Euskal eszenako 20 izen handitik gora elkartuko dira BEC!-eko oholtzan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omentzeko

Babestutako edukia 2025ko ots. 25a, 08:00

Datorren maiatzaren 3an diziplina anitzak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen unibertsoaren inguruan orbitan ibiliko dira, Bizkaia Arena-BEC!-en 14.000 pertsonentzat antolatutako ikuskizunean. Sarrerak eskuragarri daude, nikeremaitezaitut.eus webgunean.

Gerturatzen ari da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei ‘Maite zaitut!’ erraldoia esateko festa erraldoia, eta ikuskizuna ere ari da gorpuzten, maiatzaren 3ko hitzorduari begira: musika, dantza, zirkoa, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat arte diziplina uztartuko dira oholtzan, pailazoek urtetan eta urtetan eskaini diguten soinu-banda abiapuntu hartuta.

Egitasmoaren aurkezpenean nabarmendu bezala, herri omenaldi hau esku askotara jositako proiektua izan da hasieratik, eta ikuskizuna ere bide beretik ontzen ari dira. Izan ere, euskal eszenako 20 izen handik baino gehiagok bat egingo dute Bizkaia Arena - BEC!-eko oholtzan (abeslariak, idazleak, dantzariak, bertsolariak, aktoreak… ).

Agurtzane Intxaurraga ikuskizuneko zuzendaria “oso eskertuta” azaldu da, hitzorduan parte hartzeko baiezkoa eman duten artista guztiekin: besteak beste, Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurina, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza, Bizipoza Elkartea nahiz inguruko erraldoiak ariko dira elkarrekin, BEC! plaza erraldoi bilakatzeko.

Hitzordua plaza horretan bertatik bertara jarraitzeko harmailetako sarreren erdiak salduta baldin badaude ere, omenaldiarekin bat egin nahi dutenek eskuragarri dituzte sarrerak, 15 euroan, nikeremaitezaitut.eus atarian. Nerea Godoy Maite Zaitut elkarteko kideak herritarrak animatu nahi izan ditu pistako sarrerak ere erostera: “haurrekin bertaratzeko ere gune atsegin eta aproposa izango da pista, gauza dibertigarriak gertatuko baitira bertan”.

Abesti mitikoak

Orain, ikuskizunerako alea jarri duten artista horien guztien eszenaratzearekin lanean ari dira, eta bide beretik osatzen ari dira emanaldiaren gidoia ere. Ane Labaka gidoilariak iragarri du “abesti mitikoak” oholtzaratuko dituztela eta, esaterako, Musua, Amona Maria Luisa eta Maite zaitut doinuak iritsiko direla ikus-entzule guztien belarrietara. Bistan da, parte hartzaileen aniztasunak eta hautatutako abestiek belaunaldien arteko hari bilakatuko dutela Pirritx, Porrotx eta Marimototsi eskainitako omenaldia.

Argazki historikoak

Hain justu pailazoen historiaren lekukotasunak biltzeko deia ere egin dute antolatzaileek, hitzorduari begira: “ia guztiok daukagu txikitako argazkiren bat beraiekin, eta 37 urteko ibilbidean zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi diegu, BEC!-en argazki horiek guztiak plazaratuz”, zehaztu du Godoyek.

Gaurtik aurrera eta festa erraldoia hurbildu bitarte, herritarrek aukera izango dute, garaiak garai eta urteak urte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin nahiz Katxiporretaren unibertsoko edozein elementurekin dituzten argazkiak nikeremaitezaitut.eus webgunera bidaltzeko

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun