Aberasten gaituen proposamen bat, gurea denari balioa emanez. Loraldiak bat egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak euskal kultura sustatu eta transmititzeko egin duen apustuarekin.”
Eta Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria, Eider Inunciagaren hitzetan, “Loraldia Festibala pilak kargatzen dizkizun jaialdia da. Mota guztietako adierazpen kulturalen eztanda, bakoitzak bere formatuan atsegin hartzeaz eta beti harritzeaz gain, gure hizkuntza sustatzen eta zaintzen laguntzen digutenak. Benetan interesgarria ikuskizunetara joatea eta bertatik bertara egiaztatzea bada ere, guztiok dugun erantzunkidetasunari buruz ohartarazi nahi nuke, zeharkakotasunari dagokionez. Bilboko Udala buru-belarri ari da lanean euskararen normalizazioaren, biziberritzearen eta erabileraren alde, Bilbo ehuneko ehun euskalduna lortzeko. Zorionak Loraldiari, katearen parte delako eta edizio bakoitzean jaialdi handi hau posible egiten dugun pertsona, kolektibo, eragile eta erakunde guztiak direlako ".